Fernando Fantova. Gizarte gaietako aholkularia

«Zaintza sistema sendoa gabe eta tranpetan segitu daitekeen ustea dago»

Agiri bat atera dute gizarte zerbitzuen arloan ari diren hainbat adituk, «larrituta», Espainiako Gobernuak mendekoen zaintzak «aldatzeko» ondu duen agiria «blokeatuta» dagoelako; Fantova da egileetako bat.

GORKA RUBIO / FOKU.
arantxa iraola
2022ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
«Ahantzi al ditugu ja heriotzak eta ikusitako gabeziak? Alboratu egingo al ditugu zentro handiek arreta on bat emateko dituzten mugei buruz dauden ebidentzia zientifikoak?». Galdera horiek jasota daude gizarte zerbitzuetako hainbat adituk mendekoei zaintza emateko baliabideen inguruan plazaratu berri duten agiri batean, gordin, pandemian zahar etxeetan-eta izan diren hainbat egoera gogor gogoan hartuta. «Larrituta» idatzi dute agiria, Espainiako Gobernuak onduta daukalako plan bat egungo zaintza eredua «eraldatzeko» proposamenekin, baina «blokeatuta» ikusten dutelako horren gainean akordioa lortzeko bidea. Azkenengoz maiatzaren 26an eraman zuen plana Gizarte Eskubideen ministro Ione Belarrak autonomia erkidegoekin izan zuen bilerara, baina ez zen akordiorik lortu, kontrakotasuna agerikoa izan zelako, besteak beste Jaurlaritzako ordezkariena. «Blokeo» hori gainditu behar dela esanez hitza hartu duten adituetako bat da Fernando Fantova (1961, Bilbo), gizarte gaietako aholkularia.

Gizarte zerbitzuetan eta mendekoen artan ezagun zareten hainbat adituk sinatu duzue agiria, Espainiako Gobernuaren proposamen horren gaineko «blokeoarekin» kezkatuta. Zergatik erabaki duzue plazara irtetea?

Esan nahi izan dugu oso-oso gai serioa dela hau, eta jesarri eta akordio bat lortu arte ez dutela mugitu behar: oso gai garrantzitsua da, eta, denbora pasatzen uzten bada, arazoak izango ditugu berriro. Izan ere, argi dago: gaur egun daukagun eredua ez da aproposa, eta aldaketak behar dira. Diru gehiago sartu behar da, eta aldaketak egin behar dira.

Espainiako Gobernuak egindako proposamen horretan badira aldaketa norabide egokian egiteko gakoak, zuen iritzian?

Ez dut esan nahi zehazki plan horrek proposatutako gauza guztiekin ados nagoenik, baina akordio bat lortu behar da, eta pauso positiboak ematen ditu horretarako. Ez dut esaten dagoen moduan onartu behar denik, baina akordio batera heldu behar dute.

Egoitza txikiagoetarako urratsak proposatzen ditu Madrilen ondutako plan horrek, etxearen antz handiagoa dutenetara. Euskal Herriko zentro askoren taxuari begira ere, aldaketak beharrezkoak izango dira, ezta?

Zaharren egoitzak testuinguru batean ulertu behar dira. Osasun sistemaz ari garenean, esaterako, ez dugu hitz egiten ospitaleez, edo osasun zentroez, edo larrialdi zerbitzuez: osasun sistemaz hitz egiten dugu, sistema osoaz. Gizarte zerbitzuetan eta zaintza zerbitzuetan gauza bera egin behar dugu... Sistema osoa hartu beharda aintzat, eta hor zahar etxe batzuk beharko dira: mendekotasun handia duten pertsonentzat, edo aparteko zaintzak behar dituztenentzat. Zer gertatu da orain arte? Dirua aurrezteko bideetako bat izan da zahar etxe handiegiak egitea; handiegiak, eta anonimoegiak. Ikerketak eta inkestak egin dira, eta egoitzek izan behar dute etxe batean bezala bizitzeko erakoak. Ez oso handiak, komunitatearekin erlazionatzeko pentsatuak, pertsonen aniztasuna aintzat hartzeko ere bai... Orain arte zahar etxeak eraiki eta kudeatu dituztenek aldaketak egin behar dituzte horretarako, eta ulertzen dut, esan dezakete, eta arrazoia dute, orain arte ezarrita zeuden araudiak bete dituztela beraiek, eta aldaketa horiek egiteko laguntzak behar dituztela.

Aldaketa handiak egin behar direlako, zuen iritzian...

Aldaketa handiak egin behar dira. Ikerketa batean kalkulatu dute gure zaintza sistema moldatzeko 20-25 urtean lau bider diru gehiago gastatu behar dugula. Harrigarria izan daiteke, bai, baina orain arteko zaintza eredua guztiz aldatu behar da. Gizartea ere aldatu egin da, zentzu guztietan.

Euskal Herrian zahar etxeen ardura duten erakunde zenbaitek maiz defendatzen dute estatuko beste zenbait sistemarekin alderatuta hobeto ari direla. Hain goraipagarria al da egoera?

Egia da Gipuzkoan, eta Euskadin ere bai, egoera hobea dela beste toki batzuekin alderatuta, baina zenbait zentzutan bakarrik gertatzen da hori. Beste zenbaitetan, ez. Esaterako, hemen garestiagoa da pertsona bat zahar etxe batean izatea, berrordainketa handiagoa delako. Eta guk ere aldaketak egin behar ditugu: guk ere baditugu egoitza handiegiak, eta eredua aldatu egin behar dugu. Aldaketa batzuk hasi dira; Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik, adibidez, hainbat egoitzatan aldaketa egiten ari dira, beste eredu hori bultzatzeko. Baina gure agiria, beste ezeren gainetik, izan da esateko gai hau ezkutatua dagoela, ez diogula begiratu nahi; gizarteak nahiago izaten du beste toki batera begiratu.

Aurrez aurre begiratu behar zaio, ordea, arazoari...

Bai, jesarri, hitz egin, konpromisoak hartu, akordio batera heldu,eta lan pila bat egin. Badakigu auzi zaila dela, korapilatsua, oso korapilatsua; ez da gauza erraza, eta ez da gauza merkea. Baina gure gizarteak onartu ditu osasun arloan eta hezkuntza arloan, adibidez, konpromiso batzuk, eta zaintza zerbitzuetan gauza bera egin behar dugu, ezin dugu denbora gehiago pasatzen utzi.

Eta nola ulertu behar dira erkidegoen erresistentziak halako gai garrantzitsu batean?

Ez pentsa gai hau ondo saltzen denik politikoki! Gure gizartean jende askok zera pentsatzen du: «Suertea badut, eta ez badut eritasun handirik, eta moldatzen banaiz pertsona bat etxean zaintza lanetarako edukitzen diru gutxi pagatuta...». Pentsatzen dugu ez dugula zaintza sistema sendo bat eduki behar; tranpak egiten jarraitzeko eran gaudela. Oraindik antzinako eredu hori hor dago; etxe barruan zaintzen duten emakumeena, edo kanpotik etorritako langileekin moldatzeko era ematen duena... Zaintza sistema sendoa gabe eta tranpetan jarrai daitekeen ustea dago.

Horregatik izan dira orain arteko neurriak hain motzak?

Nolabait ere, familiatik atera da gaia, merkatuan jarri da, baina merkatuan emakumeak daude, kanpoko emakumeak batez ere; haiek ari dira zaintzen, jo eta ke. Generoaren aldagaia bera oso gutxi aldatu da hor oraindik ere. Egia esate aldera, bikoteetan, bikotekide biak zahartu direnean, gizona eritzen bada, emakumeak zaintzen du, eta emakumea gaixotzen bada ere, gizonak zaindu egiten du. Adin horietan berdintasun handiagoa dago. Hori positiboa da ba. Baina gainerako belaunaldietan eta lan munduan genero desoreka oso argia da.

Espainiako Gobernuaren proposamen baten harira atera zarete plazara. Baina, gero, Hego Euskal Herrian, zaintza sistemaren ardura arkitektura instituzional konplexu baten esku dago, eta eskuduntza osoa dute...

Alde batetik, egia da: gizarte zerbitzuetan eskuduntza osoa da. Baina Mendekotasun Legea onartu zenean ebatzi zen, nolabait ere, estatuak zeukala eskubidea neurri batzuk ezartzeko, gero estatuak dirua ematen duelako. Horregatik, teorian, estatuan onartzen bada araudi bat, gero zuk ez baduzu betetzen ez duzu jasoko finantzaketarik. Estatuak duen boterea hori da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.