Albistea entzun

Artea

Donostiako D’museoko Oteizaren lanak faltsuak direla salatu dute

Ustez, Oteizak Argentinan emandako sasoian sortutako hamasei lan biltzen ditu Donostiako Elizbarrutiko museoko erakusketak, eta Oteiza museoak dioenez, ez dira Oteizarenak.

Oteiza Argentinan izeneko erakusketan ikus daitekeen lanetako bat
Oteiza Argentinan izeneko erakusketan ikus daitekeen lanetako bat Andoni Canellada/ Foku Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2022ko ekainak 29

Jorge Oteizaren aldirik ezagunena da Amerikakoa, 1935etik 1948ra artekoa, eta, hain zuzen, sasoi hartan sortutakoak dira Donostiako Elizbarrutiko D'museoan jarritako hamasei artelanak. Hala aurkeztu zituzten behintzat, baina obra horiek ez direla Oteizarenak ondorioztatu du orain Oteiza fundazioak. Ohar bidez jakinarazi dutenez, Oteiza Argentinan izeneko erakusketako obrak ez daude artistaren lan osoa biltzen duen katalogo arrazoituan, eta Oteiza fundazioaren artxiboetan ere ez dago haiei buruzko erreferentzia dokumentalik: ez fotorik, ez eta irudirik ere. Eta horregatik ondorioa: «Aurkeztutako piezak ez dira Jorge Oteizarenak».

Ez da erakusketaren aurka azaldutako kritika bakarra. Pilar Oteizak ere salaketa aurkeztu zuen Espainiako Poliziaren Ondare Historikoaren Brigadan, erakusketa «ondarearen aurkako erasoa» izan daitekeelakoan. Bera da artistaren ondarearen oinordekoa, eta Oteiza fundazioak Donostiako piezei buruz prestatutako txosten zientifikoa atxiki du salaketarekin batera. Piezaz pieza aztertzen du erakusketa osoa txosten horrek, eta guztiak jotzen ditu faltsutzat. Fundazioak ez du argitara atera txosten hori oraingoz, eta ikusteko dago salaketak aurrera egingo balu zer gertatuko litzatekeen erakusketarekin.

EITB-k jakinarazi duenez, hain zuzen ere, Edorta Kortadi D'museoko zuzendaria gaur arratsaldean da polizia judizialaren aurrean deklaratzekoa. Elizbarrutia hedabideetara bidaltzeko ohar bat prestatzen ari dela ere esan dute.

Kortadi da Donostiako erakusketako komisarioa ere, eta, aurkezpenean azaldutakoaren arabera, hamasei eskulturetako hamalau abstrakzio geometrikoaren estiloan egindakoak dira, eta beste biak, berriz, figuratiboak. Oteizaren emazte izandako Itziar Carreñoren erretratua da haietako bat. Aurkezpenean azaldu zuenez, artistaren lanik «primitiboenak» dira, eta Argentinako bildumagile partikular baten eskuetan egon dira orain gutxi arte. Hura hil ostean, nafar bildumagile batek eskuratu zituen, eta hala heldu dira lanak Donostiara.

Obrak sinatuta daudela ere zehaztu zuen Kortadik aurkezpenean. Oteizak hainbatetan erabilitako «tz» hizkiak daramatzatela esan zuen.

Faltsutzeak eta kopiak

«Faltsutze baldarrak dira». Txomin Badiola artistak ikusi zituenetik bertatik izan zuen argi piezak faltsuak zirela. Bera da Oteizaren lanaren aditu nagusietako bat, eta baita haren obra osoa biltzen duen katalogo arrazoituaren egilea ere. Horrez gainera, bera da Oteiza fundazioak Donostiako piezei buruz egindako txostenaren egileetako bat ere, eta, dioenez, ezinezkoa da pieza horiek Oteizarenak izatea. Ezinezkoa, kronologiagatik. Ezinezkoa, estiloagatik. Ezinezkoa, are, baita sinadurengatik ere.

Badiolak dioenez, piezen estiloa ez dator bat piezei egozten zaien kronologiarekin. «Erakusketako obra gehienak abstraktuak dira, baina 1950eko hamarkadara arte Oteizak ez zuen abstrakziorik landu». Eta, dioenez, ikusgai dauden bi piezen kasuan ere, adituaren hitzetan, «argi eta garbi» ikusten da Oteizaren piezen «kopiak» direla. «Ez dago inongo zalantzarik».

Sinadurak ere faltsuak direla dio Badiolak. Azaldu duenez, jakina da Oteizak maiz baliatzen zuela «tz» hizkiekin osatutako anagrama bere lanak sinatzeko, baina, Badiolaren hitzetan, «baldarkeria hutsa» da hori ere. Dioenez, urteen joan-etorriarekin pixkanaka aldatuz joan zelako Oteizaren sinadura, eta, kasu honetan, sinadura motak ez datoz bat piezei egozten zaien kronologiarekin. «2000-2003ko sasoiko anagrama daramate erakusketako obra gehienek».

Honela borobildu du bere argudioa Badiolak: «Eskultura horiek egin dituenak ezagutzen ditu Oteizaren eskulturak. Hark darabiltzan elementuak dira benetan ezagutzen dituenak, baina ez haren lanaren logika. Lehen begi kolpean, beraz, badute Oteizaren antza, errekonozigarriak direlako haren formak, baina, forma horien funtzionamendua aztertzera sartuz gero, orduan ohartzen zara ezin direla Oteizarenak izan. Piezaz pieza ikus daiteke hori, eta baita darabiltzan elementuak banaka aztertuta ere».

Katalogo arrazoituaren bermea

Oteiza museoak bidalitako oharraren arabera, euren artxiboetan ez dago Donostian ikusgai dauden obra horien arrastorik. Eta Donostiako Elizabarrutiko D’museoan erakusketa egitekoak zirenik ere ez zekitela jakinarazi dute.

Ez da Oteizaren lanekin halako tirabira bat sortzen den lehen aldia. 2013an, esaterako, Valentziako IVAM museoan ere erakusketa bat antolatu zuen lorenart arte galeriak Oteizaren ustezko marrazki batzuekin, baina egiletzari buruzko zalantzak agertu zituzten adituek. Oteiza fundazioko patronatuko presidente zen Francisco Calvo Serraller izan zen erakusketa hari babes akademikoa azaldu ziona. Erakusketa aurkeztu eta hilabete batzuetara utzi egin zuen postua, nahiz eta kargua uztean ez zuen ezer aipatu erakusketa hari buruz.

Erakusketa haren harira argitaratutako katalogoan, Edorta Kortadi zen artikuluetako baten egilea.

Valentziako erakusketa egin zenean, artean aurkeztu eta argitaratu gabea zen Txomin Badiola artistak egindako Oteizaren lanari buruzko katalogo arrazoitua. 2016an eman zuten argitara Oteiza fundazioak, eta, hain zuzen, ikerketa lan hori da orain Oteiza museoak Donostian ikusgai dauden piezak faltsuak direla argudiatzeko darabiltzan argudio nagusietako bat.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

Utopiaren hiriarekin maitemintzea

Andoni Imaz

Urte gutxian, Friedrich Durrenmatt, Ingeborg Bachmann eta W. G. Sebald itzuli ditu Idoia Santamariak alemanetik euskarara. Hango hizkuntza ikastera joan zenean liluratu zuen Berlinek, eta pasioz arakatu du Europa erdialdeko historia garaikidea, interes berezia ipiniz literaturan eta hizkuntzaren gorabeheretan.
Marta Cardenasen <em>Argazki-filmak aulkian</em> (1964) koadroa erdian, San Telmo museoko <em>Euskal Artearen 100 urte</em> aretoan, Donostian. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Paisaia 'pribatuen' jarlekuak

Itziar Ugarte Irizar

Marta Cardenasen 'Karreteak aulki batean' lana berriki igaro da San Telmoko erakusketa iraunkorrera. Elkarrizketan dago aulkia ardatz duten alboko margolanekin.
Jagoba Astiazaran eta Iñar Sastre. ©MUSIKA HAMABOSTALDIA
Salman Rushdie idazlea, 2020ko irudi batean. ©PAUL MUSSO / EFE

Egoera kritikoan segitu arren, Salman Rushdieri arnasgailua kendu diote

Erredakzioa

Ospitalean dago oraindik ostiralean labanaz eraso egin zioten idazlea, baina azken orduetan hobera egiten hasi dela jakinarazi dute gertukoek

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...