HEZKUNTZA

Hezkuntza publikoan «behin-behinekotasuna makillatu nahi izatea» egotzi dio Steilasek Nafarroako Gobernuari

Behin-behinekotasunaren aurkako legearen onarpena erraztu izana egotzi die Geroa Bai, Ahal Dugu eta EH Bilduri.

Steilasko kideen agerraldia, gaur, Hezkuntza Departamentuaren aurrean. STEILAS
Ion Orzaiz.
2022ko ekainaren 29a
16:50
Entzun

Ekainaren 23an onartu zuen Nafarroako Parlamentuak behin-behinekotasuna murrizteko foru legea, PSNren, Geroa Bai-ren eta Ahal Dugu-ren aldeko botoekin, eta EH Bilduren abstentzioarekin. Steilas sindikatuaren arabera, baina, lege horrek ez du hezkuntza publikoan dagoen behin-behinekotasuna apalduko; kontrara, aldaketa «kosmetikoa» dela salatu du, eta, besteak beste, PAI indartzeko baliatuko duela gobernuak. «Oso kezkagarria da PAI legea gogor kritikatu zuten indar politiko horiek orain zilegitasuna ematea PSNren proposamenari», azaldu dute, Iruñeko Hezkuntza Departamentuaren aurrean eginiko agerraldian.
«Errealitatea itxuraldatzea» egotzi dio sindikatuak Hezkuntza Departamentuari, behin-behinekotasun kontzeptua bihurritu duelakoan: «Bata da behin-behinekotasun erreala, Kontuen Ganberaren arabera %54 dena; eta bestea, egiturazkoa, departamentuak erabiltzen duena, %8ra jaitsiko litzatekeena». Guztira, irakasle lanpostuen %18 soilik egonkortuko direla salatu du Steilasek eta, gainera, egonkortuko diren horietatik, PAI programari dagozkio gehienak.
«Gogora ekarri behar dugu 2012tik aurrera izandako murrizketak, eta nabarmen okertu zirela hezkuntzaren kalitatea eta lan baldintzak. Murrizketa horiek ezinezkoak ziratekeen behin-behineko ordezko kontratuen maila txikia izan balitz; eta gaur egun, tasa hori 2012an baino dezente handiagoa da», salatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.