Alardea

Alarde parekideak kaleak bete ditu, baina alkateak ez die harrerarik egin

Talde politiko guztietako ordezkariak izan dira balkoian, PP izan ezik, eta lehen aldiz udal gobernuko kide batek eman die hiriko bandera alarde parekideko kideei: Berdintasun zinegotzi Miren Etxebestek (Ahal Dugu)

Alarde parekideki kideak, abiatu aurretik. ARANTXA IRAOLA
arantxa iraola
2022ko ekainaren 30a
10:47
Entzun

Egina zuten alardearen antolaketa udalak bere gain hartzeko eskea, baina erakundearen erantzunik jaso gabe egin ditu bidearen lehen pausoak Irungo (Gipuzkoa) alarde parekideak. Isiltasuna eskatu dute aurrena, hunkiduraz, eta, ondoren, harro jarraitu dute aurrera, bertaratutako herritarren eta norbanakoen txalo eta oihu artean. Espaloiak beteta zeuden, eta txalo eta aldeko oihu artean egin dute San Juan plazarako bidea.

Usadioari jarraikiz, agintariek harrera egin ohi diete desfileari udaletxeko balkoian, baina alarde parekideko kideek ez dute han inoiz ikusi Irungo alkate Jose Antonio Santano; andreak baztertzen dituen desfileari bakarrik egiten dio oles. Aurten ere ez da balkoian izan; aldiz, PP ez beste udal talde politiko guztietako ordezkariak egon dira balkoian. Keinuek horrenbesteko garrantzia duten auzian, aintzat hartzekoa da hori. Aurten ere han izan dira Emakundeko zuzendari Izaskun Landaida, EAEko Arartekoko ordezkariak eta Espainiako Gobernuko ordezkari Denis Itxaso. Askok tamala adierazi dute alkateak han ez egotea erabaki duelako.

Miren Etxebeste Ahal Dugu-ko zinegotziak hunkituta eman dio hiriko bandera alarde parekideari. Lehen aldiz eman dio udal gobernuko kide batek bandera desfile parekideari, eta esan du udalak irmo jardun behar duela alarde parekidearen alde. Horregatik, pena adierazi du alkateak balkoian ez egotea erabaki duelako. Udalaren jarrera gaitzesteko, alarde parekideko kideak udaletxearen aurrean eseri dira tartetxo batean, protesta gisa. Gero ohiko martxan jarraitu dute, giro onean. Gazte jende asko elkartu da desfile parekidean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.