Albistea entzun

SEXU ABUSUAK

Elizaren abusuen biktimei babesa emateko legea onartu du Nafarroako Parlamentuak

Talde ia guztiek babestu araua, «aitzindaria» dela iritzita. Navarra Suma izan da kontra bozkatu duen bakarra.

Lege proposamena aurkeztu zuten maiatzean.
Lege proposamena aurkeztu zuten maiatzean. Idoia Zabaleta / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2022ko ekainak 30

Badute heldulekua. Ikastetxe erlijiosoetan sexu abusuak pairatu eta epaitegietan justizia lortu ezin dutenek —delituak preskribatuta daudelako, adibidez— aitortza eta «erreparazio morala» lortu ahalko dute Nafarroan, biktimen aitortzarako foru legea onartu baitute gaur legebiltzarrean. Nafarroako Gobernuari eusten dioten hiru taldeek aurkeztu zuten lege proposamena —PSNk, Geroa Bai-k eta Ahal Dugu-k—, baina sostengu ia erabatekoa lortu du testuak tramitazio parlamentarioan, EH Bildu eta Ezkerra ere batu baitzaizkie. Aldeko botoa eman dute denek, Navarra Sumak izan ezik. Koalizio eskuindarraren argudioa: legeak ez dituela aintzat hartzen sexu abusuen «biktima guztiak», eta soilik seinalatzen dituela «konfesio katolikokoak diren erasotzaileak», Iñaki Iriarte parlamentariaren esanetan. Parlamentuko areto nagusian ziren biktimek gogor kritikatu dituzte Iriarteren hitzak; aldiz, txalo zaparrada batekin agurtu dute legea aurrera atera izana.

Gaur onartutako arauaren xedea da «preskribatutako sexu abusu kasuei estaldura ematea» eta «oroimen kolektibora gehitzea urteetan ezkutatua izan den errealitate bat, justizia auzitegietan plantea litezkeen prozesu zigortzaile eta auzibideetan traba egin gabe». Zehazki, legeak biktima izaera aitortuko die ikastetxe erlijiosoetan abusuak pairatutakoei, egiaren batzorde batek kasu bakoitza aztertu ostean. «Aitortza eta ordaina eman nahi zaie biktimei, maila instituzional eta sozialean; eta ahanzturaren apologiagatik, errebisionismoagatik edo negazionismoagatik isilarazitako gertakarien egia azaleratu».

Kasu bakoitza «zorrotz eta banan-banan» aztertuko dute. Horretarako, Aitortzarako Batzorde bat sortuko du Nafarroako Gobernuko Justizia Departamentuak: bederatzi adituk osatutako organo kolegiatu eta independentea. Hilean behin bilduko da batzorde hori, eta kasu bakoitza aztertuko du, salaketa aurkeztu duenari biktima izaera aitortu edo ez erabakitzeko. Hilabete bateko epea izanen du zirt edo zart egiteko. Batzordearen beste egiteko bat izanen da urteroko txosten bat ontzea, eginiko lan guztien, jasotako eskaeren eta ebazpenen berri emateko. Sei urtean behin berrituko dira batzordekideak.

Navarra Suma eta eskimalak

Gaurko eztabaida parlamentarioan, Navarra Sumaren jokabidea txarretsi nahi izan dute sexu abusuen biktimek. Aurreko bilkura batean, Iriarte legebiltzarkideak alderatu egin zituen Eliza katolikoaren sexu abusu kasuak eta inuiten kulturan gertatutakoak. Konparazio horren bidez, eledun eskuindarrak adierazi nahi izan zuen abusuak «fenomeno orokorra» direla eta Eliza katolikoarenak soilik ikertzea instituzio hori «kriminalizatzea» dela. Argudio horrekin haserre azaldu dira sexu abusuen biktimak, eta, protesta gisara, eskimal mozorroak jantzi dituzte Iriartek hitza hartu duenean.

Iriartek «penaz» hartu du biktimek Navarra Sumaren jarrera «ulertu ez izana»: «Ez da erraza erabakitzea zein den bide zuzena, eta zalantza handiak izan ditugu. Jakin badakigu zer dagoen jokoan: haurrak zirela abusu lazgarriak pairatu zituzten pertsona batzuen aitortza. Baina kontrako botoa eman dugu, lege batek ezin duelako berdintasun printzipioa urratu. Lege batek ezin du biktima izaera aitortu, erasotzailearen erlijioaren arabera». Argudio horren aurrean, baina, biktimen elkarteek adierazi dute Eliza katolikoaren barruan gertatutako abusuek ezaugarri propioak dituztela, inpunitate egoera batean gertatu zirela, eta beharrezkoa dela hori berariaz arautuko duen lege bat.

PSNko Virginia Magdalenok esan du bere alderdiak ez duela «beste aldera begiratuko», eta abusuak ikusgai paratu nahi dituztela: «Eliza katolikoak urrats txikiak eta etsigarriak eman ditu Espainian, baina gizarteak egia nahi du. Talde parlamentarioek erantzun bat eman behar dugu, eta hori da, hain zuzen, lege proposamen hau». Navarra Sumari egotzi dio biktimak «ilunpean» utzi nahi izatea eta orain arteko opakutasunari eustea.

Geroa Bai taldearen izenean, Blanca Regulez parlamentariak «konpromiso osoa» adierazi die sexu abusuen biktimei: «Giza eskubideen urraketa pairatu duten biktimak dira eta, zio historiko edo sozialengatik, ez zaie onartu egia, memoria eta justizia lortzeko eskubidea. Hortaz, lege hau onartzea da biktimek merezi duten justizia eskaintzea, parlamentuak horretarako dituen eskuduntzen barruan, betiere».

EH Bilduko Arantxa Izurdiagak azpimarratu du Elizaren biktima gehienek ezin izan dutela justiziarik lortu «ohiko bideetatik», delitu gehienak preskribatuta daudelako. «Pertsona hauek bi aldiz izan dira biktimizatuta, abusatuta eta isilarazita, eta lege hau urrats garrantzitsua da egia eta aitortza lortzeko».

Mikel Builek, Ahal Dugu-ko bozeramaileak, eskerrak eman dizkie biktimei, «ahotsa goratu eta gertatutakoa salatzeagatik». «Nafarroan, zortedun gara, biktimek hitz egin dutelako, eta horri esker, biktimen aitortzarako espazio ofizial bat duen lehen erkidegoa da gurea».

Azkenik, Ezkerrako Marisa de Simonek nabarmendu du «gehiengo parlamentario oso zabal batek» babestu duela legea: «Gehiengo garrantzitsua da, Eliza katolikoan gertatutako sexu abusuen gaineko opakutasuna eta isiltasuna bukatzeko. Gehiengo horrek balioko du zauria ixten hasteko».

 

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ikasleak euskararen aurkako erasoak salatzen, atzo, Donostian. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Hezkuntza propioa eta euskalduna aldarrikatu dute kalean

Irati Urdalleta Lete

Gazte Euskaltzaleen Sareak, EHUko eta NUPeko euskara taldeek eta Ikamak deituta, manifestazioak egin dituzte Hegoaldeko lau hiriburuetan
EHUko Ekonomia ikasleak, Bilboko Sarrikoko fakultatean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Ikasleek esan dute EHU dela Sarrikok hartutako erabakiaren erantzulea

Olatz Silva Rodrigo

Ekonomiako euskarazko ikasleei esan diete Gastu Publikoa ikasgaia gazteleraz egin beharko dutela. Hizkuntza urraketatzat jo dute
Euskarazko ikasketak aldarrikatzeko afixa bat, NUPen. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Osasun Legearen erreforma aurrera atera du Txibitek, eztabaida itxi gabe

Ion Orzaiz

Aldeko 49 boto jaso ditu legeak, eta abstentzio bakarra: Ezkerrarena. SMN, LAB eta UGT sindikatuekin adostutako neurriak jasotzen ditu arauak. Auziari «azken unean» heldu izana egotzi diote gobernuari

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.