Klima larrialdia

AEBetako Gorenak CO2 isurketak mugatzea zaildu dio Washingtoni

Gobernuaren esku den Ingurumena Babesteko Agentzia isurketak mugatzeko ahalmenik gabe utzi dute epaile atzerakoiek. Erregai fosilen aldeko lobbyen garaipena da sententzia.

Bi herritar oinez, New Yorkeko zentral elektriko baten ondotik igarotzen. JUSTINE LANE, EFE
inaki petxarroman
2022ko ekainaren 30a
19:00
Entzun

Abortatzeko eskubidearen babes konstituzionala bertan behera utzi ostean, AEBetako Auzitegi Gorenak zeresan handia emango duen beste ebazpen bat eman du, kasu honetan, ingurumen alorrean. Auzitegiak ebatzi duenez, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Gobernuaren Ingurumena Babesteko Agentziak (EPA) ezin izango ditu mugatu berotegi gasen isurketak. Donald Trump AEBetako presidente ohi errepublikanoak izendatutako epaile ultraeskuindarren babesa izan du, abortuaren auzian bezala gaurkoan ere, Gorenaren ebazpenak. Sei boto batu dituzte epaile atzerakoiek, eta hiru demokratek izendatutako epaileek.

Ebazpenean ez dute baliogabetu indarrean den mugatze jakinik, baina EPAri ahalmena ukatu diote halako murrizketak ezartzeko herrialde osoan. John Roberts epaile kontserbadoreak sinatutako ebazpenak dioenez, Aire Garbiaren Legeak ez dio ematen agentziari jadanik martxan diren ikatzezko zentralen isurketak mugatzeko ahalmenik.

Mendebaldeko Virginia EPAren aurka deitu zaion auzian, hainbat estatuk eta petrolio eta ikatz konpainiak demanda bat jarri zuten EPAren aurka, ez zutelako uste agentziak mugarik jar dezakeenik euren jardueran, herritarrentzat «onartezinezko kostu» bat izango lukeelakoan.

Ildo horretan, auzi eskatzaileen ustez, AEBetako Kongresuak bakarrik luke tamaina horretako erabakiak hartzeko eskuduntza. Auzitegi Gorenak horixe bera ebatzi du: Agentziak ez, kongresuak bakarrik duela isurketak mugatzeko ahalmena. Jakinekoa da demokratek ez dutela ez kongresuaren ez senatuaren kontrolik, eta, beraz, klima aldaketari aurre egiteko gobernuaren plana asko baldintza dezake epaile atzerakoien erabakiak. Ikatzaren eta petrolioaren lobbyaren garaipen handitzat jo dute AEBetako Gorenaren sententzia.

Cherck Schumer Senatuko Demokraten eledunak aurreko astean abortatzeko eskubidearen aurka kaleratu zuen sententziarekin parekatu du Gorenaren azken sententzia hau. Prentsa ohar baten bidez, kutsadurak «heriotza ugari» eragingoduela kritikatu du. Mitch McConnell ganbera horretako errepublikanoen buruak, berriz, ospatu egin du sententzia, «boterea herritarrei» itzultzen dielakoan.

Epaile aurrerakoiek desadostasuna azaldu dute sententziarekiko, eta kritikatu dute «egungo ingurumen erronka nagusiari erantzuteko» kongresuak EPAri emandako ahalmena epaileek kentzea.

Errepublikanoek lotura historiko sendoak dituzte erregai fosilen industriarekin, petrolioarekin, gasarekin eta ikatzarekin, eta ez dute inondik inora onartzen negozio horien jarduera mugatzea. Hori izan zen Donald Trump presidente ohiaren banderetako bat. Besteak beste, Trumpek Parisko Hitzarmenetik aterarazi zituen AEBak bere agintaldian. Joe Biden presidente demokratak hartu zuen lehen neurrietako bat izan zen AEBak Parisko Hitzarmenera itzultzea. Halaber, konpromisoa hartu zuen AEBen gas isurketak %50 gutxitzeko 2030erako, betiere 2005. urtekoekin alderatuta.

Auzitegi Gorena, luzerako

Aurreko astean abortatzeko eskubide konstituzionala indargabetzeaz gain, Auzitegi Gorenak berriki baliogabetu du New Yorken armak edukitzeari mugak jartzen zizkion araudia. Auzitegi Goreneko magistratuen karguak biziartekoak dira. Hiltzen direnean, presidenteak ordezka ditzake. Trumpek hiru epaile ultraeskuindar izendatu zituen bere agintaldian, 50 eta 56 urte bitartekoak. Pentsatzekoa da urte dezenterako izan daitezkeela jardunean.

Litekeena da azken ebazpenak traba handia egitea AEBen deskarbonizazio planari. Aurreko astean, parke eolikoak martxan jartzeko milioi askotako inbertsioen plan bat aurkeztu zuen Bidenen gobernuak ekialdeko 11 estatutan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.