EHZ festibala

Abiatu da EHZ festibala Irisarrin

Lau gunetan hedatuko da programazioa. Musika talde anitzek azken lana aurkeztuko dute

Joanes Etxeberria - Ipar Euskal Herriko Hitza
2022ko uztailaren 1a
11:11
Entzun

Baziren zenbait urte, osagarri egoerak hala beharturik, Euskal Herria Zuzenean (EHZ) ez zela itzuli Irisarriko (Nafarroa Beherea) plazara hastapenetako maneran. Aurten, berriz ere harako jauzia egin du, eta berriro lehengo formulara itzuli da 26. aldian, eta, musikaz gainera, proposamen anitz ekarri ditu. Gaurtik igandera artean izanen da. Lau gune egonen dira: plaza, pentzea, DJ gunea eta Ospitalea.

Ikusi gehiago:Egitaraua

Ahantzirik COVID-19aren inguruko osagarri neurriek inposatu baldintzak, EHZ 2019ko formulara itzuli da, antolakuntzako kide Julen Oillarburuk dioenez: «Formatu horrek biziki ontsa funtzionatu zuen 2019an, eta guretako biziki inportantea da musika eta kultura denendako eskuragarri izan daitezen. Gaur egun prezioak denean emendatzen dira, kulturgintzan ere bai, eta 2019tik prezioak ez ditugu aldatu. Hori ere inportantea zen». Formula plazan oinarritzen da, eta bertako programazioa dohainik da; pentzekoa, aldiz, pagatuz.

Festibal «merke» bat da, beraz, Oillarbururen ustez. Aitzinkontu berarekin, eta sartzeen prezio berekin —hiru egunak 30 eurotan salgai izan ziren lehenik; bigarren aurresalmentan, 50 eurotan—. Programazioa, berriz, aberatsa: musika, dantza, antzerkia, zirkua. «Aurten espazio berezi bat izanen da antzerkiarentzat», azken urteetan gertatu ez den bezala. Igandean, Le Petit Theatre de Pain taldeak Le Grand Bancal antzezlana aurkeztuko du, batetik; bestetik, haurrentzat antzerki tailerrak izanen dira.

Urteko egitasmoen plaza

Hiru eguneko festibala ekitaldi puntuala izanik ere, urte osoan ezker-eskuin egiten diren lanen erakusleiho dela azpimarratu du Oillarburuk: «Hainbat proiektu lantzen dira urtean zehar, eta EHZk leku bat eskaintzen die. Guretako biziki inportantea da hori». Besteak beste, rap tailer bat egiten dute Baionako Zizpa gaztetxean, etorkinekin, Ongi Etorri Hip-Hop Mundura izeneko proiektuarekin.

EHZk Bretoiekin urteetan ukan dituen harremanak ere lekua izanen du, Oillarbururen erranetan. Aurten, Ar Redadeg Korrikaren pareko lasterketan parte hartu zuten festibaleko kideek, eta, egun hauetan, handik musika talde bat ekartzeaz gain, «hango 30 bat laguntzaile jinen dira». Apainketetan ere, Biarritzeko Plan Cousut zentroan, adimen eskastasuna dutenekin lan egin dute. «Kristoren muralak egin dituzte, eta joan den astean horien instalatzera jin ziren, muntaketa denboran», esplikatu du EHZren antolakuntzako kideak.

Musika aldetik, berrikuntzak aurkeztera jinen dira hainbat talde: Lumi, Odei, Xutik, Fuzt & Furiuz eta Merina Gris. Sorkuntza «inportantea» dela erakusteko ahalegina egin du antolakuntzak.

Ospitalea, gogoeten plaza

Irisarriko kulturgunean, Ospitalean, EHZren ezaugarri bilakatu den eztabaida xokoak ere egitarau aberatsa ekarriko du aurten. Emazteen lekua laborantzan, zapatisten gobernu autonomoa, Ukrainako gerra edo 5G teknologiaren arriskuak eztabaidaren plazara eramanen dituzte, besteak beste. Filmak ere ikusgai izanen dira gune horretan; hala nola Josu Martinezen lan laburrak (Ama, Anti eta Subandila) eta Nyama film laburra.

Gune horretan eskainiko dute Ene larru gainean zeruko urdina dantza ikuskizuna ere, egin dute lehenbiziko saioa jadanik –gaur, 19:30ean–, eta larunbatean dute bigarrena, 17:00etan. Joana Ibargarai gune hori kudeatzen duen batzordekidearentzat, azpimarratzekoa da saio hori: «Bortizkeria jasan duten emazteak ari dira ikuskizuna prestatzen muntaketa denboran, eta gaia tratatuko dute dantzaren, kantuaren, irakurketaren eta antzerkiaren bidez».

Antolatzaile gazteen segida

Festibalaren hainbat antolaketa batzordek osatzen dute; hala janaria nola komunikazioa kudeatzeko, adibidez. Azken urteetan egin ezin dituzten lanketa bereziak aurten fruituak ekarri dituela ikusi du Oillarburuk: «Gazte berriak sartu dira, eta ardurak hartu dituzte. Betikoa da, baina ohartzen gara batzordeak beteak direla, geroz eta jende gehiagok EHZn sartu nahi duela. Harrigarria da».

Aurtengo lanketa berezia, hain zuzen, Ipar Euskal Herriko zenbait lizeotan EHZ festibala aurkeztea izan da: Baionako, Hazparneko eta Donibane Garaziko hamar bat lizeotan ibili dira elkarteko kideak. «Helburua zen gazteengana joatea, esplikatzea zer den festibala eta euskal kultura, eta anitzek izena eman dute laguntzaile izateko». Irisarriko gunean muntaketa hasterako, joan den astean, ondorioa argi ikusi zuten, asteburuko lan txandak ezeztatu baitzituzten, «astebururako pentsatua zena ostiralerako egina zelako, eta materiala eskas zelako segitzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.