Suteak

Suak zerua ilundu zuenekoa

Suteek hagitz gogor jo dute Nafarroa, eta 14.500 hektarea inguru utzi dituzte kiskalita. San Martin Unx da suak inguratutako herrietako bat. Etxerik ez dute galdu, baina izua bazter uztea ez da erraza izaten ari herriko biztanleentzat. Suhiltzaileek, berriz, baliabiderik eza salatu dute.

jarraia215385.jpg
edurne elizondo
2022ko uztailaren 1a
12:21
Entzun

Erreniega hegoaldetik Valtierraraino. Duela bi asteko suteek hagitz gogor jo dute Nafarroa; batez ere, erdialdea. Datuek ematen dute hondamendiaren neurria: 14.500 hektarea inguru kiskali ditu suak; herri anitzetan —hamahiru hustu behar izan zituzten— udalerriko ia lur guztiak erre dira: milaka hektarea alor (ia 2.300), milaka hektarea mendi baso eta zuhaixka larre (7.600), milaka hektarea zuhaizti (4.500).

Datu horien atzeko errealitatea islatu zuen Garesko alkate Oihan Mendok, asteburuan, BERRIAn egindako elkarrizketan: «Kalkulatzen dugu Garesen lurraren %70 kiskalita dagoela, bai eta gure basoen %90 ere. Obanosen eta Legardan, oraindik gehiago. Amorrua sortzen du. Pena ematen du, 500 urteko basoak genituelako: haritzak, artadiak… Altxor ekologiko bat galdu dugu».

Gares ez da salbuespena suteek hartutako eremuan; San Martin Unxen ere, errautsak dira nagusi, eta udalerriko lurraren %95 erre du suak. Tafalla ondoko mahastien kolore berdea beltz bilakatzen da herri horretara hurbiltzean. Errepide bazterrean ikus daiteke suaren arrastoa; garrek aspaldi ardientzat erabiltzen zituzten borda batzuk hartu dituzte, eta, herrian bertan, etxabe bat.

«Suak etxabe hori hartu eta gero, hegazkin batek bere karga bota zuen herri gainera, eta eskerrak! Bertzela, auskalo!». Tomas Gabarirenak dira hitzak. Izua oraindik ez du bazter utzi, eta herria hustera behartu zituzteneko urduritasuna iltzatuta gelditu zaio. «Ez genekien itzultzean zer aurkituko genuen». Ekainaren 19an 06:00 aldera aterarazi zituzten herritik, eta Tafallako belodromoan eman zieten aterpe, biharamunean, 21:00 aldera, etxera itzuli ahal izan zutenera arte.

«Gaizki pasatu dugu, horrelakorik ez baitzen inoiz gertatu. Jendea oraindik nahasia dago, ez gaude ongi», kontatu du Rosalete Cristina de Oliveirak. Denda bat du San Martin Unxen, eta bezeroekin bertze mintzagarik ez du izan asteon. Zer moduz diren galdetzen diote elkarri, baina jakin badakite suteak eragindako ezinegona ez dutela bazter utzi.

Astelehenean, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiko arduradunen zain ziren San Martin Unxen. Udaleko kideekin zuten bilera. Herriko zinegotzietako bat da Damian Valencia (Navarra Suma), eta garbi erran du herritar anitzek «urte osoko lana» galdu dutela sutean.

Horren berri emateko egin zuten bilera Nafarroako Gobernuko ordezkariekin; laguntzak jaso ahal izateko tramiteak «lehenbailehen» has ditzaten galdegin du Valenciak. Espainiako Gobernuak suak kalte egindakoak «hondamendi eremu» izendatzeko konpromisoa hartu du jada, Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibitek hala eskatuta.

«Suak hartu ditu udalerriko lurren %95; garagarra jasota zegoen, baina garia ez; asegurua ez zuten nekazarientzat benetako hondamendia da gertatu dena», berretsi du Valenciak. Olibondoei eta mahastiei ere eragin die suteak, baina ez gariari bezainbertze.

Amparo Lopezen dimisioa

Herriko gazteek eta nekazariek suaren kontra egindako lana nabarmendu dute San Martin Unxeko herritarrek. Suhiltzaileak laguntzen aritu ziren, sua piztu bezain laster. Suhiltzaileek ere aitortu dute boluntarioek eta nekazariek egindako lana; nekazariek euren traktoreak baliatu zituzten, adibidez, suari bidea mozteko.

Suhiltzaileek herritarren jarrera txalotu dute; ez, ordea, Nafarroako Gobernuko Barne Departamentuko arduradunena. Alderantziz: Barne zuzendari nagusi Amparo Lopezek dimisioa eman dezala eskatu dute suhiltzaileen LABeko ordezkariek. «Egiturarik eta baliabiderik eza» salatu dute, hedabideen aurrean egindako agerraldi batean.

Baso suhiltzaileen taldeari buruzkoa da erdigunean jarri duten arazoetako bat. Nafarroako Gobernuak 150 kontratatu ditu urriaren 4ra bitarteko udako kanpainarako. Azken urteotako kopuru bera da, eta, suhiltzaileen arabera, «ez da nahikoa». Kopurua ez da arazo bakarra. LABeko ordezkariek uste dute baso suhiltzaileek «urte osoan» egin beharko luketela lan, eta talde berezi bat osatu, gainera. «Erreskate teknikorako eta ur erreskaterako taldeak dauden bezala, basoetako suteen talde espezialista behar dugu», erran du Urko Araiz suhiltzaileen zerbitzuko LABeko ordezkariak.

Arazoa egiturazkoa dela erantsi du Araizek; hau da, ez dela bakarrik udako kanpainak eragindako zerbait. LABek salatu du berdin diola alerta egoera zero mailakoa (leunena) edo laugarren mailakoa (larriena) izan —ekainaren 18ko sute nagusiak piztu zirenean, Nafarroan ez zen suaren inguruko inolako alertarik piztuta—, «beti berberak» baitira Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuak eskura dituen langileak eta baliabide materialak. «Larrialdi egoera bat aktibatu ala ez, guardiako suhiltzaileen kopurua gutxieneko zerbitzuena da», salatu du. Zenbait parketan, ondorioz, hiru suhiltzaile bertzerik ez dira egoten. «Gehiago behar ditugu».

Suhiltzaileek baliabideak eskatu dituzte, bertzeak bertze, prebentzioaren arloan eragin ahal izateko. Prebentzio lan hori behar dela nabarmendu dute LABeko ordezkariek. Nafarroako Baso Suteen inguruko plana (Infona) 1999. urtekoa dela ohartarazi du Urko Araizek, eta «funtsezkotzat» jo du plan hori egokitzea.

Klima aldaketako garaia

Planak egokitzea «are garrantzitsuagoa» da egungo klima aldaketako garaian; horixe erran dute suhiltzaileek, eta bat egin du Greenpeaceko Hego Euskal Herriko koordinatzaile Lorea Floresek ere: «Tamalez, oraingoaren gisako gero eta sute gehiago izanen dugu. Ez bakarrik suteak; uholdeek ere gogor jo dute Nafarroa azken urtean, eta hori ere bada egungo klima krisiaren ondorio», erran du.

Prebentzioak eta plangintzak duten garrantzia nabarmendu du Lorea Floresek. «Arriskuak eta arrisku eremuak identifikatu behar dira, eta horietan eragin». Hori egin ahal izateko «tresna eraginkorrak» behar direla erantsi du. «Nafarroako Klima Aldaketako eta Energia Trantsiziorako Legeak, adibidez, asmo on asko ditu, baina zehaztapen gutxi: garatzeke dauden planak jasotzen ditu. Horretarako, denbora behar da, eta horixe falta dugu, hain zuzen: denbora», azaldu du Greenpeaceko kideak.

Prebentzioaren alde egin dute Nafarroako basozainek ere. «Suhiltzaileek erraten duten bezala, neguan hasten da udako sute handiak itzaltzeko lana, eta horretarako baliabideak eta plangintza behar dira», berretsi du Ismael Garcia basozainak. Min egin die zaindu behar duten hori kiskalita ikusteak. San Martin Unxeko eta suak hartutako gainerako herrietako biztanleentzat ere gogorra izan da. Suteek errauts arteko herri bilakatu dituzte.

Ikusi gehiago:Hamaika animalia hil agertu dira errautsen artean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.