Artea

D'Museoak berretsi du Oteizaren lanak benetakoak direla

Oteiza fundazioak faltsutzat jo ditu aste honetan ‘Oteiza Argentinan’ erakusketako lanak, eta Poliziaren aurrean deklaratzen izan da D’museoko zuzendaria

'Oteiza Argentinan' erakusketa Donostiako D'Museoan. ANDONI CANELLADA/FOKU
Miren Mujika Telleria.
2022ko uztailaren 1a
16:40
Entzun

Oteiza Argentinan erakusketako obrak Oteizarenak direla baieztatu du D’Museoak, komunikabideei bidalitako ohar baten bidez. Oharrak dio Donostiako Elizbarrutiaren Museoak beharrezko izan diren egiaztapen eta azterketa guztiak egin dituela erakusketa programatu eta diseinatu aurretik, eta, beraz, ez duela zalantzarik lan horiek benetakoak direla. Are, ziurtatu du ikusgai dauden obren gaineko susmorik txikiena egongo balitz ez lituzketela inola ere lanok baimenduko.

Oteiza fundazioaren salaketaren aurrean, Donostiako museoak jakinarazi du ikusgai dauden lanak ez daudela Jorge Oteizaren eskultura lanen katalogoan inoiz argitaratu gabeak direlako. Oharraren arabera, Argentinako bildumagile partikular baten eskuetan egon dira lanok orain gutxi arte, eta hura hil ostean nafar bildumagile batek eskuratu zituela dio, eta, beraz, hala heldu direla obra horiek Donostiara. «Hori guztia behar bezala egiazta daiteke».

Oteiza fundazioak, berriz, salaketarekin batera, oraindik argitara atera gabeko txosten zientifiko bat atxiki du, Donostiako piezei buruzkoa. Txostenean, piezaz pieza aztertuta dago erakusketa osoa, eta den-denak jo dituzte faltsutzat. Txosten hori ondu dutenetako bat Txomin Badiola da, Oteizaren lanaren aditu nagusietako bat, eta, obrak ikusi zituenetik bertatik izan zuen argi piezak faltsuak zirela. Haren ustez, ezinezkoa da pieza horiek Oteizarenak izatea; kronologikoki, estiloagatik eta baita sinadurarengatik ere.

Pilar Oteizak salaketa ere aurkeztu zuen Espainiako poliziaren aurrean, erakusketak ondareari kalte egin ziezaiokeelakoan, eta herenegun izan zen deklaratzen Edorta Kortadi, D’Museoko zuzendari eta erakusketako komisarioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.