«Nekropolitikari» egotzi diote sarraskia Euskal Herriko protestetan

Melillako biktimen senideei elkartasuna helarazi diete, dozena bat tokitan egindako mobilizazioetan.

Bilboko elkarretaratzea, gaur iluntzean; dozenaka lagun bildu dira. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2022ko uztailaren 1a
21:59
Entzun

Garrasi eginez, amorrua gorpuztuz, eztarria urratuz gaitzetsi dute gaur iluntzean Melillako sarraskia Euskal Herriko kaleetan ere. Melillan bertan izandako protestarekin bat eginda, dozena bat elkarretaratze egin dituzte Hegoaldeko hiriburuetan zein hainbat herritan, Bizitza beltzek axola dute lelopean, eta jendez, mezuz, salaketez eta minez bete dituzte plazak. «Migrazio nekropolitikari» eta mugen esternalizazioari egotzi dizkiete iragan ostiraleko 37 heriotzak, elkartasuna helarazi diete biktimen senideei, eta ikerketa independente bat galdegin dute.

Bilbon, Plaza Eliptikoan egin dute bilkura, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean. 37 lore urdin jarri dituzte lurrean, hildako bakoitzeko bana, eta alboan, kartel bat: «Ez dira heriotzak izan, baizik eta erailketak». Ez da mezu bakarra izan, haserrea eta bidegabekeria adierazten zuten kartoi zati ugarik hartu baitute plaza: «Zure arrazakeria, gure hildakoak», «Sanchez: noiztik da hiltzea eraginkortasunez jardutea?», «Errolda eta sabaia eskubideak dira», «Espainia errudun, Europa arduradun», «Justiziarik gabe ez dago bakerik»... Mobilizazioaren hasieran, oihu ozen eta hunkigarri batek hautsi du isiltasuna: «Inor ez da ilegala!». Eta ordutik aurrera, dozenaka lelo aldarrikatu dituzte, negarretan hausteraino.

Ondoren, sei emakume arrazializatuk hartu dute hitza, komunikatua hizkuntza banatan irakurtzeko: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, arabiera eta amazigera. Salatu dute azken asteetan Marokoko Poliziak sarekada gehiago egin dituela, Melillan hildakoak autopsia egin gabe lurperatu dituztela, eta Nadorren ospitaleratuak artatzeko baliabide nahikorik ez dela. Hartara, hildakoak identifikatzea galdegin dute, zaurituei osasun arreta egokia ematea, eta Melillako hesia gainditu eta hirira iritsi ziren 133 lagunak ez itzularaztea. Atzerritar legea indargabetzeko ere eskatu dute, eta Maroko eta Espainia arteko mugan giza eskubideak bermatzeko «monitorizazio tresnak» jartzeko. Idatzia Espainiako Gobernuko hainbat karguduni igorriko diete, besteak beste, Pedro Sanchez presidenteari eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroari.

Azkenik, «odolez» zikindutako eskuak erakutsi dituzte lau andrek, eta soinean jantzita erakutsi dituzte sarraskiaren arduradunak: supremazia zuria, Espainiako Estatua, Marokoko Estatua eta Europa gotorlekua. «Heriotza politiken aurrean, guk memoria dugu», esan du, bitartean, gizon batek. Tarajalen eta Mexikon hildakoak ere izan ditu gogoan: «Tristea da pertsona baten jaioterriak ezartzea bere balioa eta eskubideak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.