«Herrien borondate demokratikoa» errespetatzeko eskatu dute Pirinioetan

Milaka herritarrek parte hartu dute Euskal Herriaren eta Kataluniaren burujabetzaren aldeko mobilizazioan. Gure Esku-k eta Kataluniako eragileek elkarlanean segitzeko asmoa azaldu dute

Jon O. Urain - Irati Urdalleta Lete
2022ko uztailaren 2a
22:36
Entzun

Nazioarteko komunitateari «eta haren instituzioei, bereziki Europako eremuan», mezu bat bidali diete milaka euskal herritarrek eta katalanek: «Gure herrientzat errespetua eskatzen dugu; gure hizkuntzarentzat eta kulturarentzat begirunea exijitzen dugu; gure herritar guztien eskubide zibil eta politikoak errespetatzeko eskatzen dugu. Gure herrien borondate demokratikoa errespetatzea exijitzen dugu». Bideoa: ekimenaren zuzeneko saioa (Gure Esku).


Mezua Pirinioetatik nazioarteratu dute, Higer lurmuturretik Creusera, Bizkaiko golkotik Mediterraneora. Gure Esku-k, ANC Biltzar Nazional Katalanak eta FEEC Kataluniako Txangozale Erakundeen Federazioak deituta eta Omnium Cultural eta Artistes de la Republica elkarteen laguntzaz, milaka herritarrek mendikate horretako 300 tontor baino gehiago argiztatu dituzte, 430 kilometrotik gorako argi lerroa, burujabetzaren aldeko aldarrikapena zabaltzeko. Euskal herritarrei dagokienez, 154 mendi argiztatu dituzte ilunabarrean, Euskal Herrikoak eta Erdialdeko Pirinioetakoak.

Oro har eguraldia aldeko edukita, 91 gailur gorri eta 63 berde piztu dituzte herritarrek —horrela sailkatu dituzte tontorrak: gailur gorriak, zailtasun tekniko eta fisiko handiagokoak, eta berdeak, errazenak eta irisgarrienak—; Orhi, Otsogorrigaña, Urdanatzburu, Arriel, Mendaur, Gorramakil... Herrietatik dozenakako taldeetan joanda kasu askotan, eta bezperatik joanda gailur garaienetara joatekoak zirenen kasuan.

Euskal herritarren bilgune nagusia Jaizkibel (Gipuzkoa) izan da; arratsaldetik aurrera, bertan elkartu dira Gure Esku-ko ordezkariak, baina baita eragile politiko, sindikal eta sozial batzuk ere. Guadalupen jarri zuten lehen hitzordua, eta musika eta jai giroa eduki dute bertan. Handik Jaizkibelgo Behatokira joan dira gero. Katalunian, berriz, buruzagi politiko batzuek ere hartu dute parte; esaterako, Junts Per Catalunyako idazkari nagusi Jordi Turullek eta ERCko idazkari nagusi Marta Vilaltak. Haatik, ekitaldi politiko nagusia Guils de Cerdenyan egin dute, Katalunian. Han hartu dute hitza Amalur Alvarez Gure Esku-ko bozeramaileak, Dolors Feliu ANCko presidenteak eta Didac Amat Omnium Culturaleko Zuzendaritza Batzordeko kideak.

Auzi demokratikoa

Alvarezen hitzetan, egun «berezia, hunkigarria eta magiaz betea» izan da, «aldarrikapenen, naturaren, mendiaren, gauaren eta argiaren konbinazioak izugarrizko indarra» sortu duelako: «Euskaldunak eta katalanak jendearen ahalmena erakusten ari gara. Pirinioetako gailurretan dagoen argi bakoitza gure herrien burujabetza eta askatasunaren bidea argiztatzen duen izar bat da».


Bi herrialdeetako eragileen arteko elkarlana goraipatu du Alvarezek, eta, «aurrera begira, egitasmo bateratu berrien aldeko apustua» egin zuten; Euskal Herriaren eta Kataluniaren artean, baina baita «aske eta burujabe izateko borrokan ari diren Europako eta munduko herrien artean ere».


Autodeterminazio eskubidea gauzatzea «demokrazia kontu bat» dela nabarmendu du: «Herri batek bere etorkizunaren jabe izan nahi duenean, gehiengo sozial batek bere estatus politikoa erabaki nahi duenean, estatu independente bat sortu nahi duenean, aukera onena, demokratikoena eta herritarren eskubideak ondoen babesten dituena autodeterminazio eskubidea gauzatzea da». Are gehiago, esan du erabakitzeko eskubidea «XXI. mendeko demokraziaren giltza» dela: «Autodeterminazioaren kausa XXI. mendeko borroka demokratizatzaile handia da, jendea entzuten duena, jendeari erabakitzeko boterea ematen diona, berdintasunean». Mezua Pirinioez harago ere zabaldu du: «Herri baten etorkizuna erabakitzea demokrazia eta askatasuna gauzatzea da. Eskozian, Euskal Herrian, Katalunian, Irlandan eta munduko beste edozein herrialdetan.

Kataluniako ekitaldia. / Vilaweb

Bestalde, Feliuk nabarmendu du Pirinioetako Bidea «erronka handia» izan dela, «Europan inoiz ikusi den izaera politikoko ekintza artistiko handiena» izan delako: «Oroimenean iraungo duen ekintza bat izango da; errelato poetiko eta politiko bat, argitasun ekitaldi bat bilakatuko dena orain inguratzen gaituen iluntasunaren erdian». Horrez gain, atzoko egitasmoa «oihu isil bat» ere bada: «Nazioarteko komunitateari eginiko deia, bakearen eta herrien autodeterminazioaren kausa justuaren alde. Indarkeriaz inposatutako mugen aurkako protesta bat».


Bi herrialdeen arteko harremanaz jardun du Amatek ere: gogora ekarri du Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Lluis Companys Kataluniako Generalitateko presidenteak elkarrekin zeharkatu zutela gaur argiztatutako mendilerroa, altxamendu faxistatik ihesi, eta Burgosko prozesuan eta Kataluniako 2017ko urriaren 1eko erreferendumean sortutako «elkartasun sareak» goraipatu ditu. Horri erantsi zion urteotan, «errepresioak Omnium Culturaleko presidentea espetxean zuenean, euskal gizarte zibilak eta Gure Esku buruan, beso zabalik» hartu izan dituztela.

Edonola ere, «aliantzen eta borroka partekatuen iraganari» erreparatzeaz gain, Amatek adierazi du «etorkizunaren borondateak» batzen dituela bi herrialdeak: «Herrien Europa eraikitze aldera elkarrekin lan egiten jarraitzeko borondateak, Espainiako Estatuak ez dezan eduki herritarren autodeterminazio eskubidea errespetatu beste aukerarik».

Pirinioetatik urrun, Madrilgo Guadarrama mendizerrako Guarramillas tontorrean ere bildu ziren madrildar solidario taldea bat. Kataluniako estelada, Espainiako Bigarren Errepublikako bandera, euskal presoen aldeko banderola eta ikurrina eskutan, bi dozena lagun elkartu ziren elkartasunez. Madrid con Euskal Herria zioten pankarta batean (Madril, Euskal Herriarekin).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.