Lan merkatua

Atzeraldiaren hotsek oraindik ez dute eten langabeziaren apaltzea

2.423 langabe gutxiago daude Lanbiden eta Nafar Lansaren. Enplegua handitu egin da, baina aurreko urteko ekain gehienetan baino gutxiago. Mugagabeak dira kontratuen %27.

jarraia215481.jpg
Iker Aranburu.
2022ko uztailaren 4a
09:16
Entzun

Gero eta ozenago entzuten ari dira atzeraldiaren danborrak astintzen dituzten hotsak, nahiz eta iragarle gehienek hazkunde datu positiboei eutsi. Azken horiei arrazoi ematen diete, oraingoz, lan merkatuari buruzko estatistikek.

Izan ere, maiatzean bezainbeste izan ez bada ere, ekainean ere emaitza positiboak eman ditu Hego Euskal Herriko lan merkatuak: behera egin du langabeziak, gora egin du langileen kopuruak, eta kontratu mugagabeak izan dira sinatutakoen laurdena baino pixka bat gehiago.

Aurki guztiak badu bere ifrentzua, eta Hegoaldeko lan merkatuarena ezaguna da: emakumeen langabezia tasa gizonena baino lau puntu handiagoa da —%12,7 emakumeek, eta %8,4 gizonek—, prekaritate handia dago oraindik ere, eta langabezia sariak ez du langabeen erdia hartzen.

2020an baino 42.000 langabe gutxiago

SEPE Espainiako enplegu erakundearen datuen arabera, ekainean 142.991 langabe zeuden Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan, maiatzean baino 2.423 gutxiago. 2019ko ekainera arte egin behar da atzera hori baino kopuru txikiagoa aurkitzeko. Duela bi ekain, konfinamenduak amaitzen ari zirela, 42.000 langabe gehiago zeuden.

Lurralde guztietan gutxitu dira langabeak: 834 gutxiago Gipuzkoan, 804 gutxiago Bizkaian, 713 gutxiago Nafarroan, eta 72 gutxiago Araban.

Uda hasiera izanda ohikoa denez, zerbitzuetan gutxitu da gehien langabezia (-1.851), baina datu onak izan dituzte eraikuntzak (-141) eta industriak batez ere (-488). Industria izan da urte hasieran euskal ekonomiaren motorra, hornidura arazoak desagertu ez diren arren.

Langabe kopuruak gora egin du, berriz, lehen sektorean (+43) eta aurretik enplegurik ez zutenen artean (+15).
Enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientearekin dauden langileak ez dira asko: ekainaren 30ean 1.176 langile zeuden egoera horretan. Oso urrun daude itxialdian izandako 250.000etatik, baina baita duela urtebete eskas zeuden 22.000etatik.

Laugarren aldiz, marka

Langabeziak behera egin du, eta gora egin du, berriz, lanean daudenen kopuruak. Hori diote, behintzat, Gizarte Segurantzaren afiliazio datuek. Horien arabera, batez beste maiatzean baino 1.077 lagun gehiagok kotizatu dute ekainean. 1.288.318 lagun daude Gizarte Segurantzan kotizatzen, duela urtebete baino 29.000 gehiago.

Igoera ez da oso handia, kontuan hartuta ekaina hilabete ona izan ohi dela afiliazioarentzat —iaz lau mila gehiago batu ziren—, baina, nolanahi ere, marka berri bat jarri du, laugarrena jarraian. Baliteke hurrengo hilabeteetan marka berririk ez egitea, ekonomiaren bilakaeraren ondorioengatik ez ezik, uztaila eta batez ere abuztua oso hilabete kaskarrak izaten direlako afiliazioarentzat, hezkuntzan batez ere milaka lanpostu galtzen direlako udako oporren hasierarekin batera.

Finkoak, baina ez hainbeste

Ekainean 111.148 kontratu egin dira, eta horietatik 30.221 izan dira mugagabeak, hau da, sinatutakoen %27,1. Azken lan erreforma indarrean jarri eta aldi baterako kontratazioari muga bat jarri zionetik, asko ugaritu dira kontratu mugagabeak, haren aurretik %7-8 izaten baitziren. Edonola ere, kontratu horietako asko aldizkako finkoak dira, eta ez dute urte osoko jardunaldia bermatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.