Erresuma Batua

Zazpi protestari atxilotu zituzten igandean Silverstoneko zirkuitura sartzeagatik

1 Formulako lasterketa jokatzen ari zirela egin zuten protesta Just Stop Oil taldeko kideek. Errepide erdian eseri ziren bost lagun, eta atera egin behar izan zituzten. Denera, zazpi ekintzaile atxilotu zituzten.

Hainbat ekintzailek Siverstoneko zirkuituan egindako protesta. JUST STOP OIL.
Hodei Iruretagoiena.
2022ko uztailaren 4a
17:10
Entzun

Britainia Handiko 1 Formulako sari nagusia martxan zela, bost lagun sartu ziren atzo Silverstoneko zirkuitura, Birminghamen, Southamptonen, Essexen eta beste hainbat hiritan egin asmo dituzten petrolio findegien aurka protestatzeko. Guanyu Zhou gidariak istripu bat izan zuen, eta lasterketa etenda zegoen unea aprobetxatu zuten Just Stop Oil taldeko ekintzaileek pistara salto egin eta errepide erdian jartzeko. Berehala atera eta atxilotu zituzten denak.

Erregai fosilen erabileraren aurkako mugimendu ekologista bat da Just Stop Oil; zehazki, Erresuma Batuan dozena bat petrolio findegi eraikitzeko proiektuaren aurka ari dira. Aldarri horri eusteko, aurrerantzean ere kirol eta kultur ekitaldien aurka egiten jarraituko dutela ohartarazi dute ekintzaren ondoren.

Hiru egunez, 400.000 lagun bildu ditu Silverstoneko 1 Formulako sari nagusiak. Poliziak bazuen susmoa zirkuitua hartzeko planak egiten ari zirela, eta ekitaldiaren arduradunek eskatu zuten halako «arriskurik» ez hartzeko. «Oso arriskutsua da pistan sartzea autoak martxan dauden bitartean», adierazi zuten, eta prest agertu ziren ekintzaileekin «protesta baketsu bat» egiteko modua adosteko. Just Stop Oil taldeko kideek, ordea, aurrera egin zuten protestarekin, eta zirkuituaren erdira sartzea lortu zuten azkenean. Ez zen inor zauritu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.