KLIMA LARRIALDIA

Italia iparraldean larrialdia ezarri dute, lehortea dela eta

Azken 70 urteotako idorterik gogorrena pairatzen ari dira Po ibaiaren ibarrean. Gobernuak aukera dauka etxeetan eta enpresetan ur kontsumoa mugatzeko.

Laborari bat bere lurrei begira, atzo, Milan (Italia) inguruan. ANDREA FASANI / EFE
Igor Susaeta.
2022ko uztailaren 5a
14:08
Entzun

Azken 70 urteotako lehorterik gogorrena pairatzen ari dira Italia iparraldean, Po ibaiak bustitzen dituen eskualdeetan, eta, horregatik, Erromak larrialdia ezarri du horietako bostetan: Emilia-Romagnan, Friuli-Venezia-Julian, Lombardian, Piamonten eta Veneton. Mario Draghi lehen ministroa buru duen kabineteak atzo iluntzean sinatu zuen dekretua, eta, horri esker, ez du tramite burokratikorik egin beharko berehalako neurriak hartzeko; esaterako, etxeetan eta enpresetan ur kontsumoa mugatzea. Abenduaren 31ra arte egongo da indarrean neurria, eta gobernuak, gainera, 36,5 milioi euroko funts bat onartu du lehorteari aurre egin ahal izateko.

Po ibaiaren inguruan daude eskualde horiek, eta Italiako nekazaritza produkzioaren heren bat, gutxi gorabehera, horietan ekoizten dute. Herrialdearen ipar-mendebaldean, Alpeetan du sorburua Pok, 650 bat kilometro luze da, eta Adriatikoan itsasoratzen. Ibaiaren ibilgu asko lehortu egin dira, eta, laborariek nabarmendu dutenez, emaria hain eskasa izanik itsasoko ura bera barnerantz iragazten ari da, eta uztak hondatzen.

Coldiretti da Italiako nekazaritza sindikaturik handiena, eta ohartarazi du lehortearen ondorioz Poren ibarreko uzten erdiak arriskuan daudela. Italiako ur gordailu nagusia da Po, eta nekazariek baliatzen dute arroz sailak, soro landuak eta artzaintza eremuak ureztatzeko.

Oso lehorrak izan ziren negua eta udaberria Italian, eta udaren hasiera ohi baino beroago. Horren ondorioz, Maggiore eta Garda lakuetako—ez daude Milandik oso urrun— ur maila ohi baino txikiagoa da. Horren guztiaren ondorioz. Milanen apaingarri gisa erabilitako iturriak itxi dituzte, eta Veronan ur edangarria mugatzen ari dira.

Gutxienez zazpi pertsona hil ziren herenegun Dolomitetan (Italia) glaziar bat jausi zenean, eta Draghik adierazi zuen «zalantzarik gabe» klima larrialdiarekin lotuta zegoela gertatutakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.