DSBE-a

2008ko legearekin DSBEa 291 euro handiagoa litzatekeela salatu dute

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak «propaganda egitea» egotzi dio Jaurlaritzari, eta gogoratu du onuradunek erosahalmena galduko dutela hurrengo urtean

Karta sozialeko kideek eginiko elkarretaratzea. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko uztailaren 5a
16:09
Entzun

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak diru sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) egitasmo berria bertan behera uzteko eskatu dio Jaurlaritzari, eta haren harira egin asmo dituen murrizketekin ez jarraitzeko. Izan ere, Gutunaren ustez, Jaurlaritza ez da ari betetzen 2008ko legea, eta, horren ondorioz, onuradunak ordain txikiagoa jasotzen ari dira. Kalkulu horren arabera, DSBEa jasotzeko eskubidea izan eta pentsioduna ez den pertsona batek 727 jasotzen ditu hilabetean; aldiz, 2008ko legea aplikatuko balitzaio, 1.028 eurokoa litzateke ordainketa.

Gutuna osatzen duten zenbait erakundetako ordezkariek Eusko Jaurlaritzak Bilboko Kale Nagusian duen egoitzaren aurrean plazaratu dute kexa. Kritikatu dutenez, Jaurlaritza «garaipen sozial» moduan saltzen ari da DSBEaren bilakaera, baina haiek ez datoz bat, 2008ko legea ez betetzea «murrizketa» delako. «Propaganda» egitea egotzi diote: «Sistema honekin, onuradunen %33 baino ez dira irteten pobreziatik; beraz, ez ditu asetzen eskatzen duten gehienen premiak».

Baina zeintzuk dira benetako datuak? Pentsioduna ez den DSBEaren onuradun batek 737,44 euro jasoko ditu hilero 2023an, aurten jaso duen baino %1,4 gehiago, eta, ondorioz, ez du konpentsatuko pertsona horrek inflazioaren eraginez galdu duen erosahalmena. Gutunaren eskaera nagusia, dena den, 2008ko legea aplikatzea da; izan ere, haren arabera, onuradunak 291 euro gehiago jasoko lituzke. Era berean, uste dute eztabaida sakonagoa behar dela jendea duin bizi dadin lortzeko, eta DSBEaren auzia esparru horren barruan sartu beharko litzakeela. Haien ustez, egungo sistemak pobrezia «kronifikatu» baino ez du egiten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.