Arrantza

Antxoa «sobran», baina berdela nahiago

Azterketen arabera, osasuntsu dago antxoa, baina ontzidien arteko lehia handiagatik berdela lehenesten ari dira Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleak

Aztiko ikertzaile bat, antxoaren biomasa neurtzeko kanpainan. AZTI
jokin sagarzazu
2022ko uztailaren 7a
15:36
Entzun

Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleentzat «ona» izan da aurtengo antxoa harrapaketa kanpaina. Iazkoa, pandemiak baldintzatuta ere, aurreikusi baino hobea izan zen, eta antzera aritu dira aurten. Gutxiago arrantzatu dute (6.528 tona guztira, -%19,5), baina iaz baino garestiago saldu dute (batez beste 1,58 eurotan kiloa, +%1,9). Tamaina handiagokoa izan da aurtengo antxoa, garestiagoa, eta euskal kostaldetik gertuago harrapatu dute: Gipuzkoako eta Bizkaiko portuetan egindako deskargak hamar puntu igo dira urte batetik bestera (arrantzatutakoaren %43).

Datu horiekin, pentsa daiteke litekeena dela errentagarritasuna handiagoa izatea, baina, ohi bezala, zuhur mintzatu dira sektoreko arduradunak. Bidaia motzagoak eginda gasolio gutxiago kontsumitu dute, baina erregaien prezioen igoerak asko baldintza ditzake urte amaierako emaitzak, eta baliteke horrek orain arteko irakurketa baikorra desitxuratzea. Emeterio Urresti Gipuzkoako kofradietako ordezkariak azaldu duenez, iazkoa halako bi ordaintzen ari dira gasolio litroa (80 zentimotik gora), baina gaineratu du oraindik «goizegi» dela horren eraginak neurtzeko, eta interpretazio zehatzagoa egingo dutela hasi berri den hegaluzearen kanpaina amaitzean.

Historikoki antxoarena izan da, hegaluzearenarekin batera, Gipuzkoako eta Bizkaiko baxurako ontzien kanpaina nagusietako bat. Baina pisua galtzen ari dira bata eta bestea; antxoaren kasuan, berdelaren mesedetan. Lonjetan berdela antxoa baino garestiago saltzen ari dira euskal arrantzaleak (1,45 euroan kiloa), eta horren aldeko apustua egiten ari dira (8.000 berdel tona inguru arrantzatu dituzte aurten).

Hainbat faktore daude atzean. Eta horietako bat ez da antxoaren falta. Badago, eta asko gainera: azken 25 urteetan ez da hainbeste egon Bizkaiko itsasoan. Hala berresten dute azterketa zientifikoek. Hiru erakundek neurketa bana egiten dute urtean, eta horietako baten emaitzak eman dituzte ostegun honetan: Aztiren Bioman kanpainarena. Datua argigarria da: kalkulatu dute Bizkaiko itsasoan 230.000 tonako stocka dagoela, espeziearen iraunkortasuna bermatzen duen gutxienekoaren (21.000 tona) oso gainetik, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Arrantzako sailburuordeak gogorarazi duenez.

Rogelio Pozo Aztiko zuzendari nagusiaren arabera, gaur egungo biomasak espeziearen iraunkortasuna bermatzen du, eta jarduera ekonomikoa ere bai. Arazorik ez harrapatzen jarraitzeko. Egun, iraganeko kontua da arazo horrengatik euskal arrantzaleek antxoaren kanpaina eten behar izan zutenekoa: 2005etik 2009ra gertatu zen. Aurreko urteetan antxoa ia desagertu arte aritu ziren arrantzan Kantauri itsasoko ontzidiak.

«Autogestioaren» alde

Neurketa zientifikoak funtsezkoak dira, biomasa kontuan hartuta zehazten baititu Europako Batzordeak arrantza gune eta espezie bakoitzeko arrantza kuotak, estatuka. Antxoari dagokionez, euskal arrantzaleak aritzen diren eremurako 31.000 tonakoa ezarri zuen aurten, Galiziako, Asturiasko eta Kantabriakoekin partekatzeko. Jaurlaritzak uste du oso antzekoa izango dela datorren urteko kuota.

Gipuzkoako eta Bizkaiko kofradientzat egokia da kopuru hori, Iberiar penintsulako iparraldeko ontzidia guztientzat nahikoa dela uste baitute. Antxoa «sobran» badago eta kuotarekin ados badaude, zein da arazoa? Zergatik ari dira berdela lehenesten antxoaren kaltetan? Kofradien aspaldiko aldarrikapen bat dago atzean: kuoten banaketa. «Antxoa debaluatzen ari dira kuoten kudeaketa desegoki batengatik», azpimarratu du Miren Garmendiak, Gipuzkoako kofradietako idazkariak.

Garmendiak gogora ekarri duenez, Espainiako Gobernuak antxoaren kuota ez du lurraldeka banatzen, beste espezie batzuekin egiten duen bezala —berdelarekin, adibidez—. «Lurraldeka eta barkuka banatu beharko lirateke kuota guztiak. Horrela, kanpaina hobeto kudeatu ahalko genuke: erregaien eta salmenta prezioen arabera noiz irten-eta erabaki ahalko genuke. Errentagarriagoa izango litzateke gure jarduera, eta ez genuke arriskuan jarriko espeziearen iraunkortasuna».

«Autogestio» hitza aipatu du Garmendiak. Hegaluzearekin «arazo bera» dute Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleek. Egun, bi espezie horien arrantzan «lehia handia» dagoela azpimarratu du Garmendiak, eta egungo kuoten sistemak sektorearen gutxiengo bati (%30i, haren iritzian) baino ez diola mesede egiten, Kantabriako eta Galiziako kontserba fabriketarako lan egiten duten armadore handiei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.