'Balentziaga auzia'

Mariano Kamiori ezarritako espetxe zigorra hamar hilabetera jaitsi dute

Lau urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zion Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak 2019an, Balentziaga museoan izandako irregulartasunen harira, eta helegitea aurkeztu zuen; epaileak partzialki onartu du helegite hori, eta zigorra murriztu dio.

Mariano Kamio Getariako alkate ohia Donostiako auzitegiko atarian, 2019ko apirilean, epaiketaren lehen egunean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2022ko uztailaren 7a
18:49
Entzun

Ibilbide luzea izan du Getariako Balentziaga museoan (Gipuzkoa) izandako irregulartasunen auziak. Fiskaltzak 2007an abiatu zuen ikerketa, eta hamabi urte geroago, 2019an, lau urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zion Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak Mariano Kamiori, Getariako alkate (EAJ), Balentziaga Fundazioko lehendakariorde eta Berroeta Aldamar elkarte publikoko kudeatzaile izandakoari. Epaileak erruduntzat jo zuen kudeaketa desleiala egiteaz eta merkataritza agiriak faltsutzeaz, eta bi urte eta erdiko eta bi urteko kartzela zigorrak ezarri zizkion horiengatik, hurrenez hurren —biak modu jarraituan egiteagatik—. Absolbitu egin zuen, ordea, diru publikoa bidegabe erabiltzeaz. Kartzela zigorra ez ezik, isun ekonomikoa ere ezarri zioten: Berroeta Aldamar elkarteari 426.093 euro eta Balentziaga Fundazioari beste 43.687 euro ordaintzera ere zigortu zuten orduan. Akusatuen artean ziren Rolando Paciel eta Julian Arguilagos arkitektoak ere; Paciel absolbitu egin zuten, eta Argilagos, berriz, ez zen epaiketara joan.

Epai hura «astakeria» gisa definitu zuen orduan Kamiok, eta helegitea jarriko ziola iragarri zuen. Bada, helegite hori da orain Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak partzialki onartu duena. Ebatzi duenez, kudeaketa desleialaren delituagatik ezarritako bi urte eta erdiko zigorra hamar hilabetekoa izango da azkenean. Auzia bidegabe luzatu zela eta, aringarria aplikatu zioten, eta atzerapen hori are larriagotzat jo izana da zigorra murrizteko arrazoi nagusietako bat, ebazpenaren arabera. Merkataritza agiriak faltsutzearen delituari dagokionean, berriz, errugabe jo dute Kamio orain, eta, beraz, bertan behera utzi dute horri lotuta jaso zuen bi urteko espetxe zigorra.

Duela hiru urteko epaiak ezarri zion isun ekonomikoa ere murriztu egin du oraingo ebazpenak: Berroeta Aldamar elkarteari 221.659 euro ordaindu beharko dizkio kalte ordain gisa, eta Balentziaga fundazioari, beste 20.075 euro.

Espainiako Auzitegi Gorenean ezohiko helegite bat aurkezteko aukera lukete oraindik akusazioek, oso baldintza zehatzetan, baina halakorik ezean, ebazpen honekin amaituko litzateke auzibidea.

Auzibide luzea

1999an sortu zuten Balentziaga fundazioa, Cristobal Balentziaga jostunaren jaioterrian museo bat eraikitzeko helburuarekin; sei milioi euroko inbertsio aurreikuspena zuen —30 milioi izan ziren azkenean—. Kamiok urte hartan bertan kontratatu zuen Argilagos. 2005ean, Berroeta Aldamar elkartea sortu zuten, fundazioari emandako diru publikoa kontrolatzeko. Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Getariako Udala sartu ziren elkartean, eta Kamio izendatu zuten kudeatzaile. Berroeta Aldamarrek bere gain hartu zituen fundazioak ordura arte hitzartutako kontratu eta esleipenak, baita obren kudeaketa ere. Aralar alderdiko Getariako zinegotziek irregulartasunak salatu zituzten 2003rako, baina auzia ez zen 2007ra arte lehertu. Orduan hasitako auzibidearen ondorio izan zen 2019ko apirilean egindako epaiketa, eta, ondoren, ekainean, plazaratutako epaia.

Fiskaltzak eta akusazio partikularrak zortzi urteko espetxe-zigor eskaera eta 2.234.448 euroko kalte ordaina galdegin zituzten orduan Kamiorentzat. Argilagosen kontra —museoaren proiektua diseinatu zuen arkitektoa— lau urteko kartzela zigorra eta 2.077.189 euroko kalte ordaina eskatu zituzten, kudeaketa desleiala eta arlo profesionalean bidegabe sartzea leporatuta. Argilagos 2005ean Miamira (AEB) bizitzera joan zenean, Paciel kontratatu zuten proiektua gauzatzeko; hari ere arlo profesionalean bidegabe sartzea leporatu zioten akusazioek, eta 3.600 euroko isuna ordaintzeko eskatu; epaileak, ordea, absolbitu egin zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.