Azkarra eta polita izan da bigarren entzierroa

Hiru minutu eta hamar segundo iraun ditu Fuente Ymbro ganadutegiko zezenen entzierroak. Sei pertsona eraman dituzte ospitalera, kolpeak hartuta.

Atzean geratu den zezena, Estafeta kaleko lehen metroetan. VILLAR LOPEZ, EFE
jon ordonez garmendia
2022ko uztailaren 8a
08:22
Entzun

Azkarra izan da gaur Fuente Ymbro ganadutegiko zezenen entzierroa, sanferminetako bigarrena. Atzean geratu den zezen batek luzatu du zezen plazan, baina kosta egin zaiolako ukuiluetan sartzea; azkenean, hasi eta 3:10era bota dute entzierro amaierako etxafuegoa. Ostirala izaki, atzo baino jende gehiago nabaritu da Alde Zaharreko kaleetan, eta asko erori dira. Azkar, oso azkar atera baita zezen saldoa Santo Domingoko ukuiluetatik. Gero, ordea, sakabanatu egin dira zezenak, eta Estafetan korrikaldi politak egiteko aukerak izan dituzte. Beltzak izan dira, gainera, gaurko sei buruak, eta, idiengandik erabat bereizita, irudi oso politak ikusi dira.

Santo Domingo aldapa animaliak bat egin da egin dute gora. Atzo baino aurrerago kokatu dira zezenak, eta ozta-ozta eutsi ahal izan diote lekuari korrikalariek zezenen aurrean; modu bortitzean erori dira asko. Zezen batek ezkerrera begiratu du, baina keinua besterik ez da izan. Udaletxe plazara idien aurrean iritsi dira bost zezen. Batasun hori, baina, Mercadares eta Estafeta arteko bihurgunean hautsi da. Gaur ere irrist egin dute animaliek, eta azken zezena biratu egin da, gainera, erorikoan. Zorionez, altxatu eta, buelta erdia emanda, aurrerantz jarraitu du. Korrikaldia berriro hasi duenean arrisku handiko egoerak izan dira, zenbait korrikalari lurrean baitzeuden, baina zezenak ez die jaramonik egin.

Estafeta kalea bakarrik zeharkatu du zezen horrek. Aurretik, zezen saldoa zatitu egin da. Bi zezen joan dira aurretik, beste bi atzetik, eta bosgarrena, atzerago. Korrikalariek zezenen artean sartu ahal izan dute, adarren aurrean korrika eginez. Gaur ere eskuinerantz egin dute zezenek, eta zezen plazarako jaitsieran horietako bik itxituraren kontra pilatuta zeuden korrikalarien kontra egin dute talka. Ez dute inor adarkatzeko imintziorik egin, ordea, eta, traba gaindituta, zezen plazara sartu dira.

Zezen plazako biribilgunean batera sartu dira lehen bost zezenak. Ondoren sartu da seigarrena. Entzierro azkarra izan da, baina seigarren zezen horri kosta egin zaio ukuiluetara sartzea. Zezen plazan zegoen batek, gainera, atzetik ukitu du. Azkenean, baina, lortu dute ukuiluetara eramatea azken zezen hori ere. Hiru minutu eta hamar segundo iraun ditu entzierroak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.