Arte eszenikoak

Antzerkia, kalea hartzear

Lekeitioko Kaleka jaialdian hamalau ikuskizun egingo dituzte, igandera arte.

Lekittoko Deabruak taldeak 10. urtemuga ospatuko du. KALEKA
mikel lizarralde
2022ko uztailaren 8a
16:27
Entzun

Hiru egun eta hamalau ikuskizun; denak kalean, ohi bezala. Azken bi urteetako gorabeheren ondoren —2020an ez zen egin, pandemiaren eraginez, eta iaz, berriz, bai, baina osasun neurriak hartuta—, bere ohiko itxura hartuta itzuliko da, asteburuan, Lekeitioko Kaleka kale antzerki jaialdia (Bizkaia). Gaur hasi eta igandera arte, Euskal Herriko nahiz Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Espainiako konpainiek euren azken obrak erakutsiko dituzte Lekeition. Jaialdiaren 32. ekitaldia izango da aurtengoa.

Azkeneko urteetan bezala, Kalekako ikuskizunak hiru ataletan banatu dituzte. Sail nagusia, ikuskizun gehien bilduko dituena, Kaleka Ofiziala izango da, eta formatu ezberdinak lantzen dituzten konpainia eta kolektiboen lanak batuko ditu. Horien artean izango dira Troula Animacionen El extraño caso del dentista de la calle Brasov, Markeliñeren Psike, Ambae Companyren We All Live In A Box, El Gran Dimitriren The Legend, Kaputen Inkululeko eta El Mono Habitadoren Benditas. Kaleka Ofizialean izango da, era berean, Lekittoko Deabruak taldea ere. Kalekan jaio zen taldea orain dela hamar urte —Mingorri ikuskizuna erakutsi zuen orduan—, eta orduz geroztik prestatu dituzten obra guztien zatiekin osatutako ikuskizuna taularatuko dute, bihar, 23:30ean hasita.

Kaleka Ofizialaz aparte, beste bi atalek osatuko dute jaialdia. Kalekaz Blai sailean, esperimentazioa eta ikusleen parte hartzea uztartzen dituzten obrak eman ohi dituzte, eta, aurten, Madrilgo Bambolea konpainiaren Circus Feria izango da horretan. Circus Feria-k herriz herri jendea entretenitzen aritzen ziren zirku azoka zaharrak omendu nahi ditu.

Azkenik, Kaleka Scratch sailean, garapenean edo sorrera prozesuan dauden bi lanen laginak erakutsiko dituzte. Batetik, Ido Loca euskal konpainiak Agustinne ikuskizuna aurkeztuko du, bihar, 20:00etan, plazan; eta, bestetik, La Suricata Circus konpainia kataluniarrak Suricata Hoops lanaren zati bat erakutsiko du, igandean, ordu eta leku berean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.