Brasilgo Amazoniaren deforestazioa iaz baino %10 handiagoa izan da aurten

Aurtengo lehen seihilekoan 3.987 kilometro karratu oihan desegin dituzte, iaz baino hamarren bat gehiago. INPE Ikerketa Espazialen Institutu Nazionalak ematen ditu datuak 2016tik.

Haur bat Brasilgo Amazoniako Marmelo ibaian, artxiboko irudian. FERNANDO BIZERRA JR.
Hodei Iruretagoiena.
2022ko uztailaren 8a
16:57
Entzun

1.120 kilometro karratu galdu ditu ekainean. Urteko lehen sei hilabeteak kontuan hartuz gero, iaz baino %10 handiagoa izan da deforestazioa: 3.987 kilometro karratu oihan suntsitu dituzte urtarriletik ekainera. 483 futbol estadioren adinako azalera litzateke hori. 2016tik jasotako daturik okerrenak dira lehen seihilekoari dagokionez —urte hartan hasi zen datuak ematen INPE Ikerketa Espazialen Institutu Nazionala—.

Satelite bidezko irudietan oinarrituta, unean uneko egoeraren berri jasotzen dute INPEn. Prodes izeneko proiektuaren bitartez egiten dute urtez urteko neurketa, eta sateliteekin gai dira 6,25 hektarea baino gehiagoko eremuen deforestazioa atzemateko.

Urtez urte datuak okertzen ari dira, eta Brasilgo Gobernuaren kontrol faltari egotzi diote joera zenbait elkarte ekologistek. Jair Bolsonaro presidenteak, berriz, lehengaien esplotazioa lehenetsi beharra argudiatu du, baita indigenen erreserbetan ere, gune horietan legez debekatuta egon arren. Brasilgo meatze esplotazioen gehiengo handia Amazonian dago, eta herrialdean komertzializatzen den egurra, ia osoki, legez kanpo ateratzen da handik.

EBren erantzukizuna

Beste hainbat produkturen laborantzak ere eragiten du deforestazio hori. Behi haragia, zura, palma olioa, soja, kafea eta kakaoa aipatu izan ditu Europako Batasunak, produktu horien inportazioari buruz eztabaidatzean. Naturarentzako Mundu Funtsak (WWF) 2017an egindako ikerketa baten arabera, munduko deforestazioaren %16 dagokie Europako Batasunak inportatutako gaiei.

Amazoniari Buruzko Zientzialari Taldearen iazko ikerketa batek ondorioztatu zuen egungo deforestazio erritmoari eutsiz gero egoera atzera-bueltarik gabeko puntu batera helduko dela 2050. urtearen aurretik. Gaur egungo joerari eutsi gero, landarediaren %70 galduko luke urte horretarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.