Bi adarkada izan dira hirugarren entzierroan

Jose Escolar ganadutegiko zezenek korrikaldi azkarra egin dute, eta 2:30eko denboran egin dute zezen plazako ukuiluetara arteko bidea. Zazpi zauritu izan dira; horietako bi, adarkadaz. Entzierroaren ondorengo bigantxetan beste adarkatu bat izan da.

Korrikalari batzuk, Jose Escolarren zezenetako baten aurrean. J.P. URDIROZ, EFE
jon ordonez garmendia
2022ko uztailaren 9a
08:38
Entzun

2022ko lehen adarkadak utzi ditu Jose Escolar ganadutegiko zezenen entzierroak. Entzierro azkarra espero zen, eta aurtengo azkarrena izan da hirugarren hori. Bi minutu eta hamar segundo inguruan sartu dira sei zezenetatik bost zezen plazara, eta hamar segundo geroago geratu du kronometroa azkenekoak ukuiluetara sartzean. Orain arteko jendetsuena ere izan da. Ondorioz, korrikalarientzat zaila izan da zezenen aurrean korrika egitea, eta asko erori dira. Arrisku egoera argiak izan dira, Mercaderes kalean batez ere, Estafeta kalearen hasieran eta zezen plazarako jaitsieran.

Bi adarkada egon dira entzierroan, eta guztira zazpi izan dira zaurituak. Adarkatuetako bat Mercadereseko osasun postuan artatu dute, baina Estafetan izan da adarkada, lehen metroetan. Izterrean adarkatu du zezenak. Beste adarkatua Espoz y Mina kaleko postuan artatu dute, eta horrek ere hankan du zauria. Beste adarkada bat izan da gaur, baina entzierroaren ondorengo bigantxetan izan da: genitaletan adarkatu dute parte hartzen ari zen bat. Entzierroko beste bost zaurituak kolpeak hartuta eraman dituzte ospitalera.

Korrikaldi polit eta luzeak Estafetan

Azkar atera dira Santo Domingoko ukuiluetatik, eta, erritmoari ezin eutsiz, hainbat lagun erori dira. Idiak izan dira aurretik, eta zezen bakar bat joan da taldearen buru horiekin. Pixkanaka, baina, zezen saldoak aurrera egin du. Udaletxera arte garbia izan da entzierroa, baina Mercaderesen hainbat korrikalari erori dira batera eskuineko aldean, zezenen abiaduraren ondorioz. Gauza bera gertatu da metro batzuk aurrerago Estafeta kalearen hasieran. Bi kale horien arteko bihurgunean gaur ez da animaliarik erori, aurreko bi egunetan gertatu bezala, eta azkar atera dira Estafetan. Ezker paretan, batzuk erori egin dira, eta, ezin ateraz, harrapatuta geratu dira korrikalari batzuk. Ostiko bat ere jo du zezenetako batek, korrikalari bat albotik urruntzeko.

Estafetan kalean polita izan da entzierroa. Sakabanatu egin da zezen saldoa, eta korrikaldi politak ikusi ahal izan dira. Bost zezen jarri dira aurretik, eta gero horiek ere banatu egin dira. Lehia biziak izan dira korrikalarien artean aurrean jartzeko. Lortu dutenek eta erritmoari eutsi diotenek saria izan dute, eta hainbat metrotan izan dira zezenen aurrean korrika. Idien aurretik zihoazenez, zezen plazarako jaitsieran eskuinerantz egin dute zezenek, eta arrisku handiko egoera bat izan da. Zezenetako batek nahi gabe eraman du korrikalari bat adarren artean. Jose Escolarrekoek, baina, aurrera egin dute. Zezen plazara bost zezen sartu dira idiekin batera, eta geroago egin du seigarrenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.