Koronabirusa

Laugarren dosia 60 urtetik gorakoei eta pertsona zaurgarriei «berehala» jartzen hasteko aholkatu dute

Koronabirusaren goraldia ikusita, EMAk eta ECDCk herrialdeei eskatu diete has daitezela kolektibo horiei dosi gehigarria ematen. Atea ireki diote neguan oroitzapeneko beste dosi bat jartzeko aukerari ere.

COVID-19aren aurkako txertaketa Casillan, iaz. OSKAR MATXIN EDESA /FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko uztailaren 11
13:03
Entzun

Azken asteotan, nabarmen egin dute gora koronabirus kasuek Europan, eta ospitaleetan eta ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan gero eta paziente gehiago dago COVID-19ak jota. Egoera hori aintzat hartuta, koronabirusaren aurkako txertoaren laugarren dosia «berehala» jartzen hasteko aholkua eman berri dute ECDC Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroak eta EMA Sendagaien Europako Agentziak. Aholkatu dute 60 eta 79 urte bitartekoei eta gaixotasun larriak garatzeko arriskua duten edozein adinetako pertsona zaurgarriei jartzeko oroitzapeneko dosia. Azken dosia hartu denetik gutxienez lau hilabetera jartzea gomendatu dute, eta, dosi gehigarria jaso dutenen kasuan, sei hilabetera.

EMAk eta ECDCk uste dute gaur egun baimenduta dauden txertoak «oso eraginkorrak» direla oraindik ere ospitaleratzeak, gaixotasun larriak eta COVID-19ak eragindako heriotzak murrizteko. Stella Kyriakides Elikagaien Osasun eta Segurtasuneko Europako komisarioak adierazi du COVID-19aren aurkako txertoek funtzionatzen dutela eta gaixotasun larrien eta ospitaleratzeen aurkako «babes handia» eskaintzen dutela. Azken asteotan kasuek eta ospitaleratzeek gora egin dutela kontuan hartuta, Kyriakidesek herrialde guztiei eskatu die «ahalik eta azkarren» has daitezela oroitzapeneko dosia jartzen. «Ez dago denborarik galtzeko», adierazi du.

EMAk eta ECDCk oraingoz ez dute beharrezkotzat jo 60 urtetik beherakoei eta osasun langileei dosi gehigarri bat ematea, larri gaixotzeko arrisku handia ez badute behintzat. Hala ere, Europako Batasuneko osasun publikoko agintariei eskatu diete udazkenerako edota negurako errefortzu gehigarriak planifikatzen hasteko kolektibo zaurgarrienentzat; aholkatu dute COVID-19aren aurkako txertoak gripearen txertoekin batera emateko.

Bestalde, bi erakundeek jakinarazi dute lanean ari direla irailean omikronen aldaeretara egokitutako txertoak onartzeko. Emer Cooke EMAko zuzendariak adierazi du oraintxe bi txerto egokitu aztertzen ari direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.