Podemosi buruz Poliziaren informazio faltsu batzuk zabaldu zituzten hainbat hedabidek, gezurra zirela jakinda

Antonio Ferreras La Sextako zuzendariaren eta Jose Manuel Villarejo Espainiako Poliziako komisario ohiaren arteko elkarrizketa bat ezagutarazi du Crónica Libre hedabideak. Elkarrizketan agerian geratzen da Pablo Iglesias Podemoseko buruari buruz Poliziaren informazio bat zabaldu zutela, faltsua zela jakin arren.

Madrilgo Prentsa Elkarteak kazetari onenaren saria eman zion Ferrerasi 2017an. JAVIER LIZóN / EFE
Hodei Iruretagoiena.
2022ko uztailaren 11
13:04
Entzun

«Nik esan nion 'Eduardo, ni aurrera noa horrekin, baina oso delikatua da, baldarregia'». Antonio Ferreras La Sextako zuzendariaren eta Juan Manuel Villarejo Espainiako Poliziako komisario ohiaren arteko elkarrizketa bat da, 2017koa. Eduardo Inda Okdiario-ko zuzendariari eta hark publikatutako albiste bati buruz ari dira. 2016ko maiatzean, Indaren hedabideak zabaldu zuen Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak 272.000 dolar ordaindu zizkiola Pablo Iglesias Podemoseko buruari 2014an, San Vicente eta Granadinetako paradisu fiskalean zuen kontu faltsu batean. Poliziak sortutako gezurra zela jakin arren, La Sextak eta beste hainbat hedabidek albistea zabaltzen jarraitu zuten. Ustez kontua zeraman Euro Pacific Bankek hurrengo egunean bertan gezurtatu zuen albistea.

«Baldarregia da, ez dakit [...]», esan zion Ferrerasek Villarejori, Indarekin izandako elkarrizketaz ari zela, agerian utziz sinesgaitza iruditzen zitzaion informazio bat publikatu zuela. Hala entzun liteke asteburuan Crónica Libre hedabideak zabaldutako grabazioetan: «Hauek bolibartarrak dira, han egon dira. Noski, baina ez dira inoiz ezkutatu. Orain, nik ez dut uste Pablo Iglesiasek kontu bat irekiko zuenik Granadinetan bere izenean, bi abizenekin, Madurok, Podemos sortu duten egunean, berrehun mila euro bidaltzeko hara, joder, hori baino azkarragoak dira».

Egunotan Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen aritu dira Villarejo komisario ohia eta beste hogeita hamar auzipetu, espioitza egotzita. Denera, 30 auzibide dauzka zabalik komisario ohiak, PPren legez kanpoko finantzaketarekin eta Espainiako errege ohi Juan Carlos Borboikoaren negozioekin loturikoak, besteak beste. Iglesiasen kontu faltsuari buruzkoak ez ezik, grabazio gehiago ere publikatu dira azken egunetan. Joan den astean, esaterako, El País egunkariak ere atera zituen 2017ko elkarrizketa batzuk. Villarejo eta orduko Defentsa ministro Maria Dolores de Cospedal ustez Podemoseko kideek, Kubako zerbitzu sekretuek eta ETAko kideek Venezuelan egindako bilera bat aipatzen zuen beste txosten faltsu baten inguruan aritu ziren.

Erreakzio ugari, baita nazioartetik ere

Gaiari buruz galdetzean, Iglesiasek adierazi du Ferrerasek ez lukeela kazetari lanetan segitu behar: «Lagun boteretsuak ditu, eta haren esku daude oraindik kazetari eta tertuliakide profesional asko, baita buruzagi politiko asko ere». Gaur egun Eskubide Sozialen eta 2030erako Agendaren ministro den Ione Belarrak ere kritikatu du Ferrerasen jokabidea: «Funtsezkoa izan da Podemos desprestigiatzeko, eta kalte erreparaezina egin dio demokraziari. Ez dugu inoiz jakingo nork goberna zezakeen 2016an». Iglesiasen kontu faltsuaren albistea, hain zuzen, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak baino hilabete lehenago atera zuen Okdiario-k.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUren eledunak ere ildo beretik jo du, eta galdera idatzi bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean EITBren «isiltasunari» buruz: «Informazioa faltsua zen, argi eta garbi, eta hauteskunde-kanpainaren testuinguruan zabaldu zen».

Podemoseko agintariek ez ezik, beste hainbat politikarik ere hitz egin dute gaiaren inguruan. Laura Borras Kataluniako Parlamentuko presidenteak adierazi du «ezein independentistak ezin dezakeela ignorantziarik alegatu Espainiako Estaturen jarrerei buruz». Besteak beste, Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak, Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteak, Alberto Fernandez Argentinako presidenteak eta Gabriel Boric Txilekoak gaitzetsi dute Espainiako polizien eta informazioa zabaldu zuten hedabideen jokabidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.