Kantagintza

Anari: «Erreka transmititu behar da, eta ez putzua»

Bere musikari ibilbidean hitzari gero eta zentralitate handiagoa ematen diola kontatu du Anarik euskal kantagintzari buruzko Kanterri jardunaldietan, Oiartzunen. Auzitan jarri du, ordea, letra onak ezaugarri poetikoekin lotzea: «Nik ere urte askotan pentsatu dut poemak ziruditen abestiak abesti onak zirela; orain ez dut halakorik pentsatzen».

Anari Kanterri ikastaroan hizlari, gaur goizean, Oiartzunen. ANDONI CANELLADA / FOKU
itziar ugarte irizar
2022ko uztailaren 11
17:57
Entzun

«Noiztik eta nondik nator?». Ardatz horiek argi utzi ondotik hasi da kantaria hitzaldiko galdera hirukoitza aletzen: Zer, zergatik eta zertarako (kantatu)?. Anari: «Azkoitian [Gipuzkoa] sortu nintzen, munduko leku euskaldun eta tradizionalenetako batean. Baina orduan, eta gaur egun arte, Azkoitian garrantzi gehien duten gauzak gazteleraz pasatzen dira, eta ez zara inor El Diario Vasco-n agertzen ez bazara. Esan nahi dut: ez dira bat Azkoitia bezalako leku batean sortu eta euskaraz sortzea. Hortik nator». 1990eko hamarkadan agertu zen «musikaren mundura» Anari Alberdi, eta ordutik hona bizi izandakoak oinarri hartuta aritu da euskal kantagintzaren bueltako Kanterri ikastaroan, Oiartzunen (Gipuzkoa), Fermin Etxegoienen ondotik eta Itxaro Bordaren aurretik —Oiartzungo Udalak, bertako Kantagiltza elkarteak eta Ahotseneak antolatu dute, euskarazko kantagintza aztertu eta sustatzeko xedez—.

Lehen agerpena bakarka egin eta gutxira, Esan Ozenki diskoetxearekin bat egin zuen Anarik —1997an atera zuen Anari estudioko lehen diskoa— ; eszena hartan, baina, «friki» moduan oroitu du bere burua: «Bap!, Dut, Negu Gorriak... eszena gogorreko eta proklama politiko handiko garaia da, eta ni ez naiz hor kabitzen». Hortik ere badatorrela azaldu du, eta, egun, hiru hamarkada igarota, katebegi izatearen sentipena duela: «Gero eta gehiago sentitzen dut plaza beste batzuena dela eta hala izan behar duela; guk ez dugu hainbeste parte hartu behar, are gutxiago gauza txarrak esaten».

Transmisioaren ideiari helduta, beste ezer baino gehiago, gorpuzten den zerbait dela defendatu du: «Norbera da transmisioa, egiten duenarekin». Gaineratu du, halaber, bere ustez transmisio osasuntsu batek onartu egin behar duela «ia gehiena» galdu egingo dela. «Garai denetan euskaraz sortuko duen jendea egotea da inportantea, eta ez duela 40 urteko kantuak euskaraz kantatuko duenik izatea». Euskaraz sortzeko grina modurik «despolitizatuenean» bizitzearen alde egin du, bada. «Erreka joango da betetzen edo ez, garaian garaiko euriaren arabera, baina erreka transmititu behar da, eta ez putzua».

Transmisioaren inguruko irakurketa etsikorretatik ere aldendu egin da, eta mesfidati agertu da zenbait azterketa 12-14 urteko gaztetxoen artean egitegatik, adin tarte hori «gazteen adin erreferentziala» ez delakoan. «Gaztetxeetan ez dagoela inor? Tira, baina talde pila bat daude jende mordo bat mugitzen dutenak, eta Instragramen edo beste leku batzuetan sekulako feedback-a dago». Jori ikusten du erreka: «Uste dut badoala».

Euskal kulturak zerbait behar badu, bere buruarengan sinestea behar du, Anariren ustez: «Garrantzitsua da kanpora ateratzea, ederra da, baina euskal kulturaren indarrak inplosiboa izan behar du, ez esplosiboa; sakona eta ez zabala, ez dena neurtzen bakarrik zenbakitan».

«Nola zen ezer ez nekienean?»

Bera kantuak egiten imitazioz eta bulkadaz hasi zela kontatu du musikariak. «Hasten zara imitatzen, aldatzen duzu akorde bat, ohartzen zara hori ja beste zerbait dela, eta hor duzu zure lehen kantua». Bidean aurrera egin ahala, ordea, «kontzienteegi» bilakatzen da sortzailea, Anariren esanetan —«beti dago hor: nola zen ezer ez nekienean?»—, eta uste du jasotakoaren eta norberak jartzen duenaren arteko jokoa indartzen dela orduan: «Badaude musikari oso birtuosoak, baina agian ez dutenak hainbeste ematen berenetik, eta niretzat hor dago artista baten garapena». Eta hor gakotzat jo du hizkuntzaren aldagaia, nor bere hitzetatik aritzea.

Kantua hitzaren, melodiaren eta interpretazioaren arteko nahasketa baita Anarirentzat —interpretazioa, hots, kantaera eta produkzioa—. «Abesten hasi nintzenean, nire entzulea gehiago zetorren musikatik, eta orain gehiago dator hitzetatik». Bere garapena ere halakoxea izan dela azaldu du, eta egun, batik bat, hitzetan jartzen duela indar gehiena. «Biak dira garrantzitsuak, baina orain gehiago delegatzen dut produkzioa». Abesti bati eskatzen diona, baina, bien arteko lotura albait finena izatea dela esan du, eta irudipena du Zure aurrekari penalak diskoko (2015) Luizia abestian lortu duela hori orain arteko ondoena. «Hitzaren progresioa akordeen progresioari lotuta dago».

Hitzarekiko loturaz ari, Hautsi da anphora (1980) beretzat izan zen «leherketa» oroitu du kantariak —Ruper Ordorikak Bernardo Atxagaren Etiopia-ko (1978) olerkiak musikatu zituen bertan—. «Gu hortik gatoz», itzuli da jatorriarekiko gogoetara, baina ohartarazi du, halaber, tradizio horrek albo kalterik ere eragin duela: «Uste dut Euskal Herrian gehiegi lotu dela letra on bat poetizazioaren kontzeptuarekin. Nik ere urte askotan pentsatu dut poemak ziruditen abestiak abesti onak zirela; orain ez dut halakorik pentsatzen». Eta adibide bat: «'Etorri azkar, zain nago', hori bakarrik izan daiteke kristoren letra».

Poema liburuetan abestietarako izpiak topatu ordez, bestelako lekuetan bilatu ditu horiek azken diskoetarako. Prentsan, kasurako. Hala idatzi zuen Piromania, mendiari su ematea maite zuen Galiziako emakume baten istorioaren berri El Mundo-ko artikulu batean irakurri ostean.

«Ataka batean nago oraintxe»

Lerro zuzen bat eta sigi-saga bat hari itsatsita doana, lerrotik askorik urrundu gabe. Halaxe irudikatzen du jarraitu beharreko bidea musikariak. «Derrigor mugitu behar duzu, leku berean egoteko bada ere». Oraintxe, baina, bere burua «ataka» batean sumatzen duela aitortu du —«nire abestiek ez dute esaten nik orain esatea nahiko nukeena»—, eta horri lotu dio Nacho Vegasen Vinu, canteres y amor kantuaren bertsioa egin izana pandemian, izaera sozial agerikoa duen lana. «Nire bizitzan egon diren gauza latzenak heriotzak izan dira, gaixotasunak eta gorabehera emozionalak. Hortik abestu dut, eta pertsonalaren berrirakurketa egin den urte hauetan, horiei beste zerbait ikusi zaie». Orain, ordea, pertsonala ez dena ere politikoa dela oroitu nahian ari da. «Denak oporretara goaz entzunda agian oporretatik bueltan ez dela berogailurik egongo. Garaiak eramaten zaitu beste modu batera idaztera; ni behintzat horren bila ari naiz».

Euskaraz sortutako abesti bati eskatzen dion gutxienekoa «zuzentasuna» dela ere aipatu du bukatu aurretik kantariak. «Akats ortografikoz, sintaktikoz eta bestelakoz betetako kantagintza jaso dugu, eta desafinatutako instrumentuekin grabatzea bezala da hori, inork bere buruari baimenduko ez liokeena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.