Suteak

Kontrolpean dituzte Araban piztutako bi sute handiak

Suhiltzaileek mendean hartu dituzte Gasteizko Mendoza kontzejuaren lursail batean eta Garaion piztutako suteak. Gutxienez, 140 hektarea kiskali dira.

Suteek atzo kiskalitako lur sailak. ARABAKO FORU SUHILTZAILEAK
2022ko uztailaren 12a
10:07
Entzun

Atzo arratsaldean tamaina handiko bi sute piztu ziren Araban, bata Gasteizko Mendoza kontzejuaren inguruko lursail batean, eta bestea Garaion, baina dagoeneko kontrolpean daude biak. Mendozakoa erabat itzalita dago, eta Garaiokoa, berriz, guztiz amatatzeko lanean ari dira oraindik suhiltzaileak. Kiskalitako lursailei eta eragindako kalteei buruzko informazio xeheagoa ematekoa da gaur Arabako Foru Aldundia; hala ere, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, gutxienez 140 hektarea kiskali dira.

Mendozako sutea uzta biltzeko makina batek eragin zuen, suhiltzaileek atzo esan zutenez. 16:00 aldera piztu zen. Berehala zabaldu zen Iruña Oka aldera, haizeak bultzatuta. Horrek sorturiko kea Gasteiztik ikusi zen oso nabarmen.

Badaia mendilerroaren magalean zabaltzea galarazteko lanean aritu ziren suhiltzaileak, eta A-3302 errepidea itxi zuten. Suhiltzaileek adierazi zuten sua kontrolpean zutela 18:00etarako.

Herrialdeko beste sua Garaion piztu zen, Mendixur herrian, Uribarri-Ganboa urtegitik gertu. Arabako Foru Aldundiak esan zuen Mendozakoa baino are handiagoa zela Garaioko sutea. Aguraingo suhiltzaileak joan ziren sua amatatzera, eta laguntza eskatu zieten Oñatikoei (Gipuzkoa).

Trebiñun beste bat

Igandean beste sute bat piztu zen Taraveron (Trebiñu), eta suhiltzaileek itzali behar izan zuten. Antza denez, zereal lursail batean, uzta biltzeko makina bat lanean ari zela sortutako txinpartak eragin zuen. Sutea hiru bat ordutan kontrolatzea lortu zuten suhiltzaileek, boluntario batzuen eta bi helikopteroren laguntzarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.