Atxiloketak

Espetxeratu egin dute Curia kaleko istiluengatik atxilotuetako bat

Gaur deklaratu duten beste laurak aske utzi ditu epaileak, baina astero joan beharko dute auzitegira. Denera, zortzi lagun atxilotu zituzten, San Fermin eguneko prozesioan «udalbatzari eraso egitea» egotzita.

San Fermin eguneko istiluak, Curia kalean. IDOIA ZABALETA / FOKU
inaut matauko rada
2022ko uztailaren 12a
13:51
Entzun

Nafarroako Auzitegi Gorenak jakinarazi duenez, espetxera eraman dute Iruñeko Curia kalean San Fermin eguneko prozesioan izandako istiluengatik atxilotuetako bat. Udaltzain bati ukabilkada bat ematea egozten diotena da espetxeratua. Desordena publikoak eragitea, autoritatearen aurkako atentatua, gorroto delitua eta lesioak egozten dizkiote.

Denera zortzi lagun zeuden atxilotuta istilu horiengatik, «udalbatzari eraso egitea» egotzita. Haietako hiru aske utzi zituzten atzo, eta gainerako bostek arratsaldean deklaratu dute Mari Paz Benito epailearen aurrean. Espetxeratu dutena ez beste laurak aske utzi ditu epaileak, baina beren burua auzitegian aurkeztu beharko dute astero.

Maia alkateak igandeko lehen atxilotuari buruzko datuak eman ditu. Iruñerriko gizon bat da, 40 urtekoa, eta, alkateak jakinarazi duenez, autoritatearen aurkako atentatua, lesio batzuk eta zenbait desordena publiko egitea egotzi diote. Atxilotu horrek hautsi zion sudurra ukabilkada batez udaltzain bati, Maiaren arabera.

Atxilotuei egozten diete autoritatearen agenteen aurkako atentatua eta desordena publikoak eragitea, Iruñeko Udalak ohar baten bidez adierazi duenaren arabera. Udalak adierazi du igande arratsaldean eta astelehen goizean atxilotutako hiru Iruñekoak direla, eta beste bat Tarragonakoa (Herrialde Katalanak).

Maiak esan du sudurra hautsi dioten udaltzainak udalbatzako zinegotziak babestu zituela, «bereziki Navarra Sumakoak eta PSNkoak». Erasoa «talde antolatu batek» egin zuela ere esan du, nahiz eta oraindik ez den egin kasuaren inguruko epaiketarik.

Iruñeko Udalak akusazio partikular gisa parte hartuko du epaiketan. Atxiloketak ez dira agindu judizial baten bidez egin; hau da, Iruñeko Udaltzaingoak eta Espainiako Poliziak egin ditu.

Sanferminen «zikintzea»

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak ere eman du San Fermin eguneko prozesioan jazotakoaren inguruko iritzia. SER irratian izan zen Nafarroako presidentea, eta adierazi zuen uztailaren 7an Curia kalean izandako gertakariek «sanferminak zikindu» zituztela, eta jazotakoa «kondenatu» behar dela. Aurkari politikoen kontra ere egin zuen: «Curia kalean jazotakoa ukatu, kondenatu eta deitoratu ez duen alderdi hori, eta eragozten saiatu ez zena; ez zait ondo iruditzen».

Bestalde, Maia alkateak dio uztailaren 7ko erasoak «talde antolatu» batek egin zituela, nahiz eta oraindik ez den egin gertakarien inguruko epaiketarik. «San Fermin egunean talde antolatu batek indarkeria handiz eraso egin zien zinegotziei eta Curiako ordezkariei. Denek ikusi ahal izan dituzue hain irudi ezohikoak, gorrotoz eta faxismoz beteak», esan zuen Maiak joan den igandean, ezohiko prentsaurreko batean. Iruñeko Udaltzaingoaren «azkartasuna» goratu zuen, eta 72 ordu baino gutxiagoan egin zutela azpimarratu.

Tentsio handiko eguna

Jendetza batu zen joan den ostegunean Iruñeko Curia kalean, San Fermin eguneko prozesioa ikusteko. Iruñeko udaltzainez gain, Hego Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko beste udalerri batzuetako agenteak etorri ziren errefortzu gisa, hala nola Gasteizkoak, San Sebastian de los Reyesekoak, Zaragozakoak eta Badajozekoak.

Urtero legez, udalbatzako zinegotziak atera ziren prozesioan, eta tentsioak gora egin zuen Curia kaletik igarotzean. «UPN kanpora» gisako oihuak entzun ziren, eta hainbat aldarrikapen zituzten kartelak atera zituen jendeak, Elizaren eta alderdi politiko eskuindarren aurka, besteak beste.

Maiak herenegun esan zuen osteguneko irudiak «ezohikoak» direla, baina urtero egiten du gora tentsioak udaleko politikariek prozesioan parte hartzen dutenean. Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen bat zabaldu zuen, eta esan ezker abertzaleak «kutsu faxista» duen eraso bat egin zuela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.