Lan gatazkak

Mercedesek lan ituna adostu du batzordearen gehiengoarekin

ELA, LAB eta ESK ez daude ados proposamenarekin, eta grebara deitu dute biharko. Langileek hilaren 18an bozkatuko dute ituna.

Gaueko seigarren txandaz gain, soldatak KPIaren arabera igotzea eskatzen dute langileek. MARISOL RAMIREZ/FOKU
aitor biain
2022ko uztailaren 12a
20:07
Entzun

Gasteizko Mercedes-Benzen lan hitzarmena adostu dute zuzendaritzak eta sindikatuek atzo. Langile batzordearen gehiengoak, hau da, UGTk, CCOOk, Ekintzak eta PIMek egindako proposamena onartu du enpresak, Alemaniatik oniritzia jaso ondoren. Edonola ere, gatazka ez da oraindik amaitu, itunak ez baitu erabateko babesa jaso. ELA, LAB eta ESK ez daude ados proposamenarekin, besteak beste, ez duelako eskatzen duten soldata igoera aintzat hartzen, eta grebara deitu dituzte langileak biharko. Ostegunean eta ostiralean zer egin, bihar erabakiko dute batzar irekian.

Astebetez elkarrizketak etenda izan ondoren, gaur elkartu dira berriz mahaiaren bueltan zuzendaritza eta sindikatuak. Ia bederatzi orduz luzatu den bileraren ondotik, adostu dute beharginen soldatak %6 igotzea aurten, eta beste %2,25 urtero 2023. eta 2026. urteen artean. Horrez gainera, 4.000 euroko aparteko ordainsari bat jasoko dute langileek hurrengo nominarekin batera, iazko urteari dagokiona –iraungita zegoen hitzarmena ordurako–, eta beste 500 euroko saria hitzarmena sinatzeagatik. Beste bi sari ere onartu dituzte, biak ekoizpen helburuak lortzeagatik jasoko lituzketenak: 2.500 eurokoa litzateke aurrenekoa, eta 500 eurokoa bigarrena –200.000 ibilgailuko langa gaindituz gero jasoko lukete hori–.

Beste berritasuna lan malgutasunean dago: ez dute gaueko seigarren txanda ezarriko, sindikatue guztiek eskatu moduan, eta, beraz, orain arteko hogei eguneko kopuruari eutsi diete urtero. Hala ere, adostu dute arau batzuk jartzea: enpresak hilabetea hasi baino hamar egun lehenago jakinarazi beharko die langileei asteburuetan lan egingo duten edo ez.

Gauzak horrela, akordioak jasotzen duena enpresak aurreko astean egindako azken proposamenaren oso antzekoa da. Zuzendaritzak eskaini baitzuen, besteak beste, soldatak %5 igotzea aurten, eta %2 hurrengo lau urteetan. Lan malgutasunari dagokionez, ordea, ez dago aldaketarik, proposamen harekin alderatuz gero.

«Inbertsioa gaitu du»
Langile batzordearen gehiengoa ordezkatzen duten UGT, CCOO, Ekintza eta PIM sindikatuak pozik azaldu dira akordioarekin, eta azpimarratu dute proposamena ona dela langile guztientzat, besteak beste, egonkortasuna bermatu eta erosteko ahalmena berreskuratzeko aukera emango dielako.

Hala adierazi du Iñaki Andres UGTko ordezkariak: «Argi dago akordio honekin lortu duguna funtsezko bi gauza izan direla: batetik, 1.200 milioiko inbertsio horretatik gertuago egotea; eta, bestetik, lantegiaren, egungo langileen, eta etorriko diren langileen etorkizuna bermatzea». Haren hitzetan, 7.000 euroko berreskuratuko ditu langile bakoitzak 2021eko eta 2022ko soldata igoerari eta sariei esker.

Mezu bera zabaldu du enpresak ere: «Inbertsioa gaitu du». Eta eskatu du lantegiak «normaltasuna» ahal bezain azkar berreskuratzea, sei egunetan ekoizpena eten duten lanuzteen ostean. Eusko Jaurlaritzak ere bat egin du irakurketa horrekin: «Ateak zabaldu dizkio proiektuari», adierazi du Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburuak.

«Ez da nahikoa»
Aldiz, adostutakoa ez da nahikoa ELA, LAB eta ESK sindikatuentzat. Igor Gebara langile batzordeko presidente eta ELAko ordezkariaren hitzetan, zenbait sari handituko badira ere, langileek erosteko ahalmena galtzen jarraituko dute. «2021 urterako ez da igoerarik izango, adibidez: horrek esan nahi du sei puntu eta erdiko galera izango dugula. Diru asko da hori». Gebarak gaitzetsi du, halaber, enpresak uko egin diola asteburutako langileen lan baldintzak eta mugikortasuna negoziatzeari.

Gauzak horrela, iragarritako mobilizazioei eustea erabaki dute hiru sindikatuek: greba egingo dute gaur, eta langileekin batera batzarrean erabakiko dute bihar eta etziko deialdiekin zer egin. Grebaren erantzunak erakuts dezake, hein batean, akordioarekiko langileen jarrera zein den. Izan ere, zuzendaritzak eta gehiengo sindikalak adostutako testuak langileen oniritzia jaso beharko du orain. Hilaren 18an bozkatuko dute langile guztiek proposamena onartu edo ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.