Frantzia

Macronek COVID-19aren pasaportearen bozketa galdu du Asanblea Nazionalean

COVID-19aren inguruko arauaren aurka bozkatu du parlamentuko gehiengoak. 221 kide izan dira neurriaren aurka agertu direnak; 187k alde bozkatu dute, eta 24 abstenitu egin dira. Frantziako presidentearen lehen porrota da ekaineko hauteskundeez geroztik.

Emmanuele Macron Frantziako presidentea jendez inguratuta. JEAN-PHILIPPE KSIAZEK / EFE
Lide Egizala Urteaga.
2022ko uztailaren 13a
12:55
Entzun

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak parlamentuko gehiengoaren ezezkoa jaso zuen bart Asanblea Nazionalean. Diputatuek aurrez onartutako COVID-19aren inguruko neurria berrezartzearen aurka bozkatu zuten. Atzerritik Frantziara sartzeko eta itsasoz bestaldeko lurraldeetara joateko COVID ziurtagiria eskatzea zuen helburu. Araua ez zen begi onez ikusi parlamentuan, ordea, eta 221 diputatuk ezezkoa bozkatu zuten. 187 izan ziren neurriaren alde bozkatu zutenak, eta 24, berriz, abstenitu egin ziren.

François Braun Osasun ministroa triste agertu da gaur goizean porrotagatik. «Herritar frantsesak babesteko» arau bat dela eta parlamentuan hartutako erabakia gaitzesten duela adierazi du RTLk egindako elkarrizketan. Hala ere, Senatura pasatuko da orain neurria, eta «araua onartzeko borrokan» jarraituko duela jakinarazi du.

Elisabeth Borne Frantziako lehen ministroa ere haserre agertu da erabakia dela eta. Bere Twitter kontuan adierazi duenez, «herritar frantsesak babesteko arauaren aurka biltzearen ondorioz, Frantzia Intsumisoa, Errepublikanoak eta Errepublika Martxan alderdi politikoek birusari aurre egiteko kontrola galarazten dute mugan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.