Entzierro garbia izan da azkena, baina adarkada bat eta bost zauritu utzi ditu

Bi minutu eta hamasei segundo iraun du azken entzierroak. Gurutze Gorriaren arabera, sei lagun zauritu dira, horietako bat adarkadaz. Ospitalera eraman behar izan dituzte.

Gaurko entzierroko irudi bat. JESUS DIGES / EFE
Nagore Arin.
2022ko uztailaren 14a
08:24
Entzun

Azkar, baina batez ere garbi, oso garbi. Horrela zeharkatu dituzte San Domingoko ukuiluetatik zezen plazarainoko kaleak Miura ganadutegiko zezen mitikoek. Bi minutu eta hamasei segundo iraun du entzierroak: aurtengo bizkorrenetan bigarrena izan da. Gurutze Gorriaren arabera, sei lagun zauritu dira: horietako bat adarkadaz, eta beste bost korrikaldian egin zaizkien kontusioen eta ubelduren ondorioz. Ospitalera eraman behar izan dituzte.

Hasieratik abiatu dira garbi zezen guztiak, taldean. Aldapan gora egin ahala, hainbat erorketa gertatu dira, eta, horren ondorioz, zezen taldea urrunduz joan da bidean aurrera egin ahala. Bihurgunean ere garbi joan dira, ez dute irrist egin, eta, ondorioz, laster batean zeharkatu dute Estafeta. Kale horretan ere beste hainbat erorketa gertatu dira, eta pixkanaka zezen taldea gehiago barreiatuz joan da. Orokorrean, arrisku gutxi ikusi da, eta zezen guztiek zintzotasuna erakutsi dute.

Zezen mitikoak

Duela hiru urte ere Sevillako Miura ganadutegiko animaliak izan ziren azken entzierroan. Aldi horretan bi minutu eta 41 segundo iraun zuen korrikaldiak. Gaurdaino 54 aldiz parte hartu dute, eta zezenen bizkortasunagatik eta zintzotasunagatik nabarmendu izan dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.