Lan gatazkak

Mercedesen ekoizpena gelditu du grebak zortzigarrenez

ELAk, LABek eta ESK-k esan dute deialdiak %95eko erantzuna duela. Langileekiko «enpatia falta» egotzi diote zuzendaritzari.

Manifestazioa egin dute goizean Gasteizen, eta soldatak KPIari lotuta igotzea eskatu dute. L.RICO/EFE
aitor biain
2022ko uztailaren 14a
12:32
Entzun

Mercedesek eta langile batzordearen gehiengoak–CCOO, UGT, Ekintza eta PIM– egindako akordioak ez du eragotzi grebak erantzun zabala izatea beste behin. Tailerretako langileen %95 ez direla lanera agertu ziurtatu dute ELAk, LABek eta ESK-k, eta ekoizpena geratu egin dutela beste behin. Mobilizazioak hasi zituztenetik zortzigarren aldia da furgoneten fabrikazioa eten dutena.

Sindikatu abertzaleek atzo erabaki zuten gaurko eta biharko iragarria zuten protestari eustea. Batzarra egin zuten lan itunaren akordioaren inguruko xehetasunak azaldu eta hurrengo pausoak erabakitzeko. Inoizko batzarrik jendetsuena izan zen, gainera. Sindikatuek nahiz langileek «argi» adierazi zuten adostutakoa ez dela nahikoa, eta erosteko ahalmena galduko dutela hurrengo urteetan ere. Horregatik egin zuten akordioa atzera botatzeko eskaria, datorren asteleheneko bozketan.

Datorren astelehenean egingo dute akordioa onartu edo ez erabakitzeko erreferenduma. Langile guztiek izango dute bozkatzeko aukera. Igor Gebara langile batzordeko presidenteak (ELA) gaitzetsi du, ordea, ez dakitela nola antolatuko den bozketa: «Ulertzen dugu horrelako prozesu batean gardentasunik handiena ematen saiatu behar dela, baina inork ez daki ezer nolakoa izango den». Eta salatu du lanera joan daitezen «presio» egin dietela arduradunek zenbait langileri.

Emilio Titos Gasteizko lantegiko zuzendariari ere zuzendu zaio Gebara; izan ere, Titosek atzo adierazi zuen itunari ezetz esatea «amildegira» gerturatzea bezala izango litzatekeela, eta fabrikaren hazkundeari dagokionez «amaieraren hasiera» izateko arriskua dagoela. Batzordeko presidentearen ustez, ordea, zuzendaritzak eraman du lantegira «amildegira», urte eta erdiko negoziazioan ez duelako «ezertxo ere mugitu». Langileekiko «enpatia falta» ere egotzi dio. «Espero dezagun zuzendaritza berria beste jarrera batekin eta langileekiko enpatia handiagoarekin etortzea, horri esker lortu baitu enpresak arrakasta».

Manifestazio jendetsua egin dute goizean Gasteizen, eta soldatak KPIari lotuta igotzeko eskatu dute beste behin. «2021erako soldata igoera onartu izan balitz, ziur aski ez ginateke hemen egongo», ziurtatu du Gebarak manifestazioa hasi aurretik. Izan ere, adostutako lan itunak jasotzen du 4.000 euroko aparteko sari bat jasoko dutela langileek 2021eko igoera ordezkatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.