Oroimena

Memoria Demokratikoaren Legea onartu du Espainiako Kongresuak

PSOE, Unidas Podemos, EH Bildu, EAJ, PDeCAT eta Mas Pais alderdien aldeko botoak jaso ditu legeak. PPk eta Vox-ek adierazi dute boterera iritsiz gero legea baliogabetuko dutela

Pedro Sanchez eta Yolanda Díaz, gaur, kongresuan. EFE
inaut matauko rada
2022ko uztailaren 14a
20:30
Entzun

2020ko irailaren 15ean onartu zuen Espainiako Gobernuak Memoria Demokratikoaren Legearen aurreproiektua, baina ordutik bulegoetako apaletan gordeta egon da, gaur arte. Aldeko 173 botoekin, Espainiako Diputatuen Kongresuak legea onartu du, Jose Luis Rodriguez Zapateroren 2007ko Memoria Historikoaren Legea ordezkatuz. 159k bozkatu dute legearen aurka, eta 14 abstentzio ere izan dira.

Ikusi gehiago:Oroimenik gabeko eraikinak

PSOEko Valentin Garciak legea goratu du, eta nabarmendu du 1977ko Amnistia Legea trantsizio garaiko «gertaera gogoangarria» izan zela. Bel Pozueta EH Bilduko diputatuak adierazi du lege hau «beste pauso bat» dela frankismoaren milaka biktimei eta beren familiei justiziaren, egiaren eta erreparazioaren «zati bat» itzultzeko. Bide «luzea eta zailtasunez» betetakoa izan dela esan du, eta EH Bilduk legea aurrera ateratzeko izan duen prestutasuna ere goraipatu du. Hala ere, «urrunago» iristea gustatuko litzaiekela esan du Pozuetak, oraindik ebatzi behar diren gauzak geratzen direla argudiatuz.

Amnistia Legea ez baliogabetzearen inguruan ere mintzatu da Pozueta: «Onartu behar dugu ezin izan ditugula justizia bermatzeko oztopo batzuk kendu, 1977ko Amnistia Legea, esaterako». Izan ere, lege hori ez baliogabetzea izan da legea aurrera ateratzeko negoziazioak gehien trabatu dituen puntua, eta ERCk abstentzioaren alde bozkatzea eragin du, besteak beste.

EAJko Mikel Legardak ere akordioa babestu du, eta Hans Küng teologo alemanaren hitzak ekarri ditu gogora: «Küngek zioen iragan ilun baten aurrean, herri guztiek nahiago dutela ahanzturaren artea, gogoratzearena baino. Baina gehitu zuen iragan ilunak orainaldiaren gainean duen boterearen manifestazioa dela iragana ahaztea, betikotzeko baldintzak ezarriz». Lege berriak erreparaziorako eta prebentziorako duen helburuaz gain, helburu «etikoa» ere baduela nabarmendu du Legardak. Mas Pais alderdiko buruak, Iñigo Errejonek, alderdi eskuindarren manipulazio saiakerak salatu ditu, eta ETAren biktimak erabiltzea egotzi die PPri eta Vox-i.

ERCko diputatuak, Carolina Telechea i Lozanok, Amnistia Legea ez baliogabetzea deitoratu du, eta horregatik abstenitu dira legearen bozketan. Horrek ez du oztopatu legea aurrera ateratzea, baina gobernuko alderdiei ohartarazi die abstentzioa ez dela laguntzeko izan, baizik eta hemendik aurrera gainean izango dituztela adierazteko baizik.

Alderdi Popularrak eta Vox-ek gogor egin dute legearen aurka, baita koalizio gobernuko alderdien eta EH Bilduren aurka ere. Jaime Miguel Mateu PPko kideak gogor salatu du PSOEk eta Unidas Podemosek koalizio abertzalearekin lortu duten akordioa, eta «bildu legea edo memoria totalitarioaren legea» deitu beharko litzatekeela adierazi du. Lege berria «talde armatu baten adar politikoarekin» adostea egotzi dio gobernuari, eta esan du Nuñez Feijoo Moncloara iritsi bezain laster baliogabetuko dutela legea. Bestalde, Vox eskuin muturreko alderdiko Francisco Jose Contrerasek memoria «batasunizatzea» leporatu dio koalizio gobernuari. Erorien Harana bi bandoetako eroriak omentzeko eraiki zela esan du Contrerasek, eta 1936ko gerraren osteko garaia baketsua izan zela gehitu du.

Legearen berrikuntzak

Memoria Demokratikoaren Lege berri honek 1936ko gerraren eta diktadura frankistaren biktimen izendapena aldatuko du, eta gutxiengo gehiago izendatuko dituzte biktima. Nazioarteko giza eskubideen parametroen arabera egingo da hemendik aurrera izendapena.

Legea onartu ostean, hildako arbasoen gorpuak berreskuratzea eskubide bat izango da, eta DNA banku bat sortuko dute, lana errazteko. Horrez gain, 1936ko estatu kolpearen biktimak «gutxiesteko eta umiliatzeko helburua» duten eta frankismoa goraipatzen duten fundazioak debekatuko ditu lege berriak. Euskara, galiziera eta katalana, eta hizkuntza horien komunitateak ere frankismoaren biktima izendatuko dituzte.

Aurreproiektu legea eta gaur onartu duten testua ez dira berdinak, baina, gobernuak hainbat alderdiren emendakinak onartu behar izan baitituzte legea onartzeko. Hala, EH Bilduren iniziatibaz, Ezkabako gotorlekua (Nafarroa) eta Donostiako La Cumbre jauregia memoria gune izendatuko dituzte, eta azken hau Donostiako Udalaren esku geratuko da. Eskubideen ustezko urraketen ikerketa judiziala 1978ra mugatuko da, baina EH Bilduren emendakin bati esker, 1983ra arteko urraketak ikertuko dituen batzorde bat sortuko da, aitortzarako eta erreparaziorako.

Epai frankistak baliogabetuko ditu legeak, eta EAJren iniziatibari esker, alderdi politikoei eta sindikatuei ondasunak itzuliko dizkiete, hala nola banderak, ikurrak eta dokumentuak. Diktadura garaian Eusko Jaurlaritzak Parisen zuen egoitza berreskuratzeko aukera ere zabalik uzten du legeak. 1936Ko gerrari eta diktadurari buruzko dokumentazioa errazago eskuratzea ahalbidetuko da aurrerantzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.