Donostiako 70. Zinemaldia

'Black is Beltza II: Ainhoa' belodromoan emango dute

Fermin Muguruzaren filma emanaldi berezi batean aurkeztuko dute, irailaren 23an, Donostiako 70. Zinemaldian. Fernando Franco, Mikel Gurrea, Pilar Palomero eta Jaime Rosalesen azken filmak Urrezko Maskorra irabazteko lehian izango dira Sail Ofizialean.

'Black is Beltza II: Ainhoa' filmeko irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
mikel lizarralde
2022ko uztailaren 15a
11:42
Entzun

Fermin Muguruzak Donostiako belodromoan egingo den emanaldi berezi batean aurkeztuko du Black is Beltza II: Ainhoa bere azkeneko filma. Donostiako Zinemaldiak gaur goizean Madrilen egindako agerraldi batean aurtengo edizioan parte hartuko duten hainbat filmen berri eman du, eta horien artean da Black is Beltza II: Ainhoa. Lehen parteak Zinemira saila itxi zuen 2018an.

Hura bezala, animaziozko filma da Black is Beltza II: Ainhoa, eta lehenengo parteko Manex protagonistaren alaba du pertsonaia nagusia. Kunan hazi ondoren, 1988an, 21 urterekin, Euskal Herrira abiatuko da Ainhoa aitaren lurraldea ezagutzera. Gatazka errepresibo betean, Josune kazetari konprometitua eta bere lagun kuadrilla ezagutuko ditu. Ainhoa eta Josune iniziazio bidaia batean murgilduko dira, eta horrek Libano, Afganistanera eta Marseillara (Frantzia) eramango ditu.

400 metro koadroko pantaila eta ia 3.000 ikuslerentzako lekua dituen aretoa da belodromoa.

Mikel Gurrea, Sail Ofizialean

Sail Ofizialean Urrezko Maskorra lortzeko lehian izango diren lau filmen berri ere eman du Donostiako Zinemaldiak. Horien artean izango da Mikel Gurrea euskal zinemagilearen (Donostia, 1985) lehenengo film luzea: Suro. Filmean Vicky Luengok eta Pol Lopezek bikote bat interpretatzen dute, landa eremura bizitzera joango dena. Iaz, haren film labur bat, Heltzear, Veneziako zinema jaialdian estreinatu zuten, eta Zabaltegi-Tabakalera sailean programatu. Suro katalanez filmatu du Gurreak.

Gurrearenaz gain, Fernando Francoren La consagración de la primavera, Pilar Palomeroren La maternal eta Jaime Rosalesen Girasoles salvajes ere izango dira Urrezko Maskorra eskuratzeko hautagaiak. Franco lehendik ere lehian izandakoa da Donostian: La herida (2013) filmak Epaimahaiaren Sari Berezia eta Zilarrezko Maskorra (Marian Alvarez aktorearentzat) eskuratu zituen, eta Morir (2017) emanaldi berezi gisa hautatu zuten.

Rosalesentzat ere ez da izango berria Donostian lehiatzea. Tiro en la cabeza filmarekin izan zen Sail Ofizialean 2008an, eta, Fipresci saria eskuratzeaz gain, film hark harrabots handia eragin zuen komunikabideen eta ikusleen artean.

Palomero, berriz, Las niñas bere opera primarekin nabarmendu ondoren —filmik onenaren, zuzendari berririk onenaren eta jatorrizko gidoirik onenaren Goya sariak eskuratu zituen—, Donostiara aurrenekoz iritsiko da.

Sail Ofizialean baina emanaldi berezi batean izango da Isabel Coixeten ez-fikziozko azken filma: El sostre groc.

Beste sailei dagokienez, Zuzendari Berriak sailean Maria Elorzaren A los libros y a las mujeres canto emango dute. Las Chicas de Pasaik kolektiboko kide gisa egin zituen Elorzak (Gasteiz, 1988) bere lehen film laburrak, Donostian estreinatu ziren Gure Hormek (Zabaltegi-Tabakalera, 2016) eta La chica de la luz (belodromoa, 2016). Sari ugari eskuratu dituzten Ancora Lucciole (2018) eta Quebrantos (2020) film laburrak ere sortu ditu. Aurtengo Zinemaldian bere lehen film luzea aurkeztuko du, liburuak zaintzen dituzten emakumeen armada anonimo eta armagabe bati buruzkoa.

Zabaltegi-Tabakalera sailak Ikusmira Berriak egonaldietako proiektu baten aurkezpena hartuko du: Elena Lopez Rieraren El agua, azkenekoz Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldian hautatu zutena. Sail berean, Cerdita programatuko dute, Carlota Peredaren debuta, Sundanceko zinema-jaialdian estreinatutakoa. Kimuak programako bi film labur ere izango dira ikusgai sail berean: Lur Olaizolaren Hirugarren koadernoa filmak lehiaketaz kanpo hartuko du parte, eta Estibaliz Urresolaren Cuerdas, Cannesko Kritikaren Astean izan zena.

Perlak saileko parte izango dira Isaki Lacuestaren Un año, una noche, Berlinalen lehiatu zena, eta Rodrigo Sorogoyenen As Bestas, Cannesko zinema jaialditik pasatu dena. Donostia Hiria Publikoaren Saria eskuratzeko lehian arituko dira biak ala biak.

Gainera, lehiaketaz kanpo, saila ixteko, Los renglones torcidos de Dios ikusi ahal izango da. Torcuato Luca de Tenaren izen bereko eleberrian oinarritutako filma Oriol Paulok zuzendu du, eta Barbara Lennie eta Eduard Fernandez ditu protagonista.

Muguruzaren filmaz gain, beste bi pelikula emango dituzte belodromoan. Han estreinatuko dira Rainbow, Paco Leonek Ozeko aztia klasikoaren gainean egin duen bertsioa —Dora Postigorekin, Carmen Maurarekin eta Carmen Machirekin—, eta Sintiéndolo mucho, Joaquin Sabinari buruzko Fernando Leon de Aranoaren dokumentala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.