Lan osasuna

Osasun langileek erretiroa 60 urterekin hartzea galdegin dute ELAk, LABek, CIGek eta CSCk

Osasun langileek eta soziosanitarioek 63 urterekin hartu dezakete erretiro aurreratua. Auzia «lehenestea» galdegin diete Madrilen ordezkaritza duten alderdiei.

Osakidetzako sindikatuen greba Bilbon, iragan maiatzean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2022ko uztailaren 15a
13:15
Entzun

Osasun langileen eta soziosanitarioen ohiko erretirorako adina 60 urtera aurreratzeko eskatu dute ELAk, LABek, CIG Galiziako sindikatuak eta CSC Kataluniakoak, behin 35 urtez kotizatu ostean. Egungo legediak zehazten du erretiroa hartzeko gutxieneko adina —65 urte— errege dekretu bidez jaits daitekeela, lanbideak baldintza «neketsuak, toxikoak edo arriskutsuak» izanez gero. Txanden araberako lanak —gauekoak, batez ere— eta ahalegin fisikoak ere kontuan hartzen ditu.

Egun, 63 urterekin hartu dezakete erretiro aurreratua osasun langileek eta soziosanitarioek, betiere nahikoa urte kotizatu badituzte —38 eta 44 urte eta erdi artean—. Halere, pentsioan %21erainoko murrizketak izan ditzakete osasun langileek. Behin 65 urte beteta, ez dute berreskuratzen galdutakoa. ELAk, LABek, CIGek eta CSCk eskatu dute aurten erretiro aurreratua hartzen duten langileek pentsioa «penalizaziorik gabe» jasotzea, baita genero osagarria ere.

Ondorioz, sindikatuetako ordezkariek osasun sektore publikoko eta pribatuko langileen auzia «lehenestea» galdegin die Madrilen ordezkaritza duten alderdiei. Uda amaituta, horiekin irailetik aurrera biltzea eskatuko dute sindikatuek. «Borondatea da behar den bakarra; errege dekretua besterik ez da behar. Sektoreak duen garrantzia ikusita, funtsezko gaia litzateke», adierazi du Ester Saavedrak, Osakidetzako ELAren arduradunak. Hurrengo aurrekontuei begira, alderdiei «konpromisoa» erakusteko eskatu diete sindikatuek. «Botoak erabakigarriak dira» eskubide hori onartzeko.

Hego Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako administrazioei «erretiro aurreratua errazteko mekanismoak» artikula ditzaten galdegin dute, eta langileek pairatu dituzten azken urteko murrizketak ordaintzeko. Egungo egoera «azken hamar urteetako planifikazio sanitarioaren ondorio» dela azaldu du CSCko osasun sektoreko koordinatzaile Nestor Sastrek; hain zuzen, murrizketen, lanpostuak kentzearen eta zerbitzu publikoak pribatizatzearen eraginez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.