Sanferminak

Enrique Maia, positibo

Sanferminak arrakastatsuak izan direla azpimarratu du Maiak; Geroa Bai-k eta EH Bilduk Maiaren jarrera baztertzailea salatu dute.

Enrique Maia Iruñeko alkatea, Kondestable Jauregian. IÑIGO URIZ / FOKU
Olaia L. Garaialde.
2022ko uztailaren 15a
15:42
Entzun

«Alaiak, giro onekoak eta ikaragarriak». Hitz horiekin definitu ditu sanferminak Enrique Maia Iruñeko alkateak. Nabarmendu du udalak antolatutako programazioaren parte hartzea %20 igo dela azken urtearekin alderatuta: «Parte hartzea, giroa, jarrera eta segurtasuna arrakastatsuak izan dira». Iruñeko Kondestable Jauregian egin du agerraldia, Navarra Sumako zinegotziekin.

Gazteluko plazari eman dioten forma berriarekin asmatu dutela uste du: «Berritzailea izan da; gazteek oso ondo erantzun diote». Gazteluko plazak 30.000 lagun bildu ditu. «Oztopo bakarra» bertan pilatu den zikinkeria izan dela aipatu du.

Kuria kaleko istiluez ere mintzo da: «Eraso faxista bat izan zen, nabari zen giroan». Horrez gain, galdera bat egin du: «Nork sortu du giro hau, eta zertarako? Kausa efektu eragin garbia dago». Ahotsa.info-k gertakariaren inguruko bideo bat zabaldu zuen; bertan ikusten da polizia izan zela lehena kolpea ematen. «Medio hori giroa berotzen egon diren horietako bat izan da», esan du Maiak. Horrez gain, ezker abertzaleari leporatu dio gertatutakoa.

Udalaren datuen arabera, 2019an baino eraso sexista gehiago salatu dituzte sanferminetan: hain zuzen ere, hamazazpi; horietatik hamasei, ukituengatik, eta bat, bortxaketagatik. Amaieran minutu gutxi batzuk hartu ditu eraso sexistei buruz mintzatzeko. Poliziaren funtzionamendu «ona» eta «efikazia» txalotu ditu: «Erasoek nahigabetzen gaituzte, baina aipatu nahi dut horietatik hamahiru identifikatu eta atxilotu zituztela». Guztira, 2.600 poliziatik gora izan dira hirian.

Gero Bai-k ere sanferminen balorazio «positiboa» egin du; hala ere, Navarra Sumaren jarrera salatu du: «Espazioak antolatzeko ez dira saiatu adostasun bat lortzen eragileekin». Gaineratu du Navarra Sumak aniztasuna baztertu duela: «Herri Sanferminak eta peñak bezalako eragile sozialak zentsuratu dituzte».

2019ko sanferminetan baino zabor gehiago jaso dute aurten. Geroa Bai-k salatu du Maiak horretan eragin duela, «bere kabuz» erabaki baitu Gazteluko plazan hamar barra jartzea: «Erabaki txarra izan da, eta hiriko egongela zabortegi bilakatu du».

Joseba Asiron EH Bilduko bozeramaileak gizartearen eta eragile sozialen jarrera txalotu du: «Maiaren inposizioen gainetik sanferminen espiritua berreskuratu du gizarteak. Eragile sozialek alkatearen mugei eta bazterkeriari aurre egin diete. Horrez gain, gizartearen erantzuna eraso sexisten aurrean eredugarria izan da». Gaineratu du Maiak ez duela kontsentsurako eta eztabaidarako gaitasunik: «Horren adibidea da Gazteluko plazan sortu duten sastegia».

Azkenik, Kuria kaleko istiluen harira, aipatu du «eraso oro baztertu» behar dela eta «justifikaziorik gabekoak» direla. Horrez gain, salatu du gertatutakoa politizatzen saiatu dela Maia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.