Osakidetzak ukatu egin du 2012an emakume bati indarkeria obstetrikoa eragin izana

Ohar bidez esan du andrazkoari emandako arta «protokolo medikoen araberakoa» izan zela, eta ez zuela «kalte fisiko edo psikikorik» jasan.

Osakidetzako ospitale bateko erditze gela bat. LUIS JAUREGIALTZO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko uztailaren 15a
17:51
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak, ohar batean, ukatu egin dute 2012an Donostiako ospitalean indarkeria obstetrikoa eragin ziotela emakume bati. NBE Nazio Batuen Erakundearen Emakumearen Diskriminazioa Desagerrarazteko Batzordeak, atzo kaleratutako ebazpen batean, arrazoia eman zion andrazko bati indarkeria obstetrikoko kasu batean, baina Osasun Sailak eta Osakidetzak adierazi dute emakumeari emandako arta «protokolo medikoen araberakoa» izan zela, eta ez zuela «kalte fisiko edo psikikorik» jasan.

NBEren arabera, emakume bati «indarkeria obstetrikoa» egin zioten Donostiako ospitalean 2012an, besteak beste, erditzea eragin eta zesarea bat egin ziotelako haren baimenik gabe. Emakumeak salaketa jarri zuen 2015ean Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, eta auzitegiak, epai irmo batean, atzera bota zuen salaketa. Osasun Sailak eta Osakidetzak adierazi dutenez, epaiak ebatzi zuen ospitalean ez zitzaiola inolako «kalte fisiko edo psikikorik» egin pazienteari. Are, emandako arta «protokolo medikoen araberakoa» izan zela ebatzi zuen, eta egiaztatu «pazientearen erditze prozesuan esku hartzen zuten profesional guztien jarduna zuzena eta arauetara egokitua» izan zela, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren arabera.

Halaber, jakinarazi du ez duela NBEren prozeduraren berri izan eta, beraz, ezin izan duela horren aurrean alegaziorik aurkeztu. Oharrean adierazi dute Osasun Saila eta Osakidetza lanean ari direla «gertuko eta kalitatezko arreta» eskaintzeko, «laguntza obstetrikoa ebidentzia zientifikora eta aldaketa sozial eta kulturaletara egokituz, erditze eta jaiotze esperientzia positiboa eta ahaztezina izan dadin, segurtasun eta bikaintasun esparrua babestu behar dela ahaztu gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.