Ingurumena

Zubietako erraustegiko kutsaduraren ikerketa fiskaltzara eraman dute

GuraSOSek iragarri du gizarte zibila ikertzen ari dela Arkaitzerrekan izandako isurketa, eta ikerketa horien emaitzak fiskaltzaren esku daudela jada. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak elkarretaratze bat antolatu du biharko, Zubietako plazan, 12:00etan.

Egunotan Arkaitzerrera iristen ari den kutsaduraren irudi bat. ERRAUSTEGIAREN AURKAKO MUGIMENDUA.
2022ko uztailaren 15a
18:30
Entzun

GuraSOSek gogor salatu ditu egunotan Arkaitzerrekan (Zubieta, Gipuzkoa) izan den kutsadura, eta horren inguruan administrazioak egindako kudeaketa. Gaitzetsi du Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Sailak ez dutela ikerketarik egin poluzioaren jatorria zein den jakiteko. Aldiz, goraipatu egin du gizarte zibilak gaiari heldu eta ikerketa abiatu izana. Fiskaltzari eskatu diote «azkar eta zehatz» jarduteko, gertaerak argitzeko. Izan ere, gizarteak zer gertatzen ari den jakiteko eskubidea duela adierazi du talde horrek.

GuraSOSek jakinarazi duenaren arabera, Arkaitzerrekan 2020an izan zen isurketa gertatu zen kanala «garbi» dago oraingo honetan. «Plataformaren hondoko drainaren irteeran sortzen da arazoa –beherago dago–. Horrek esan nahi du ez gaudela ustezko isurketa baten aurrean, baizik eta balizko lixibatuen iragazte kasu baten aurrean».

GHK-k bidalitako oharra ere kritikatu du, ez duelako gertatu dena argitu. Izan ere, hark ikertu baino gehiago, haren jarduera ikertu behar dela uste du GuraSOSek, GHK baita erraustegiaren eta tratamendu mekaniko biologikoko planten titularra. Gertatu dena azal dezaketen hipotesi batzuk aipatu ditu GuraSOSek, hedabideetara bidalitako oharrean: «Hondakinen hobiak, lixibatuen kutxatilak edo bestelako instalazioak garbitzeko eta mantentzeko lanak bururatzen zaizkigu». Edozein moduz, GuraSOSek uste du GHK-k jakin dezakeela zer gertatu den. Azkenik, erraustegiaren beraren jarduera salatu du: «Erakunde publikoek gai lotsagarri bat dute eskuetan, berehala konpondu beharrekoa. Ezin gara bizi ingurumen arazoak eta ziurgabetasuna etengabe sortzen ari den instalazio opaku batzuen etengabeko mehatxuarekin».

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak salatu duenez, berriz, gaur, hirugarren egunez jarraian, kutsadura atera da berriz ere Arkaitzerrekara isurtzen duen tutu horretatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.