Albistea entzun

Suteak

Suteek egoera larriak sortu dituzte Mediterraneo inguruan

Okzitanian, Espainian, Grezian, Marokon, Italian, Portugalen... dozenaka eta dozenaka sute piztu dira azkeneko egunetan. Suhiltzaile bat hil da Portugalen aste honetan, eta lau zauritu Okzitanian, Bordele inguruan.

Landirasko sutearen irudia, uztailaren 16koa, Bordeletik hegoaldera.
Landirasko sutearen irudia, uztailaren 16koa, Bordeletik hegoaldera. GIRONDAKO SUHILTZAILEAK Tamaina handiagoan ikusi

Mikel P. Ansa -

2022ko uztailak 17

Okzitania

Girondan, Bordele hiriaren eskualdean, gorriak ikusten ari dira suteekin: 10.000 hektarea baso kiskali dira inguru horretan, eta 13.500 pertsona atera dituzte etxetik, arriskuagatik. La Teste de Buch aldean piztu da sute handienetako bat, Arcachondik gertu, eta nolabait inguratzea lortu dute, baina ez dute erabat mendean hartu. Lau suhiltzaile zauritu dira, eta suhiltzaileen kamioi batek su hartu du han.

Landiras aldean beste sute bat sortu da, eta harekin daude kezkatuta azken orduetan, egoera «larriagoa» delakoan han. Bordeletik 40 bat kilometro ingurura dago, hegoaldera. 7.000 hektarea inguru erre dira han bakarrik. 1.200 suhiltzaile ari dira lanean Girondako suteetan; asteartetik ari dira suteen kontra.

Sute txikiagoak ere badira han-hemenka, eta handiago bat Avignon inguruan inguruan piztu dena, Bouches du Rhone aldean. 1.500 hektarea inguru kiskali dira han.

Monfragueko sutea, Espainian, uztailaren 16an. ISMAEL HERRERO / EFE

Espainia

Monfragueko parke naturala harrapatu du sute handi batek, Extremaduran. Casas de Miravete herriaren inguruetan piztu zen, ostegunean, baina parke naturala aise harrapatu du, eta bioaniztasun galera handia eragin. A-15 autobidea ere itxita eduki dute ordu askoan, eta zenbait herritako 400 bat herritar atera dituzte etxetik. Caceresen sortu da su hori, eta probintzia horretan indarrean daude beste sute batzuk, Las Hurdesen, adibidez.

Mijasko mendilerroan ere beste sute handi bat piztu da, Malagan. 2.000 hektarea inguru erre dira dagoeneko, eta 3.000 herritar baino gehiago atera dituzte etxetik. Ostiralean sortu zen sute hori. Beste hogei sute baino gehiago ere sortu dira, eta dozena bat baino gehiago kontrolpean hartu gabe dauzkate suhiltzaileek larunbat gaua denean.

Galizia

Larunbat arratsalderako, 5.000 bat hektarea kiskaliak zituen suak Galizian. Dozena bat sute behintzat piztu dira azkeneko egunetan. Lugon daude larrienetako batzuk, Folgoso do Courelen eta Pobra do Brollonen. Herri batzuetatik gertu ibili da sutea.

Sua etxetik begi bistan, Baiaon (Portugal), uztailaern 15ean. HUGO DELGADO / EFE

Portugal

47 graduraino iritsi dira Portugalgo leku batzuetan azken egunetan; beroa, haizea eta lehortea elkartu dira, eta zenbait sute piztu dira azkeneko astean. Gehienak kontrolpean hartuak zituzten larunbaterako, baina ohartarazi dute suak pizteko arriskua oso handia dela oraindik. Larunbat eguerdian, 11 sutek jarraitzen zuten piztuta.

Ostiral eguerdirako, 30.000 hektarea behintzat erreak ziren Portugalen. Urte oso batean erretzen diren hektareak baino gehiago, alegia. Gainera, hegazkin pilotu bat hil da suteak itzaltzeko lanetan ari zela, eta ikertzen ari dira nola gertatu den.

Rethimnoko sutea, Kretako irlan (Grezia). NIKOS CHALKIADAKIS / EFE

Grezia

Ostiralean ehun bat sute piztuak ziren Grezian, eta aste osoan sugarren kontra dabiltza suhiltzaileak. Larunbatean, kontrolpean hartu dute handienetako bat, Rethimnon (Kreta). Atenas hegoaldean, Sarotinosen, beste sute handi baten eraginez, herritarrak etxetik atera dituzte egunotan.

Italia

Aste honetan hainbat sute sortu dira herrialdearen erdialdean eta iparraldean. 70 urtean ezagutu duten lehorterik txarrena dutela esana dute agintariek. Milan eta Erroma inguruetan izan dira suteak, besteak beste.

Maroko

Maroko iparraldeko bost eskualdetan behintzat piztu dira azkeneko egunetan, eta 6.000 bat hektarea baso kiskali dira. 1.400 bat familia atera dituzte etxetik. Laratxeko eskualdean dago suterik handienetako bat; kiskalita hildako pertsona baten gorpua aurkitu dute han. Tetuanen, beste baso batean ere piztu da su bat, eta Tazan, beste batean; azken horretan 500 hektarea baino gehiago kiskali dira.

Erresuma Batua

Mediterraneotik aparte bada ere, Erresuma Batua ere alertan dago. Bero kolpea igandean iritsiko da irla hartara, eta asteartera arte iraungo du. Ostiralean, Meteorologia Bulegoak beroagatik alerta gorria eman zuen, lehen aldiz. Ez da ohikoa Erresuma Batuan termometroak 40 gradura iristea, baina meteorologoek uste dute astelehenean iritsiko direla. Polemikarik ez da falta izan horrekin ere; larrialdi neurriak hartu behar ote diren aztertzen dabiltza egunotan, eskolak ixtea adibidez, eta larrialdi bilera bat antolatu dute, baina Boris Jonhsoni kargu hartu diote laboristek, ez delako bilera horretara joango.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Herritar batzuk gizon baten hilotza eramaten, atzo, Jeninen. ©ALAA BADARNEH / EFE

Israelgo indarrek gutxienez hamar palestinar erail dituzte bi erasotan, tiroz

Julen Otaegi Leonet Mikel O. Iribar

Jenin hirian eta Jerusalem ekialdean oldartu dira militarrak. Armadako buruak «terrorismoaren kontrako jarduerekin» jarraitzeko agindu du
Josep Borrell EBko diplomaziaburua eta Naser Burita Marokoko Atzerri ministroa, hilaren 5eko bilkuraren ostean. ©J. M. / EFE

Marokoren eta EBren arteko harreman onak, mehatxupean

Ricard Gonzalez

Lehen informazioen arabera, badirudi Rabatek sortu zuela europarlamentuko ustelkeria trama. Eskandalu horrek gainezka eragin die bi aldeei, desadostasunen ondoren.

Dina Boluarteren aurkako zentsura mozioa aurkeztu dute

Berria

Peruko Kongresuko zenbait kideren arabera, presidentea «ez da gai» kargu horretan jarduteko
Malmer Stenergard Suediako Migrazio ministroa, Ylva Johansson Europako Batzordeko Barne komisarioa eta Gunnar Strommer Suediako Justizia ministroa, gaur, Stockholmen, EBko Barne ministroen bilkuraren aurretik ©PONTUS LUNDAHL / EFE

EBko estatu kideen arteko koordinazioa handitu nahi dute migratzaile gehiago kanporatzeko

Ander Perez Zala

Europako Batzordeak aurkezturiko plana aztertuko dute egunotan talde komunitarioko Barne ministroek. Asilorako eskubiderik ez duten iheslariak itzultzea du helburu.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...