politika

EH Bilduk «ongizate itunaren inguruko oinarrizko proposamen bat» aurkeztuko du irailean

Pello Otxandianok iragarri du proposamenen artean egongo dela zerga bat jartzea energiaren sektorearen «ezohiko irabaziei».

Pello Otxandiano, Euskal Eredua proposamena aurkezten, martxoaren 30ean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
jon olano
2022ko uztailaren 18a
11:39
Entzun

Egungo egoera ekonomikoari aurre egiteko «oinarrizko proposamen bat» aurkeztuko du EH Bilduk irail amaieran; «neurrien dekalogo bat», zeinarekin indar subiranista Euskal Herriko «eragile interesdun nagusiei» zuzenduko zaien. Proposamen horretan, enpresa energetikoen «ezohiko irabazien» gaineko zerga bat egongo da, Pello Otxandiano EH Bilduko Programa arduradunak jakinarazi duenez: «Guk argi daukagu proposamen horrek planteatzen duen bidea urrats sendoz egin behar dela; lehen urrats bat dela sektore energetikoaren esku hartze publikoan». Era berean, gogorarazi du Hego Euskal Herriak «nolabaiteko autonomia fiskala» daukala, eta ez duela zertan «Espainiatik datorrenaren zain egon bide hori gaurtik pentsatzen eta prestatzen hasteko».

Irailean aurkeztuko duten planteamenduaren testuingurua azaldu du Otxandianok Donostian eginiko agerraldi batean. «Pandemia piztu zenetik eta aparteko testuinguru ekonomikoan sartu ginenetik, EH Bildu saiatu da ahalik eta erantzukizun handienarekin jokatzen». Testuinguru horretan, nabarmendu du indar subiranistak «krisiaren aurkako neurriak proposatu eta babestu» dituela «erakunde nagusi guztietan»: «Sektore sozial eta ekonomiko zaurgarrienak babesteko premiazko neurriak hartu behar zirela ulertu izan dugu hasieratik, eta koherentziaz jarduten saiatu gara». Otxandianoren hitzetan, defendatu dute neurri «aringarriak» behar zirela: «Baina era berean, hasieratik esan dugu ez zela nahikoa neurri aringarri horiekin».

Azterketa bat jarri genuen mahai gainean, eta uste dugu, azken asteetako gertakarien argitan eta udazkenerako dauden proiekzio ekonomikoak ikusita, azterketa hori zuzena zela». Azterketa horren ondorioetako bat zera da, Otxandianoren iritziz: «Ez gaude krisi koiuntural baten aurrean; ezin zaio aro historiko honi aldi baterako egoera bat balitz bezala aurre egin. Konbultsio ekonomiko handiko garai batean sartu gara, eta ezin diogu garai honi aurre egin errezeta ekonomiko konbentzionalekin».

EH Bilduren ustez, «neurri estrukturalak» behar dira «aringarriak hartzearekin batera; etorkizuna prestatu behar da». Horretarako, beharrezkotzat jo du «herri erresilientzia handitzen duten eraldaketa prozesuak» martxan jartzea. Eta eraldaketa prozesu horren gutxieneko baldintza gisa jarri du aberastasuna «sakon» banatzea: «2008ko krisiaz geroztik trasbase bat gertatzen ari da lan errentetatik kapital errentetara. Aberastasuna metatzeko prozesu bat gertatzen ari da, eta prozesu hori eten egin behar da; leheneratu egin behar da, euskal gizarte osoarentzat ongizate oinarriak bermatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.