Hezkuntza

Ikastolen Elkarteak ohar bat atera du, azken egunotan «hainbat hezkuntza eragilek» esan dutena argitu nahian

Hainbat argibide eman nahi izan dituzte azken egunotan sare itunduari buruz egin diren adierazpenetatik abiatuz. Hezkuntzaren parte diren eragile guztien artean «sistema hobetzen» jarraitzeko deia egin dute.

Tolosako (Gipuzkoa) Laskorain ikastolako irudi bat, artxibotik hartua. JON URBE / FOKU
Nagore Arin.
2022ko uztailaren 18a
12:13
Entzun

Azken egunotan «hainbat hedabidetan eta sare sozialetan» sare itunduari buruz egin diren hainbat adierazpen argitu nahi izan ditu Ikastolen Elkarteak. Idatzi baten bidez egin ditu zehaztapen horiek, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariek datozen urteetako sare itunduan proposatzen dituzten itun edota plangintzaren inguruan «hainbat hezkuntza eragilek» esan dutena argitu nahi dute. Bost puntutan bildu dituzte argibideak, eta hezkuntzaren esparru hori osatzen duten guztien artean «sistema hobetzen» jarraitzeko deia egin dute.

Hedabidetan eta sare sozialetan agertu diren elkarrizketa horietan «nahasten» ari diren bi kontzeptu argitu nahi izan dituzte lehenengo puntuan. «Bi kontzeptu nahasten ari dira: hurrengo sei ikasturtetarako ikasgelen plangintza –dekretu baten bidez arautzen dena– eta 2022-2023ko ikasturterako ikasgela guztiak ituntzeko irizpideak –agindu baten bidez arautzen dena–», azaldu dute. Nabarmendu dutenez, haiek 2022-2023ko ikasturterako ikasgela guztiak ituntzeko Hezkuntza Sailean zehaztutako irizpideak bakarrik ezagutzen dituzte. «Plangintzak dagoeneko ezarrita egon behar bazuen ere, gaur-gaurkoz ez dugu ezagutzen hura ezartzen duen dokumenturik», adierazi dute.

Ikasgela guztiak ituntzeko Hezkuntza Sailean zehaztutako irizpideak izan dituzte hizpide bigarren puntuan. «Kexatzen dira batzuk Hezkuntza Sailean malgutu egin dituztela 2022-2023ko ikasturtean ikasgela guztiak ituntzeko irizpideak, eta hori administraziopeko ikastetxeen kalterako dela», esan dute. Duela egun gutxi Hezkuntza Sailaren eta sindikatuen artean egindako akordioarekin alderatu dituzte datuak, eta azaldu dute ez dutela ulertzen kezka hori nondik datorren: «Haur Hezkuntzan, sare publikoan 21 ikaslerekin bigarren ikasgela martxan jartzen da, eta ikastoletan, berriz,28 ikasle behar ditugu horretarako; Lehen Hezkuntzan, sare publikoan 24 ikasle behar dira bigarren ikasgela irekitzeko, eta ikastoletan, 28; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, sare publikoan 26, eta ikastoletan, 34; Batxilergoan, sare publikoan 28, eta ikastoletan, 36». Hala, beste puntu batean jarri dute arreta: «Askoz kezkatuago egon beharko genuke (eta gaude) ikastoletan, ez delako aplikatzen Hezkuntza Akordioan ezartzen den oinarrizko puntua: Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan sartuko garen ikastetxe guztiok eskubide eta betebehar berak izango ditugula».

Hirugarren puntuan, 2 urteko ikasgelen egoerari buruz hitz egin dute. «Ez dakigu gizarteak jakingo duen, baina administraziopeko ikastetxeetan 2 urtekoen klaseak orain dela 20 urtetatik daude, partzuergoari (eta bere langileei) egiten dion kaltearekin. Ikastolok aspalditik eskatu genuen hori», azpimarratu dute.

Hurrengo sei urteetarako plangintza izan dute mintzagai laugarren puntuan. Lehenengo puntuan esan dutena berretsi dute, ez dutela dekretua ezagutzen, eta adierazi dute ados daudela «benetako plangintza» egin nahi bada horretan inplikatutako alde guztiek parte hartu behar dutela. «Ez dugu arazorik gure ikastoletan zer plangintza egiten den partekatzeko, baina horrekin batera ikastola dagoen herri bakoitzean zer-nolako plangintza dagoen jakin behar dugu. Benetako plangintza egin nahi badugu, herriz herri aztertu beharko genuke egoera», azaldu dute.

Bukatzeko, Ikastolen Elkarteak joan den hilabetean eginiko Araba Euskaraz-en plazaratutako hainbat kezka ekarri dituzte gogora. «2022-2023ko ikasturterako ezartzen ari diren irizpideak mantenduz gero, lerro bateko hainbat ikastola desagertzeko zorian ikusten ditugu, eta, horregatik, ez zaigu gustatu gaia arautzen duen agindua», adierazi dute. Hala ere, egoera bideratzeko denbora dagoela aitortu dute, eta jardun horretan jarraituko dutela, elkarrizketa horiek egiten eta bideratzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.