Artea

Claes Oldenburg artista hil da, 93 urterekin

Pop arteak emandako eskultore nagusietako bat izan da. Objektu arrunten erreplika erraldoiak egiteagatik izan da ezagun, nagusiki

Claes Oldenburg artista, Bilbon. ALFRE ALDAI/ FOKU
Inigo Astiz
2022ko uztailaren 19a
11:57
Entzun

«Eguneroko gauza zatarrekin nahasten den eta halere gailentzen den artearen alde nago». Hain zuzen, egunerokotasun hori monumentu bilakatzeko erronka jarri zion bere buruari 1960ko hamarkadan Claes Oldenburg artistak (Stockholm, 1929 - New York, 2022), eta horrek bilakatu zuen AEBetako pop artearen izen handietako bat. Andy Warholen izenaren paretsu doa harena ere artearen historia liburuetan. Ezagun dira haren objektu bigunak, esaterako, hustuta bezala dauden zerra eta komunekin, eta are ezagunago dira, agian, neurri erraldoietara eramandako objektu arrunten erreplikak: Kasselen egindako zazpigarren Dokumenta jaialdian lurrean iltzatu zuen ia 20 metro luzeko pikotxa, kasurako. 93 urterekin hil da.

Neurri batean, asperdura izan zen haren artearen hasierako motorra. Amorru puntu bat ere bai. Hori azaldu ohi dute adituek hari buruz: espresionismo abstraktuak gobernatutako arte esparru batean bestelako bide batzuk bilatu zituztela hala Oldenburgek nola haren kideek ere. Eta hala deskribatu zuen aldaketa hori Mikel Onandia arte adituak ere BERRIA egunkarirako idatzitako kritiketako batean. «Kapitalismoak ekarri kontsumismo muturrekoaren lehen urteetan artista askok, Pollock eta enparauen pintura serio eta mistikoaz aspertuta, ironia duchampiarra berreskuratu zuten, beraien inguruan gerraostean sortu gizarte modu berria islatzeko gogoz».

Bataila estetiko bat

Eta ez da adituen iritzi soila. Oldenbergek berak ere, talka moduko batean deskribatu izan zuen sasoi hura han eta hemen emandako elkarrizketetan. «Bataila batean bageunde bezala jokatzen genuen. Bataila estetikoa zen, baina izan zitekeen benetakoa ere. Munduan eragiteko benetako grina genuen, abstrakzioak eragindako idortearen eta ukazioaren ostean. Gure tonua histerikoa zen, borrokazalea, konbultsiboa, eta horrekin guztiarekin zerbait eraldatzera eta lotsa sortzera iristeko esperantza genuen».

Stockholmen jaio zen, baina oso gazte heldu zen New Yorkera, zeren aitak, diplomazialaria izanik, hara eraman baitzuen familia lehenik, eta Chicagora gero. Arte ikasketak egin eta ibilbidea hasia zuela, 1965ean itzuli zen New Yorkera. Eskultura lanez gainera, happening-ak eta performanceak ere egin zituen. Denda izeneko obra da haren lanik ezagunenetako bat, eta gerora ere, eguneroko objektuen itxura duten hamaika eskulturak osatzen dute haren obra artistikoa. Baseball bateak, binokularrak, arropak biltzeko pintzak, ezpainetakoak...

Aspektu hori ere izan zuen aztergai Onandiak, BERRIArako idatzitako kritikan. «Oldenburgen ustez, objektuek kulturaren transmisioan uste dugun baino esangura gehiago daukate; gizarte kapitalistan, kolektiboaren imajinazio, ideologia, desio eta obsesioak adierazten dituzte».

Euskal Herriko atzera begirakoa

Euskal Herrian Bilboko Guggenheim museoan egon dira ikusgai haren lanak. Museoak ateak ireki berritan izan zen haren obra bat aurrez aurre ikusteko lehen aukera, hain justu, duela mende laurden antolatutako Guggenheim eta mende honetako artea erakusketan. Aretoa ia bete egiten zuen Laban ontzia I izeneko obrak. Alboetatik hainbat arraun ateratzen zitzaizkion suitzar labana erraldoi baten eskultura bat zen lana, baina 2012an atzera begirako zabala ere eskaini zioten artistari. 60ko hamarkadan sortutako 300 artelan bildu zituen museoak ordukoan.

«Hitz gutxiko» agertu zen artista Euskal Herrira egindako bisita hartan, BERRIA egunkariak bildutakoaren arabera, baina isiltasun moduko haren justifikazioa ere bildu zion artistari Irune Berro kazetariak: «Nire hizkuntzak zerikusi handiagoa du objektuekin eta horien begiradarekin eta ukimenarekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.