Zezenketak

Gipuzkoako Plataforma Antitaurinoa sortu dute, zezenketak amaiarazteko

Hainbat elkartek eta eragile politikok osatu dute taldea, «historiaurreko sarraskiari» amaiera emateko. Lehen mobilizazioa Donostian egingo dute, abuztuaren 13an, Aste Nagusiko zezenketak salatzeko.

Ainhoa Jauregi plataformakokidea, aurkezpen ekitaldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
inaut matauko rada
2022ko uztailaren 20a
15:30
Entzun

Donostiako udaletxean aurkeztu dute gaur Gipuzkoako Plataforma Antitaurinoa, herrialdean zezenketak amai daitezen; hainbat elkarte animalista eta naturistatako eta eragile politikotako ordezkariek hartu dute parte aurkezpenean. Ainhoa Jauregi zezenketen aurkako plataformako kideak dio «jendarte moderno batek» ez dituela onartu behar animaliekiko tratu txarrak: «Ez dugu amore emango historiaurreko sarraski edo odoluste hori gure herrietatik desagerrarazi arte. Hori gertatzen ez den bitartean, jarraituko dugu zezenketen kontrako mobilizazioak egiten». Abuztuaren 13an egingo dute lehen mobilizazioa, Donostian, Aste Nagusian zezenketak egingo baitira Illunben. Bulebarretik abiatuko da manifestazioa, 18:00etan.

Gipuzkoako beste udalerri batzuetan ere zezenketak egiten dira oraindik, Zestoan, Deban eta Azpeitian, esaterako, eta gainontzeko ia guztietako jaietan bestelako zezen jarduerak egiten dira. Hori dela eta, korronte ezberdinetako taldeek osatutako plataforma hori sortu dute, eta taldera atxikitzeko tartea zabalik dagoela adierazi dute. Izan ere, Juan Mari Beldarrain Eguzki Elkarte Ekologistako kideak esan du transbertsaltasuna dela zezenketen aurkako mugimendua bereizten duen ezaugarri nagusia: «Zezenketen aurkako sentimendua ezaugarritzen duena da talde politikoei atxikita ez dagoen eta animalien aurkako tratu txarrak arbuiatzen dituen jende asko dagoela. Jende hau gehiengoa izango da abuztuaren 13ko mobilizazioan».

Plataforma osatzen duten talde gehienak ingurumenaren aldekoak, ekologistak eta animalien eskubideen aldekoak direla dio Beldarrainek. Hauek dira plataforma osatu duten elkarte batzuk: Eguzki, Donostia Antitaurina Orain, PACMA, Elkarrekin Ahal Dugu, Donostiako EH Bildu, Lau Katu, Libertad Animal Navarra eta Bihotzetik elkartea.

Zezenketen inguruko galdeketak

Espainiako Gobernuaren EAEko Ordezkaritzak debekatu egin zuen 2016an zezenketei buruzko Donostiako herri galdeketa. Jauregik adierazi du Donostiako Udalak ez duela debeku hori gainditzeko ezer egin horren ostean. Galdeketa hori bultzatzeko sortu zen Donostia Antitaurina Orain elkartea, eta orain plataforma zabalago baten sorreran ere hartu du parte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.