Energia krisia

Londresek beste zentral nuklear bat eraikitzeko baimena eman du

Frantziako EDF eta Txinako CGN konpainiek eraikiko lukete Sizewell C zentrala, egitasmoaren arabera

Sizewell A eta B zentral nuklearrak. Horien ondoan beste bat eraikitzeko baimena eman berri dute. IVOR BRANTON
Edu Lartzanguren.
2022ko uztailaren 20a
16:41
Entzun

Erresuma Batuko Gobernuak gaur adierazi duenez, baimena eman du zentral nuklear bat eraikitzeko Ingalaterrako hego-ekialdeko Suffolk konderrian. Frantziako EDF konpainiak eta Txinako CGN talde publikoak eraikiko du zentrala, eta egitasmoak 23.500 milioi euroko aurrekontua du. Kwasi Kwarteng Energia eta Industria ministroak esan duenez, Sizewell C izena jarriko diote zentral nuklear berriari, eta Sizewell B plantaren ondoan eraikiko dute. Sizewell A zentralak bi erreaktore ditu, baina desmuntatzeko bidean dago. B plantak EPR (europar erreaktore presurizatua) sistemako erreaktore bakarra du, eta Erresuma Batuko zentralik berriena da. Eraiki nahi duten C zentralak bi EPR erreaktore izango ditu, eta 3,2 megawatt argindar sortuko ditu.

Gobernuak hitzeman du 117,5 milioi euro jarriko dituela, eta zentralaren %20ren jabe izango da.

Gutxienez hamar urte dira egitasmoa mahai gainean jarri zutela. Kritika handiak egin dizkiote talde ekologistek. «Denbora eta dirua gastatu beharrean gezurrezko konponbide horretan, Gobernuak ahal duen guztia egin beharko luke energia iturri berriztagarriak energia sistemaren bizkarrezur bihurtzen, merkeagoak, garbiagoak eta seguruagoak direlako», esan du Greenpeacek Erresuma Batuan duen zientzialari buru Dough Parrek.

Izan ere, Frantziako konpainia EPR erreaktore bat eraikitzen hasi zen 2007. urtean, Normandiako Mantxa departamenduko Flamanville herrian. 2012an zen lanean hastekoa, baina data atzeratuz joan dira, eta oraindik ez dute martxan jarri. Bitartean, hura eraikitzeko aurrekontua puztu egin da urteotan: hasieran halako bost da orain. Frantziako Gobernuak atzo iragarri zuen Electricite de Francen (EDF) falta zaizkion akzioen %15,90 erosteko eskaintza bat egingo duela, konpainia erabat publiko bihurtzeko: 12 euro eskainiko ditu akzio bakoitzeko, eta 9.700 milioi euro jarriko ditu guztira. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak esan du erabakiarekin Ukrainaren inbasioaren ostean Errusiarekiko energiarekiko menpekotasuna murriztu nahi duela.

NBE, Ukrainako zentralekin kezkatuta

Ukrainako Zaporizhiako zentral nuklearreko egoera «jasanezina» dela esan zuen atzo Nazio Batuen Erakundeko agentzia nuklearreko (OIEA) buru Rafael Grossik. Martxoan, inbasioaren hasieran, okupatu zuten Errusiako militarrek zentrala, eta oraindik beren menpe daukate. Europako handienetako bat da: sei erreaktore ditu, eta 5.700 magawatt argindar sortzeko ahalmena du.

«Denbora igaro ahala, are jasanezinagoa da egoera», esan du Grossik, «ikuskatu ezinik jarraitzen dugu».

Izan ere, zentraletik helduriko datuetan etenak gertatzen dira tarteka, azaldu duenez. Konponketa eta zaintza lanak egin behar dira zentralean, «baina ez dira egiten ari».

Zentrala ikuskatzera joateko prest zegoela esan zuen Grossik ekainean, baina Ukrainako Gobernuak gogor gaitzetsi zuen asmoa, NBEren bisitak nolabaiteko zilegitasuna emango liokeelako errusiarren okupazioari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.