Alderdiak

Lopez izango da PSOEren bozeramailea Kongresuan

Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak berak baieztatu du izendapena, eta adierazi du «elkarrizketa» izango duela oinarri.

Patxi Lopez Espainiako Kongresuan, iazko apirilean. MIGUEL OSéS / EFE
Hodei Iruretagoiena.
2022ko uztailaren 21a
09:05
Entzun

Patxi Lopez izango da larunbatetik aurrera PSOEren bozeramaile nagusia Espainiako Kongresuan. Hector Gomezen lekua hartuko du Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohi eta PSEko idazkari nagusi ohiak, Lopezek berak sare sozialetan baieztatu duenez. «Ohorea eta erronka erakargarria» izango dela adierazi du Lopezek Twitterren: «Elkarrizketa oinarri, lan egingo dut herri honetako klase ertaina eta langile klasea babesteko akordioak lortzeko».

Hala, Hector Gomezen lekua hartuko du Lopezek. Larunbatean egingo dute ofizial erabakia, PSOEren zuzendaritzaren bileran. Alderdian aldaketak egiten ari dira kargu garrantzitsuetan, eta prozesu horren barruan dator Lopezen izendapena ere. Kongresuko taldearenarekin batera, alderdiaren zuzendaritzaren eta Senatuko taldearen berregituraketa ere izango dituzte mintzagai larunbateko bilkuran.

Lopez lehian ibili zen Pedro Sanchezekin, PSOEko idazkari nagusi izateko. Sanchezek Espainiako Gobernuko presidentetza hartu zuen ondoren, baina Podemosen eta beste talde batzuen beharrean izaten da parlamentuan gehiengoa izateko; besteak beste, EAJren baiezkoari eta EH Bilduren abstentzioari esker lortu zuen presidentetza. Gehiengo estu horrekin, urte erabakigarria izango du datorren urtean, Espainiako Gorteetako hauteskundeak izango baitira maiatzeko udal hauteskundeen ondoren.

Idoia Mendia alderdikide eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak «arrakasta» opatu nahi izan dio Lopezi, eta nabarmendu du beharra dagoela «Espainia eraldatzen jarraitzeko akordioak» lortzeko.

Karguan jarraituko du Cerdanek

Adriana Lastra PSOEko idazkariorde nagusiaren dimisioaren ondotik dator Lopez Espainiako Kongresuko bozeramaile izendatzeko erabakia. Santos Cerdan nafarrarekin gatazka betean zen Lastra. PSOEko Antolakuntza idazkaria da Cerdan, eta, alderdiko zenbait kidek aurkakoa bazioten ere, nafarrak karguan jarraituko duela berretsi du gaur alderdiaren zuzendaritzak.

Horrekin batera, beste izendapen bat ere egin dute: Pilar Alegria Hezkuntza ministroa jarriko dute alderdiaren bozeramaile. Felipe Siciliaren lekua hartuko du Alegriak. Lastraren konfiantzazko kidea zen Sicilia, eta, hark dimititu ondoren, Alegria jarriko dute alderdiaren bozeramaile.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.