Fenomeno meteorologikoa

Pertseidak ikusteko aukera izango da aurtengo udan ere

Pertseidak ikusteko ordurik onena egunsentiaren aurreko orduetan izaten da, baina iluntzean ere ikus daitezke, gaueko hamarretatik aurrera. Aurten ez da baldintza atmosferikorik hoberena izango behaketarako.

Aurreko urteko Pertseiden eta Esne Bidea galaxiaren irudia. PEDRO PUENTE HOYOS / EFE
Lide Egizala Urteaga.
2022ko uztailaren 21a
13:03
Entzun

Pertseidak zeruan ikus daitezkeen fenomeno berezi eta ederrenetakoak dira. Euskal Herriko zenbait txokotan izar uxo edo Done Laurendiren malkoak ere deitzen zaie, eta ohitura da horiek pasatzean desio bat eskatzea. Kutsu mistikoa alde batera utzita, zientifikoki, kometek utzitako hauts partikulak dira pertseidak. Uztailaren 17 eta abuztuaren 24 bitartean pasatu ohi dira zerutik, eta aurten ere horiek ikusteko aukera izango da. Espainiako Institutu Geografiko Nazionalak (IGN) jakinarazi duenez, abuztuaren 12 inguruan ikusi ahal izango dira hobekien.

Jatorria

Pertseida izena Perseus konstelaziotik dator, haren parean ikusten baitira, Kasiopearen alboan. Pertseidak ozar izarrak dira, hau da, kometen isatsek utzitako partikulak Lurraren atmosfera ukitzean sortzen diren fenomenoak. Urtero, abuztuaren hasieran, Lur planetak 109P/Swift-Tuttle kometaren orbita zeharkatzen du, eta kometa horrek hauts partikulak sortzen ditu.

109P/Swift-Tuttle kometak askatutako partikula horietako bat Lurreko atmosferan abiadura handian sartzen denean, marruskadurak berotu egiten du, altuera handian lurrundu arte. Hori horrela, Espainiako Institutu Geografiko Nazionalaren esanetan, meteoro euriak «jatorrizko zentro bakarra duela dirudi, izar iheskor guztiak sortzen direla dirudien puntu bat. Puntu horri erradiatzaile deitzen zaio, eta haren kokapena izar euria izendatzeko erabiltzen da. Beraz, pertseidek Pertseo konstelazioan dute erradiatzailea».

Nola ikusi

Pertseidak urtero ikusi ahal dira Ipar hemisferioan, batez ere abuztuaren 8tik 14ra bitartean. Lurrak 109P/Swift-Tuttle kometaren lorratza zeharkatzen duenean ikusten dira. Segundoko 50 kilometrotik gorako abiadura har dezakete; hortaz, jarduera tasa 200 meteoro ordukoa izan daiteke. Atmosferara sartzean, aztarna luze, distiratsu eta iraunkorrak uzten dituzte zeruan.

Pertseidak ikusteko, baldintza atmosferiko egokiak izatea beharrezkoa da. Hori horrela, uda izaten da horiek hobekien ikusteko garaia. Hala ere, aurtengoa urte txarra izango da behaketarako. IGNk jakinarazi duenez, «pertseiden maximoa ilargi betearekin batera gertatuko da, eta horrek zaildu egingo du behaketa». Ipar hemisferioko Pertseidak ikusteko ordurik onena egunsentiaren aurreko orduetan izaten da, baina iluntzean ere ikus daitezke, gaueko hamarretatik aurrera.

Bitxikeriak

109P/Swift-Tuttle kometa 1992ko abenduaren 11n igaro zen azken aldiz Lurrera, eta urte hartan, orduko 400 meteoro ikusi ahal izan ziren zeruan. Aro Garaikideko lehen ozar izar esanguratsuak 1833ko azaroko Leonidak izan ziren. Hasieran egin zen hurbilketan, ozar izar horrek orduko ehun mila izar iheskor inguru agerrarazi zituela bildu zen. Hala ere, ozar izarra gutxituz zihoala beste hurbilketa bat egin zuten, eta bertan berrehun mila izar iheskorretik gora ekoitzi zituela jakin zuten. Bederatzi ordu iraun zuen gertaerak denera. Izar iheskor horiek Mendi Harritsuetatik ekialdera dagoen Ipar Ameriketako eskualdean ikusi ahal izan ziren batez ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.