Alpinismoa

Sanu Sherpa, hamalau zortzimilakoak birritan igo dituen lehen alpinista

Gasherbrum II tontorrera (8.035 metro) iritsi da nepaldarra ostegun goizean. Duela hamasei urte igo zuen lehen zortzimilakoa.

Sanu Sherpa, Gasherbrum II gailurrean. @EVERESTCHRON
Hodei Iruretagoiena.
2022ko uztailaren 21a
14:41
Entzun

Behin ez, bitan igo da Sanu Sherpa (Makalu, Nepal, 1975) 8.000 metrotik gorako munduko hamalau gailurretara. Pakistanen 08:00ak paseak —05:00ak Euskal Herrian— zirela igo du azkena: Gasherbrum II (8.035 metro). Munduko lehen alpinista da halako balentria egiten. Gaurkoa aurtengo bosgarren gailurra zuen Sherpak: aurretik Kanchenjungara, Makalura eta Lhotsera igo da Nepalen, eta Nanga Parbatera Pakistanen.

Duela hamasei urte iritsi zen lehenengoz zortzimilako batera, 2006ko udaberrian. Espedizio korear batean laguntzaile aritu zen orduan, Cho Oyun, eta urte hartan bertan igo zuen Shishapangma ere. Geroztik, espedizio askotan hartu du parte, Seven Summit Treks agentziako langile moduan. Orain, Pioneer Adventure taldearekin munduko hamalau zortzimilakoak birritan igotzea lortu arte. Gainera, zazpi aldiz igo da Everestera, munduko gailurrik garaienera.

Juanito Oiarzabal mendizale gasteiztarra ere saiatu zen hamalau zortzimilakok birritan igotzen. 2009tik aurrera hasi zen helburu horren bila, baina 2012an osasun arazoak izan zituen Shisha Pangmara igotzen ari zela, eta, saiatu arren, ez zen gailurrera iritsi haren ondoren. Lau tontor geratu zitzaizkion bigarren aldiz igotzeko: Broad Peak, Nanga Parbat, Dhaulagiri eta Shisha Pangma.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.