Aranzadi zientzia elkartea

Saseta defentsa sistemako beste lubaki bat aurkitu dute, Arripilletako muinoan

Aranzadi zientzia elkarteak aurkitu du 1936ko gerrako lubaki hori; tankeak oztopatzeko izan zitekeen zulo bat ere topatu dute.

Aranzadi elkarteak Arrapilleta muinoan aurkitutako lubakia. JON URBE / FOKU
inaut matauko rada
2022ko uztailaren 21a
15:00
Entzun

Arrapilletako muinoan (Zizurkil, Gipuzkoa) 10 metroko lubaki estu eta baxu bat aurkitu du Aranzadi zientzia elkarteak, Eskaltzu muinotik 500 metro eskasera. Kandido Saseta kapitainak kolpisten aurreratzea oztopatzeko Andatza mendilerroan osatu zuen defentsa sistemako lubakietako bat da aurkitutakoa. Manex Arrastoa historialariak eta proiektuaren zuzendariak adierazi du lubaki horretan ez dutela material beliko asko aurkitu, baina aurkikuntzak esangura handia duela. Aurkitu duten guda materiala hemen egina zela ere nabarmendu du; izan ere, inguruko beste lubaki batzuetan Txekiako eta beste herrialde batzuetako munizioa topatu zuten.

10 metroko lubakiaz gain, muinoaren magalean beste zulo bat topatu dute, zabalagoa eta sakonagoa, baina ez dute guda materialik topatu. Hori dela eta, elkarteko zientzialarien hipotesia da zulo hori tankeen aurkako oztopo bat izan zela. 1954. urteko hegazkinez egindako argazkietan ikusi zuten zuloaren arrastoa, eta, bilaketa egin ostean, topatu egin dute. Julien Blanco arkeologoaren arabera, zuloaren kokalekuak iradoki zien tankeen aurkako defentsa sistema izan zitekeela; izan ere, zuloa ez dago muinoaren puntan, magalean baizik, eta tiro egiteko leku okerragoa denez, helburu horretarako zuloa dela da hipotesi nagusia.

1936ko abuztuan iritsi ziren tropa kolpistak Gipuzkoa erdialdera, eta hilabete hartako 11tik 15era Tolosa, Irura, Villabona, Zizurkil, Aduna eta Sorabilla hartu zituzten. Abuztuaren 5ean hasi zen Kandido Saseta Andatza mendilerroan defentsa antolatzen. Herriak faxistek hartu zituztenez, defentsa mendira igotzea erabaki zuen Sasetak, Andatza mendilerroan. Helburua tropa kolpisten aurreratzea oztopatzea zen, Azpeitiko Komandantziak Gipuzkoako beste puntuetako erresistentzia eta estrategia berrantolatzeko. Hilabete inguruz faxistei aurre egin zieten Andatzan, horiek kostaldera iristea atzeratuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.