Euskal presoak

Esnal eta Parot askatzearen kontra egin du fiskaltzak

Gaur aztertu dituzte bi euskal presoen baldintzapeko askatasun eskaerak Parisen. Bakegileek larunbateko blokeoan parte hartzera deitu dute.

Esnal eta Paroten askatasuna eskatzeo mobilizazioa, Baionan, joan den ekainean. BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko uztailaren 21a
15:21
Entzun

Terrorismoaren kontrako Frantziako fiskaltzak, beste behin, Jakes Esnal eta Ion Parot preso atxikitzeko eskatu du, Bake Bideak ohar batean jakinarazi duenez. Gaur aztertu dituzte Parisko Dei Auzitegian bi euskal presoen baldintzapeko askatasun eskaerak, enegarrenez. Irailaren 22an emanen dute erabakiaren berri.

Esnalen kasuan, Frantziako Kasazio Auzitegiak martxoan eman zuen erabakiaren kontra egin du fiskaltzak. Baldintzapeko askatasuna eskatzeko prozeduran, bi erakunderen iritzia eskatzen du auzitegiak: «terrorismoagatik» zigortutakoen eskaerak CPMS Segurtasun Neurrien Diziplina Anitzeko Batzordeak aztertzen ditu, eta kondena luzekoenak, berriz, CNE Frantziako Ebaluazio Zentroak. Batean zein bestean, azterketa bat baino gehiago egiten diote presoari, haren egoera definitzeko eta berriz delituren bat egiteko arriskurik dagoen neurtzeko, besteak beste. Esnalen kasuan, CPMSri eskatu zioten iritzia, baina fiskaltzak kontsideratu zuen CNEren iritzia ere behar zela, eta Parisko Dei Auzitegiak arrazoi eman zion. Frantziako Kasazio Auzitegiak erabaki hori bertan behera utzi zuen martxoan. Fiskaltzaren hitzetan, «gaizki epaitu zuten», eta CNEren iritzia ezinbestekoa zaiola berretsi du, Maritxu Paulus Basurko abokatuak kontatu duenez.

Horrez gain, CPMSk beste iritzi bat eman du, aldi honetan Esnal askatzearen kontrakoa. Haserre mintzatu da Paulus Basurko: «Duela bi urte, aldeko iritzia eman zuten, erranez kartzelan atxikitzeak ez zuela ezer lagunduko, eta momentua zela aldatzeko. Auzitegi berak, presidente berarekin, kontrako iritzia ematen du orain», gaitzetsi du. «Ulertezina» dela erran du. «Gezurrez betea da: erraten dute ETAren armen erdiak ez dituztela itzuli. Hori berak asmatu du».

Bakegileek mobilizazio egun handia iragarria dute larunbat honetarako, gatazka konpontzeko prozesuan Frantziako Gobernuarekin duten blokeo egoera gainditzeko. Ipar Euskal Herri osoko errepide sarea blokeatzeko asmoa dute, Paris mugiarazteko.

(Laster informazio gehiago)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.