Langabezia

Lan merkatua hazi egin da urteko bigarren hiruhilekoan ere

Beste 9.000 lanpostu sortu dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Azken hamarkadan inoiz ez da hainbeste pertsona egon lanean, eta langabezia tasa %8,5ean kokatu da. Zuhurtziaz mintzo da Eusko Jaurlaritza

Gazte bat Donostiako taberna batean lanean. IñIGO URIZ / FOKU
jokin sagarzazu
2022ko uztailaren 22a
11:26
Entzun

Lan merkatua irmo eusten ari zaio inflazio handiari. Urteko bigarren hiruhilekoan berriz ere egin du gora landunen kopuruak eta behera langabezia tasak. Azken hamarkadako emaitza onenak jaso dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Alabaina, urteko bigarren zatiari begira atzeraldi posible bati buruzko ahotsak ugaritzen ari dira, eta orain arteko enplegu sorreraren erritmoa mantsotu daitekeen ustea zabaltzen.

Ekain amaieran, langabezia tasa % 8,5ean kokatu da hiru lurraldeetan; hau da, martxoan baino 6.000 langabe gutxiago daude, 89.200 guztira. Langabezia jaistearekin batera, lanpostu berriak sortu ere egin dira: beste 9.300. Urtebetean 18.800.

Eustatek ostiral honetan kaleratutako inkestaren emaitzak bat datoz erakunde horrek asteartean barrne produktu gordinari (BPG) buruz emandakoekin. Horiek erakusten dute urteko bigarren hiruhilekoan, euskal ekonomiak hazkundeari eutsi diola —zazpigarren hiruhilekoz jarraian—, beste 0,9 puntu igota, baina mantsoagoa izan dela lehenengo hiruhilekoan baino. Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, litekeena da joera hori indartzea, eta horrek lan merkatuan ere eragina izatea: urte amaierarako %9,5 inguruko langabezia tasa espero du.

Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu duenez, gaur egungo datuek erakusten dute ekonomia «oso indartsu» hazten ari dela. «Industria produkzioa handitzen ari da, esportazioak hazten ari dira, enplegua sortzen jarraitzen dugu, eta turismoari dagokionez udarik onena izango da aspalditik». Nolanahi ere, inflazio handiagatik eta Ukrainako gerraren ondorioengatik datozen hilabeteetan gorabehera handiak gerta daitezkeela ohartarazi du. «Hauek dira une honetako datuak, baina urtea amaitu arteko egoera gogorra izan daiteke; inork ez daki hortik aurrera zer gertatuko den».

Atzeraldi bat iragartzeko goizegi bada ere, BPGarekin gertatu bezala, langabeziarekin ere ikus daiteke bigarren hiruhilekoan apur bat txikiagoa izan dela jaitsiera, mantsotze bat gertatu dela, oso txikia, halere: urtarriletik martxora 0,8 puntu jaitsi zen langabezia, eta martxotik ekainera, 0,6.

Alfonso Gurpegi Lan eta Enplegu sailburuordea baikor azaldu da. Haren arabera, langabeziaren datuek berresten dute «lurzoru sendo bat» dagoela. Gogoratu du «energia krisi, gerra eta inflazio testuinguru batean» gertatu dela jaitsiera, eta uste du hori «konfiantzazko motorra» izan behar dela aurrera begira sor daitezkeen arazoei aurre egiteko. Gobernuen laguntzak eta araudi aldaketak horretan lagungarri izango direlakoan dago.

Gazteenak okerren

Datuak xehatuta joera batzuk antzeman daitezke. Sektoreen arabera, adibidez, bigarren hiruhilekoan lanpostu gehienak zerbitzuetan sortu dira, 14.300 (+%2,1), eta 600 eraikuntzan (+%1,1). Aldiz, enplegua galdu egin da lehen sektorean: 2.000 (-%21,3). Eta Industrian: 3.800 (-%1,9).

Adin tarteetan, berriz, gazteenen artean (16-24 urte) handitu da bakarrik langabeen kopurua: 2.000 gehiago dira. 12.100 guztira, eta %20,7 da tasa, batezbestekoaren oso gainetik. Eustatek zehaztutako beste bi tarteetan, berriz, jaitsi egin da langabezia: 24-44 urte artekoetan gehien: 5.700 gutxiago (%8,2ko tasa). 45 urtetik gorakoetan, 2.400 lagunek aurkitu dute lana, eta %7,4 da tasa,

Lurraldeka, Gipuzkoan soilik hazi da langabezia, 100 pertsona gehiago. Hala ere, hiru lurraldeetan hark du tasarik txikiena: %7. Bizkaian, berriz, 3.800 langabe gutxiago daude, eta tasa %9,3 da. Araban, 2.300 pertsonak aurkitu dute lana, eta %9ko tasa dago han.

Sexuen arabera, andreen artean murriztu da gehien langabezia. Urteko lehen hiruhilekotik bigarrenera 4.300 gutxiago (tasa %8,8 da), eta 44.400 dira guztira. Gizonetan, 1.700 langabe gutxiago daude: 44.800 guztira (%8,2).

Bigarren hiruhilekoan, pertsona aktibo guztiak langabezian zituzten etxeak 30.400 ziren, aurreko hiruhilekoan baino 1.800 gutxiago. 902.200 etxetan bizi diren hiru pertsonatik batek ez zuen lanik, aurreko hiruhilekoan bezala. Eta hamar etxetik ia seitan pertsona aktibo guztiak okupatuta zeuden, 3.900 familia gehiago.

Inkestak datu esanguratsu bat ematen du: hiru langabetik batek ez du konfiantzarik Lanbiden, ez dago erregistratuta Jaurlaritzaren enplegu zerbitzuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.