Etxebizitzarako eskubidea

Nahikoa etxe ez alokagai

Etxeak alokatzeko eskaria badago, baina eskaera asetzeko adinako eskaintzarik ez merkatuan. Gazteak bizi dira gehienbat alokairuan, baina bestelakoek ere jasaten dituzte eskasiaren ondorioak.

Maria Ortega Zubiate
2022ko uztailaren 22a
13:09
Entzun

“Alokairuan eskaintzen diren pisuak baino gehiago dira pisu bila dabiltzan herritarrak”. Liher Bravorenak dira hitz horiek, Donostiako Areizaga etxe agentziako alokairuen arduradunarenak. Azken urteetan asko aipatzen den kontua da, ez soilik Gipuzkoako hiriburuan, herrialde osoan ere bai. Eskaintza urriaren ondorioz, besteak beste, gazteek diote ez dutela emantzipatzeko aukerarik; alabaina, ez da gazteei bakarrik eragiten dien arazo bat.

Gipuzkoako herrietako paisaiaren parte bihurtu ziren duela urte batzuk etxeen alokairua iragartzen zuten afixak; letra larriz azaltzen zuten kartel hori zeukan etxebizitza “alokagai” zegoela, telefono zenbaki batek lagunduta. Horrelakoak, ordea, gutxitu egin dira, ia desagertzeraino. Horixe baieztatu du Bravok ere: “Iaz, hogei pisu inguru nituen alokatzeko; orain, zortzi, eta gu gara alokairu gehientsuen dugunak”.

Eskaintza urriak, gainera, dauden etxe apurren prezioak gora egitea ekarri du. “Oso gazte gutxi bizi dira bakarrik Donostian; ezin diote aurre egin alokairuaren prezioari. Lagunekin edo bikotearekin partekatzen ez badute etxea, ezinezkoa da”.

Bravok dioena berretsi dute Gipuzkoako hainbat etxe agentziaren webguneek eta etxebizitzaren arloan espezializatutako atari digitalek. Oso bakanak dira alokairuko etxeen iragarkiak: bi etxe Beasainen, bakar bat Tolosan, hiru Bergaran, dozena bat Irunen…Hilean 700 eurotik gora ia guztiak. Hain zuzen ere, Idealista atariak egin duen ikerketa baten arabera, iazko ekainetik aurtengora %4,3 igo da metro koadroaren prezioa Gipuzkoan; aurtengo maiatzetik ekainera, berriz, %2,1. Batez beste, 14,2 euro balio du alokairuko metro koadroak Gipuzkoan.

Egonkortasun bila jabeak

Alokairuko eskaintza faltaren arrazoiei buruz galdetuta, Bravoren ustez, etxejabeek egonkortasuna nahi izatea izan daiteke horietako bat. Gorabeherarik nahi ez izateak eragiten du alokatzea baino saltzea nahiago izatea, eta, alokatuz gero ere, egonkortasuna nahi duen norbaiti utzi nahi izatea. “Etxeen jabeek nahiago dute bikoteei alokatu; ez die axola gazteak badira. Haien soslaiari kasu handiagoa egiten diote adinari baino, baina, pisua lagun artean partekatzeko bada, asko begiratzen diote adinari”. Izan ere, Bravoren hitzetan, pisua partekatzen duten gazteen artean sartu-irtenak maizago gertatzen dira, eta, horregatik, jabeek nahiago izaten dute bestelako egoera batzuetan daudenei alokatzea.

Azaldu du etxe agentziek beraiek ez dutela negozio handirik egiten alokairuaren bidez. “Guretzat alokairua etxe jabeei zerbitzu bat emateko eskaintza bat da, errendimendua salmentetatik ateratzen baitugu”.

Eskaera faltarik ez

Donostiako Areizaga agentziako langilearen hitzetan, alokairuko etxeen eskaintza urria izateak ez du esan nahi eskaria halakoa denik. Hark bulegoan gazte ugari izaten ditu alokairuaren bila. Gazte horietako bat izan zitekeen Ainhoa Olaizola, pisu bila Donostian ariko balitz. Bere kasuan, ordea, Azpeitian ari da etxe bila, jaioterrian; urtebete inguru darama bila. Gaztea da, eta emantzipatu nahi du, horretara ohitu baita Gasteizen ikasten aritu den urteetan. Alokairuan nahi du etxea hartu; ez du erosterik pentsatu. “Nire lehenengo aukera etxe bat alokatzea da, noski, ez nintzatekeelako gai izango, diru aldetik, etxe bat erosteko”, dio Olaizolak.

Baina ez da diru kontua soilik; izan ere, etxe bat erosteak ekarriko lizkiokeen loturez ere jabetzen da. “Oraindik ez dakit non nahi dudan erosi edo non bukatuko dudan; beraz, erostea ez da aukera bat niretzat momentu honetan”. Alokatzeko hautua eginda, lagun batekin batera joatea erabaki zuen, bakarrik baino nahiago duelako, eta xerka hasi ziren biak, baina oraindik ez dute ezer aurkitu. “Etxe agentzietan izena eman genuen, eta orain berriz ere eman dugu izena. Baina, oraingoz, ez da ezer agertu”.

Bravok azaldutakoak ikusi ditu Olaizolak ere, eta laguntza bila jo duten agentzietan apenas aurkitu duten alokairurako etxebizitzarik. “Etxe gutxi daude agentzietan, eta gehienak salgai daude, ez alokagai”. Gainera, eskaintza urria izanik, prezioa igotzen ari dela nabaritu du. Bere inguruan ere jende ugari pisu bila dabilela ikusi du Olaizolak.

Hain zuzen, arazo horretaz jabetuta, Azpeitiko Udalak ere esku hartu nahi izan du. Etxebizitza bulego bat jarriko du, herriko problematikari aurre egin nahian. “Ikusten genuen alokairuko etxeak aurkitzea ez dela erraza, baina, era berean, etxebizitza huts asko daudela”, azaldu du Nagore Alkorta alkateak. Hori horrela, etxe hutsetan jarri dute arreta, herrian dagoen arazoa konpontzen lagundu dezaketelakoan. “Etxebizitzen jabeek batzuetan beldurra izaten dute merkaturatzeko, baina iruditzen zaigu bulegoaren bultzadaz bidea behintzat eskaintzen zaiela”, dio alkateak.

Azpeitiko Udalaren proposamena diagnostiko batetik etorri da. Lehendik ere bazeuden alokairurako diru laguntzak udalaren partetik, baina arazoa beste nonbait dagoela konturatu ziren: eskaintzan, alegia. “Etxebizitza jabeei gutunak bidaltzen hasiko gara, esanez gure asmoa dela etxebizitza horiek merkaturatzea, eta badaukatela bitartekari bat hori egiteko. Eta, gainera, nola alokairuko laguntzak ditugun, bi alderdietatik konektatzea izango da gure helburua”, esan du Alkorta alkateak.

Oraingoz, prestatze lanetan ari dira Azpeitian: etxebizitzen jabeekin harremanetan jarri gabe daude, eta alokairuan izena emateko epea oraindik zabalik dago. Alkateak harrera ona izatea espero du, eta herritarrek parte hartzea. Izan ere, haren ustez, garrantzi handia du mota horretako proiektu bat Azpeitiaren tamainako herri batean izateak. “Nik uste dut herri mailan horrelako programa bat izatea beharrezkoa dela, batik bat gazteentzako, baina baita etxebizitzen jabeentzako ere, eskubide batzuk dituzten bezala ardurak ere badituztelako, eta guk bitarteko batzuk ematen dizkiegu etxebizitza hori merkaturatzeko. Haientzako ere bide bat izango da hau guztia segurtasunarekin egiteko”.

Alokatu beharra, edonork

Hain justu, gazteei begirakoak dira alokairuari lotutako politika gehienak, datuek erakusten baitute 18 eta 35 urte bitartekoak direla erabiltzaile gehienak. Baina edonork izan dezake etxe bat alokatzeko beharra: lan kontuengatik beste herri batera joan behar izateagatik, etxe bat erosi duelako baina giltzak jaso arte hilabete batzuk pasatuko direlako, obra bat egin behar duelako bere etxean… Banandu ostean ere askok izaten dute etxe premia. Eskaintza murritzari, gainera, beste oztopo bat gehitu ohi zaio: denbora gutxi etxea bilatzeko. “Bananduen kasuan, normalean, denbora murritzagoa da pisua lortzeko, banaketa paperak sinatzen direnean etxetik joan behar baituzu”, esan du Juan Pousibetek, AGIPASE Familia Krisietan Laguntza Integrala eskaintzeko Gipuzkoako Elkarteko lehendakariak.

Denbora premiari gehitzen zaio, Pousibeten esanetan, gastuen ugaritzea. Ez alokairuak garestiagoak direlako guraso bananduentzat, baizik eta aurretik gastu gehiago dituztelako: “Izan ere, bananduen kasuan, normalean, alokairuaz gain beste etxeko hipoteka ere ordaintzen jarraitzen duzu”.

AGIPASEk, zailtasun horiei aurre egiteko, beraiengana jotzen duten gurasoei zerbitzu bat eskaintzen die: pisu bat dute Errenterian, “leku seguru bat gurasoentzat seme-alabekin egoteko”. Udalarekin daukate hitzartuta etxe horren prezioa, eta “oso eskuragarri” eskaintzen die guraso bananduei, bizpahiru urtean egonkortasuna aurkitu ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.