Euskal presoak

Bakegileen mobilizazioa debekatu du prefeturak

Bakegileek erran dute ekintza atxikitzen dutela. Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak ohartarazi du biharko mobilizazioan parte hartuko dutenak zigortuko dituztela. Lortu den oihartzunarekin, mobilizazioaren helburua dagoeneko «kausitua» dela erantzun dio Anaiz Funosasek.

Biharko mobilizazioaren aurkezpena. GUILLAUME FAUVEAU
Edu Lartzanguren.
2022ko uztailaren 22a
14:15
Entzun

Giroa berotzen ari da azken orduetan, bihar Iparraldean egingo duten Blokeatze Egunaren harira. Ion Parot eta Jakes Esnal presoen egoera dela eta, Bakegileek mobilizazio egun handia iragarria dute biharko, gatazka konpontzeko prozesuan Frantziako Gobernuarekin duten blokeo egoera gainditzeko. Ipar Euskal Herri osoko errepide sarea blokeatzeko asmoa dute, Paris mugiarazteko.

Azkainen (Lapurdi) izan zen atzo Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefeta, eta ohartarazi du bideak blokeatuko dituztenak zigortuko dituztela. «Manifestatzeko eskubideari bai, baina blokeatzeko eskubideari ez; arau hauste penala da». Esan zuen dena bideoan hartuko dutela, eta protestan parte hartzen dutenen matrikulak eta nortasunak jaso eta Baionako prokuradoreari bidaliko dizkiotela. Horrek, «zalantzarik gabe, zorroztasun handia erakutsiko du, zirkulazio askerako askatasunaren izenean».

Gaur, urrunago joan da prefeta, eta agiri batean jakinarazi du biharko manifestazioa debekatzea erabaki duela. Are, Ipar Euskal Herrian manifestazio oro debekatua izanen dela erran du. «Segurtasun dispositibo handia» iragarri du hori errespetarazteko. Zalantzati agertu gabe, irmo erantzun dute Bakegileek, arratsean eginiko agerraldi batean: «Masiboki parte hartzera deitzen dugu», egin dute dei.

Halaber, Bakegileek azaldu dute azken asteotan emandako pausoei esker bermea dutela biharko iragarritako egitasmoa «segurtasun osoaz» egin dadin. Eginiko «saretzea» eta «harremanak» nabarmendu dituzte. «Herriko etxeetatik abiatuta, horiekin hitz eginda, zabaltze lan ikaragarria egin da Iparralde osoan. Hiri elkargoa ere ibili da bere mailan, blokeo horren laguntzeko. Turismo bulegoetatik egin den lan ikaragarriari ere egin nahi diogu aipamen berezia», zehaztu dute, besteak beste.

Gainera, Bakegileek ohartarazi dute ez dietela erantzunen «indar polizialek egin ditzaketen probokazioei».

Mehatxuak salatu dituzte

Lehendik ere, prefetak esandakoei buruz mintzatu da goizean Bakebideko lehendakari Anaiz Funosas, Euskal Irratietan. «Eric Spitzen hitzak Estatuaren posizioaren ahotsa dira. Frantses gobernuak ez duenez eskaintza politikorik gogoetatzen Euskal Herrirako, ez dugu elkar ulertuko». Nabaria da ez dituztela egoera eta arazoa onartu nahi, Funosasen arabera. «Ikuspegi errepresibo batetik» aritzea egotzi dio. «Spitzek ez du ezer ulertu azken urteetan eginiko salaketari buruz».

Bakegileek ez dute atzera egiteko asmorik. Gaur sare sozialetan zabalduriko mezuetan adierazi dute «sorpresarik gabe eta aitzin ikus zitekeen bezala» Prefetak Bakegileen aurkako «mehatxuak» adierazi dituela. «Horrek ez du inolaz ere mugitzen Estatua eta haren buruzagia interpelatzea helburu duen ekintza ez bortitz hori burura eramateko dugun erabakitasuna».

Mehatxua «haren iniziatiba eza, haren isiltasuna, preso horien egoera politikoaren kudeaketa eza» dela gaineratu dute. «Bihar denak blokeora!»

Funosasek Spitzi gogorarazi dio orain arte ez direla ekintza sinbolikoetan geratu: «Beti hitza bete dugu, errandakoa egin dugu; armagabetzea zer zen, ez bazen desobedientzia ekintza bat? Hau berdina da, eta ez dugu atzera botako».

Adierazi duenez, Ion Parot eta Jakes Esnal presoen inguruan eramaten ari diren batailak sortzen du kezka Iparraldeko hautetsien artean. Udaletako agintariek garraio publikoa gelditzeko hartu dituzten neurriak nabarmendu ditu, esateko. «Inoiz ez da hainbeste hitz egin bake prozesuaz».

Spitzek ohartarazi zuen gutxienez 250 polizia eta jendarme jarriko dituztela ekintzaileei aurre egiten. Miarritzeko ordainlekua ordubetez blokeatuz gero, horrek bost orduko ilarak eragingo dituela esan du, garaiotan handik orduero 1.500 ibilgailu pasatzen direlako. «Laster kaos bihurtuko da».

Azaldu duenez, ez dute blokeatzea egingo herritarrak eta bisitariak «izorratzeko», baizik eta «une estrategiko bat erabiltzeko adierazteko hemen badela arazo larri bat eta hori konpondu behar dela, eta ez dela konpontzen, ez digutelako entzuten, eta mespretxatzen dutelako azken urteotan egin dugun lana». Gaineratu du lortu den oihartzunarekin mobilizazioaren helburua dagoeneko «kausitua» dela.

Azaldu duenez, blokeatze puntuetan jarriko dute jendea herritarrekin artekari lana egiteko eta jendea lasaitzeko. Ohartarazi du «beste batzuk» arituko direla kaosari kaosa gehitzen, eta Polizia aipatu eta Spitzen hitzak gogorarazi ditu.

Terrorismoaren kontrako Frantziako fiskaltzak Jakes Esnal eta Ion Parot preso atxikitzeko eskatu zuen atzo. Atzo aztertu zituzten Parisko Dei Auzitegian bi euskal presoen baldintzapeko askatasun eskaerak, enegarrenez. Irailaren 22an emanen dituzte erabakiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.